Handira jokatzeko garaia da!
Handira jokatzeko garaia da! –
- Euskalgintzak berriz ere plazak betetzeari ekin diola azpimarratu du Kontseiluak
- Arloz arlo hizkuntza-politiketako lehentasunak eta hartu beharreko neurriak zehaztu dituzte askotariko eragileekin batera
- Hezkuntza, administrazioa eta eremu sozioekonomikoa lehentasunezko jardun-eremu izango ditu Kontseiluak
- Adostasun sozialetik politikorako lehen jauzia egiten hasiko da udazkenean
- urteko irakurketa.pdf
Askotariko eragileak bildu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak gaur Bilbon Urteko irakurketa izeneko ekitaldian, 2021ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2022ko erronkak aurkezteko.
Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde eta Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendariaz gain, hiru Foru Aldundietako ordezkariak, UEMA, EUDEL eta Udalbiltzako ordezkariak. Halaber, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak bertaratu dira, bai eta Arartekorik edota Etxepare Institututik ere. EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak ere izan dira. Halaber, Kontseilua osatzen duten euskalgintzako gizarte erakunde ia guztiak presente egon dira ekitaldian, baita Batuz Aldatu dinamikaren baitan dauden ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak edota bestelako eragileetako ordezkariak.
Urtearen balantzea
Lehenik eta behin, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak urteak hizkuntza-politikaren esparruan eman duena azaldu du: «kontuan hartu behar dugu gure hizkuntza-komunitatea hiru administraziotan dagoela banatuta eta hizkuntza-politika hiru zutabek ardazten dutela: araugintza, plangintza eta baliabideak. Hartara, Kontseiluaren irakurketa ere horren arabera izan da».
Horrekin batera, Kontseiluak hiru gai azpimarratu izan ditu 2021eko gertakariei dagokienez: administrazioko langileen hizkuntza-gaitasuna jomugan egon izana, hezkuntzan zabaldutako aukerak eta ikus-entzunezkoen eremuan egindako lanketak. «Argi geratu da egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren normalizazio-prozesuan hezkuntza zutabea dela. Horren karira, EAEn Kontseiluak handira jokatzeko eskatu du alor horretako gehiengoarekin batera, Ipar Euskal Herrian txalotzeko modukoa da Seaskak eta eskola publikoek egindako lana, eta Nafarroan ohartzen ari gara oztopoak sistematikoki jartzen zaizkiola euskarazko irakaskuntzari» adierazi du Bilbaok.
Bestalde, botere judizialaren oldarraldiak ere hizpide izan dira urteko irakurketan: «Kontseiluak berretsi nahi izan du botere judizialak epaien bidez ezarri nahi duela hizkuntza-politika berria Estatuan; are gehiago, botere judiziala hizkuntza-politika nahierara arautzen hasia dela jurisprudentzia baliatuz» esan du. Gainera, adibide gisa jarri du berriki Gasteizko epaileak hizkuntza-eskakizuna kentzeko euskararen zailtasuna aitzakia gisa erabili izana. «Horren aurrean modu bateratuan eta batasunean jardun beharra» aldarrikatu du galderen tartean ELKAR taldeko ordezkari eta Kontseiluko lehendakari den Joanmari Larrartek.
Horekin batera, Bilbaok azpimarratu nahi izan du Euskalgintzak ekin diola berriz ere plazak betetzeari: «Hizkuntzaren normalizazio-prozesuan herri gogo indartsua behar da, eta 2021ean herri gogor hori hainbat modutara atera da plazara, bai eskubideak aldarrikatzeko edo bidegabekeriak salatzeko, bai eta euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko». Puntu horretan, Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek ere balioan jarri du herrigintzaren lana eta eskuartean ditugun erronka garrantzitsuak.
Urteko irakurketari amaiera emateko, Paul Bilbaok gogoan izan du iaz agindutakoa bete duela Kontseiluak, eta ekainean lortu egin zuela hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala irudikatzea Batuz Aldatu lelopean. «Etorkizuneko hizkuntza-politiken helburua zehaztu genuen, erabilera erosorako espazioak bermatzea, bai eta helburu horretara iristeko politiken norabidetzea ere: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosorako espazioak sortzea. Are gehiago, askotariko eragileak ekartzea lortu genuen adostasun horren bueltan. Euskalgintzako eragileez gain, Euskal Herri osoko eragile sindikalak, elkargo profesionalak (abokatuak, sendagileak, ekonomialariak, erizainak, pediatrak…), unibertsitate-eremua, gazte-erakundeak, mugimendu feminista, LGTBI mugimendua, eremu kooperatiboa, kirola, aisialdia, enpresak…» azaldu du Bilbaok. «Gauza handia egin genuen, bai».
Arloz arloko lehentasunak eta urgentziaz jarduteko eremuak
Ondoren, Kontseiluko eledunak 2022rako aurreikusitako erronken berri eman du. Horrela, lehenik eta behin Batuz Aldatu dinamikara eragile gehiago atxikitzeko lanketa berezitua egingo dutela aurreratu du.
Horrekin batera, Bilbaok azpimarratu du hizkuntza-politiken norabidetze orokorrak adostuta, orain eremuz eremu eta arloz arlo hizkuntza-politiketako lehentasunak definituko dituztela. «Adostasunaren bidean zehaztuko dugu zein diren administrazioan, kulturan, hezkuntzan, ingurune digitalean, aisialdian, hedabideetan… lehentasunak politiketan» adierazi du. Gainera, 2022 urteari begira urgentziaz jarduteko hiru eremu aurreikusi dira: administrazioa, eremu sozioekonomikoa eta hezkuntza. «Azken horri dagokionez, EAEn hezkuntza-legea berrian hizkuntzaren korapiloa askatzeko eragile nagusienekin egindako proposamena erdigunean kokatuko dugu, hain zuzen ere, legeak berariaz jaso dezala murgiltze-eredua oinarri duen ikasteredu bakar eta berria» azaldu du. Hezkuntzaren garrantziaz hainbat arrazoi partekatu ditu Hik Hasiko kide Ainhoa Azpirotzek. Horretaz gain, eremu sozioekonomikoan eta administrazioan eragileek elkarrekin jarduteko beharra adierazi dute ELHUYAR taldeko Maddi Etxebarriak eta LABeko Arantxa Vazquezek.
Jauzi politikarako urratsak
Amaitze aldera, Bilbaok gogoratu du adostasun sozialaren helburua adostasun politiko bihurtzea izango dela eta hor ere urratsak egiteko asmoa dagoela. «Jarraituko dugu hizkuntza-politiketako lehentasunak eragile sozialekin adosten, baina gure asmoa da udazken aldera adostasun politikorako jauziari ekitea, horixe baita gure azken helburua» esan du.
…
“orain artekoa ez da aski!”, diño Mikelek
eta zuena ere ez, diñot nik.
Oldoz ezazue zerbait gehiago mededez.