[Simone Weil] Nazioa eta erroztamendua XI
[Simone Weil] “Nazioa eta erroztamendua” (XI) –
“Nazioa eta erroztamendua” (XI. bidalketa)
Patriaren hitzak «Nazio soberano gisa eraturiko populua» erran nahi zuen bitartean, arazorik ez zegoen langileen justiziaren ideiarekiko harremanetan. Baina bidegabeki, kontratu sozialaren interpretazio biziki azalezko batengatik, sinesten zen nazio soberano batek ezin zuela injustiziarik egin bere haurrideen kontra ezta bere auzoen kontra ere. Izan ere, sinesten zen injustiziak sortzen zituen kausa guziak nazioaren soberania-ezatik zetozela.
Baina, patriaren gibelean estatu zaharra dagoen ber, justizia urrun dago. Patriotismoaren ideia modernoan, justizia ez da asko agertzen, eta sustut patriaren eta justiziaren ideien arteko harremanak pentsatzeko ezer ez da ematen. Ez gara erraitera ausartzen bi nozioak baliokideak direnik; batez ere, ez gara ausartzen hori erraitera langilei zeinek, sofritzen duten zapalkuntza sozialarengatik, estatuaren hotz metalikoa sentitzen baitute eta nazioarteko harremanetan ere hotz bera existitu datekeela lausoki ohartzen baitira. Patriaz asko hitz egiten denean, justiziaz guti hitz egiten da; eta, langileak materialistak izanda ere, justiziaren sentimentua oso bizia da haiengan, hartaz beti gabetuak direlako zirrara baitute. Horrexegatik justizia kontuan hartzen ez duen hezkuntza moral batek ez ditzake langileak hunki. Frantziarentzat hiltzen direlarik, sentitu behar dute denbora berean biziki handiagoko zerbaiterako hiltzen direla, eta parte hartzen dutela injustiziaren kontrako borroka unibertsalean. Langileentzat, hitz famatu baten arabera, «patria ez da nahikoa».
Berdin gertatzen da egiazko bizitza izpiritualaren demendren sugar, edo pindar ikusezinak agertzen den edozein tokitan. Su horretarako patria ez da nahikoa. Eta su hori falta zaien gizakientzat, patriotismoa, bere exigentzia gorenekin, askoz altuegia da. Horregatik, patriotismoak ezin du pizgarri aski eraginkorrik sortu nazio-fanatismo itsuenaren formarenpean baizik.
Egia da gizonak gai direla beren arima zatikatzeko konpartimentutan, zeinen bakoitzean ideia batek beste ideiekiko harremanik gabeko bizitza mota bat baitu. Gizonek ez dute gustuko ez kritikaren esfortzua ezta sintesiarena ere, eta ezin diete beren buruei biak inposatu biolentzarik gabe.
Baina beldurrean, estualdian, aragiak herioaren aurrean gibel egiten duenean, sofrikario gehiegizkoaren aurrean, edo lanjer handiegiaren aurrean, gizon ororen ariman, erabat ezjakina izanagatik ere, agertzen da arrazoi-fabrikatzaile bat zeinak bere arrazoiak fabrikatzen baititu frogatzeko zilegi eta on dela herio, sofrikario eta lanjer horiei ihes egitea. Arrazoi horiek, kasuaren arabera, froga onak ala txarrak izan daitezke. Zer nahi gisaz, mementoan berean, odolaren eta aragiaren larrialdiak arrazoi horiei emaiten die kontseilari batek nehoiz ukan ez lezakeen indar konbentzitzailearen intentsitatea.
Badira jendeak zeinentzat gauzak horrela pasatzen ez baitira. Edo beren naturarengatik beldurrik ez dute zeren beren aragia, odola, erraiak soraio baitira herioaren eta oinazearen aurrean. Edo beren ariman badute batasun maila hain altua nun arrazoi-fabrikatzaile horrek ez duen bertan lan egiteko ahalmenik. Aldiz beste jende batzuen baitan arrazoi-fabrikatzaileak lan egiten du, bere gogatze-lana sentiarazten du, baina jende horien baitan arrazoi-fabrikatzailearen lan hori mespretxatua da. Horrek ere jadanik suposatzen du edo arimaren barneko batasun maila bat aski altua edo kanpotikako pizgarri ahaltsuen existentzia.
Propaganda politikoari dagokionez, Hitlerren oharpena jeniala da, hau da indarkeriak, bakarrik badihardu, ezin dituela ideiak garaitu baina hori aise lortuko duela indarkeriari gehitzen bazaizkio zenbat ideia, ideia hauek kalitate nahi bezain kaskarrekoak izan arren. Oharpen horrek, alabaina, emaiten du barneko biziaren giltza bat ere. Aragiaren kalapitek, nahi bezain handiak izanda ere, bakarrik badira, ezin dute ariman gogoeta bat garaitu. Baina haien garaipena erraza da beren konbentzitze ahalmena transmititzen badiote beste gogoeta bati, hau nahi bezain txarra bada ere. Hau da garrantzitsua: inolako gogoeta ez da kaskarregia aragiarentzako aliatu-funtzio hori betetzeko. Baina, zer nahi gisaz, aragiak gogoeta bat behar du aliatutzat.
Horregatik, egoera normaletan jendeak, jantziak ere, kontraesan erraldoiekin arazorik gabe bizitzen badira ere, berriz krisialdi larrienetan, barneko sistemaren arrakala tipienak garrantzia handia hartzen du filosofo argienetarik bat zoko batean maltzurki arrakal horretaz baliatzeko prest egoiten balitz bezala; eta hori gertatzen da gizon ororen baitan, hau nahi bezain ezjakina izan arren.
Kinka kritikoenak ez dira baitezpada peril handienetako uneak, baizik eta gizona, bakarrik eta kanpoko pizgarririk gabe, erraien, odolaren eta aragiaren kalapiten erdian aurkitzen den uneak. Orduan kinka horiei aurre egiten duten gizon bakarrak dira haien barneko bizitza ideia bakar baten gainean oinarritzen dutenak. Horregatik dituzte sistema totalitarioek lortzen duten gizon garaitezinak hezten.
Patriaren ideia ez da delako ideia bakar hori izaiten ahal hitlerrek sortu erregimen moduko batean baizik. Hau aise froga liteke zehazki, baina alferrikakoa da hain nabarmena baita. Patria ez baldinbada ideia hori izaiten ahal, eta halere patriaren ideiak leku bat baldinbadauka, orduan edo sortzen da barneko inkoherentzia bat, eta ezkutuko ahulezia bat ariman, edo egon behar da beste ideia bat, gainerako guziak gailentzen dituena, eta zeinaren aldean patriak daukan toki bat argi ta garbi aitortua, baina toki bat harek mugatua eta berari subordinatua.
Baina ez zen horrela gure III. errepublikan. Nehun ez zen horrela. Denetan bazegoen koherentzia morala-eza. Horregatik, 1914 eta 1918 urteen artean, arimetan delako barneko arrazoi-fabrikatzailea aktiboa zen. Baina halaere gehienek erresistitu zioten azken gogorraldi eta erreakzio batean zeinak gizonak maiz itsutuki bultzatzen baititu joaitera beldurrak bultzatzen dituen kontrako aldera. Zergatik? desohorearen beldurragatik. Alabaina, arima desohorearen beldurraren eragin bakar horregatik oinazearen eta lanjerraren arriskuan jartzen baldinbada, orduan biziki laster higatzen da. Antsiez beteriko arrazoinamendu horiek, une krtikoan bertan bertan akzio-hautuaren gainean eragin ahal izan ez dutenek, arimaren hondoari are gehiago min egiten diote, eta eragiten dute geroago, ekin eta gero. Berau zen gertatu 1918ren ondoren. Eta ezer eman ez zutenek, eta horregatik ahalge zirenek, biziki laster hartu zuten kutsadura baina beste motibo batzuengatik. Giro horrek zituen inguratu haurrak zeinei geroago hiltzeko eskatuko zitzaien.
Zein urruti joan den frantsesen barru-hondamena ohar gaitezke ikusiz etsaiarekiko kolaborazioaren ideiak ez duela oraindik arrakasta oro galdu; bestetik kontsolamendua bilatzen badugu erresistentziaren existentzian, onartzen badugu erresistitzaileek inspirazioa erraz aurkitzen dutela orobat patriotismoan eta beste motibo andana batean, denbora berean gure buruari erran behar diogu eta errepikatu Frantzia, nazio gisa, momentu honetan, justiziaren, zorion orokorraren eta horrelako gauzen aldamenean dagoela, erran nahi baita existitzen ez diren gauza ederren kategorian[1]. Aliatuen garaipenak Frantzia kategoria horretatik aterako du, errealitatearen arloan berrezarriko du. Zailtasun asko gaindituak ziruditenak agertuko dira berriro. Zentzu batean, zorigaitzak dena sinplifikatzen du. Frantziak, erresistentziaren bidea Europako beste herriek baino emekiago eta beranduago hartu izanak erakusten du makur izango ginatekeela ez bagina etorkizunerako kezkatzen.
[1] esaldi zati hau ez da ulerterraza.
Bukaera aldera, seinalatzen dut esaldi zati bat ulertzeko zaila enetako. Interesgarria litzateke espainola untsa dakien norbaitek espainerazko itzulpenarekin kontrastatzea;
iduritzen zait bere inguruko frantses exiliatu eta erresistitzailei kontseilatzen diela geroko frantzia librea ez idealizatzea; “kantatzen duten biharamun”etan ez amestea. Frantziak gerla aurrean zituen problema ez-soluzionatuak askatu eta gero azalduko zirela berriro.