Txakurraren boterea

Txakurraren boterea –

Txakurraren boterea

28 urte pasatu dira Oscar saria eta Urrezko Palma irabazi zituen Jane Campion-en The Piano lana kaleratu zutenetik, baina horren oihartzunak entzun ditzakezu The Power of the Dog bere film berrian. Berriz ere, Campion-ek Zeelanda Berriko naturan filmatutako garaiko drama egin du. Berriz ere, gizon krudela, gizon sentikorra eta horietako batekin ezkontzen den ama ezkongabea aurkezten ditu. Baina Campion-en lan ezagunenarekin antzekotasun ugari baditu ere, The Power of the Dog ilunagoa, arraroagoa eta zoragarriagoa da.

Galde 35 negua/2022 Txakurraren botereaLotura emozional maltzurrean harrapatuta dauden Montanako bi anaia abeltzain ezberdinen inguruan datzan Thomas Savage idazlearen eleberria egokitu du Jane Campionek. Phil Burbank-en (Benedict Cumberbatch) istorioa kontatzen du: basatia eta bihozgabea bezain karismatikoa den tipoa, eta zeharo autonomoa bezain alfa matxo krudela den abeltzaina. 1925. urtea da eta mundu modernoa agertzen ari da, baita Burbank anaiek dekadentetzat baina zeharkaezintzat jotako gotorlekuan ere. Autoak azkenean familiaren arrantxora iristen direnean, Philek ezin izango du jarraitu heroiaren kaparen atzean ezkutatzen, eta izaki basatia bihurtuko da, beste garai batetik etorri izan balitz bezala, bertatik oraindik dabiltzan indiarren maila berean. Gotorlekua zeharkaezina ez bazen, Philen maskulinotasuna ere ez da zeharkaezina izango; izan ere, bere anaia Georgeren (Jessie Piemons) emaztearen iritsiera mehatxua irudituko zaio.

Hasieratik, deigarriak dira pertsonaien ñabardurak eta denboraren zein tokiaren xehetasunak. Zeelanda Berriak modu zoragarrian ordezkatzen du Montana (filma Covidaren aurretik hasi ziren filmatzen eta, gero, lau hilabetez eten zuten, berriz hasi arte), eta deigarriena ia usaindu ditzakezun eraikinen, jantokien eta tabernen itxura eta sentsazio etxekoia; aberatsek ekialdetik ekartzen hasi eta gelditzen diren zaldi-garraioekin eta gurdiekin hain bortizki talka egiten duten autoak; zibilizazioak bide batetik ziztu bizian aurrera egiten duenaren eta, bestean, antzinako ohiturek aurrera egiten dutenaren sentsazioa dira. 1920ko Hamarkada Zoriontsuak erronka latza botatzen die mendebaldeko ohiturara atxikitzeko bultzadei eta abeltzainen ohiturei.

Georgek Rose Gordon-ekin (Kirsten Dunst) ezkonduko dela aditzera emango du. Hori emakume isila da, eta bertakoek «alargun suizidaren» ezizen maltzurra jarri diote. Orain, hotela zuzentzen du eta seme bat du, Peter (KodiSmit-McPhee), behar bezalako oinarririk gabeko urratsak etengabe ematen dituen mutil baldarra. Piztutako Philek zuzenduta, hiriko gizon zakarrek iseka egiten diote erruki gabe. Philek erreprimitutako frustrazioa eta amorrua gero eta deigarriagoak dira. Zer gertatzen zaio? Zergatik erantzuten du hain bortizki intimitatearen ideiaren aurrean? Zergatik da hain hezigabea, batzuetan, hain azkarra den gizona? Eta nola nahiko luke benetan bere feudo txikiak funtzionatzea? Gaztea bere babespean hartzen duen une batean, Philek ohartarazten dio: «Ez utzi amari zu maritxu bat bihurtzen».

Cumberbatchek zeharo eztabaidagarria den gizonaren erretratu fina margotzen du, Philen haserre eta erresumin guztia begirada bakoitzean, irribarre oker bakoitzean edo hitz burlari bakoitzean botata. Irakiten ari den gorroto guztia edozer unetan indarkeria bihurtu ahal izango balitz bezala sentitzen da. Nolanahi ere, Cumberbatchen emankizun liluragarriak erakusten ez duena Philen suminduraren iturria da. Zergatik jarraitzen du George estutzen eta zirikatzen? Zergatik ezin du gozatu, bere lanean hain trebea izanda? Labur esanda, zein da tipo horren arazoa? Traman abiadura hartu ordez, Campion-ek beldurgarria dirudien munduan barneratzen du ikuslea. Hasieran western epikoa izan litekeena, melodrama gotiko malenkoniatsua bihurtzen da eta, bertan, harremanak aldatu egiten dira, eta luze lurperatutako sekretuak azaleratu egiten dira.

Jane Campion-en azken filma konbustio mantsoko melodrama gotikoa da, eta Benedict Cumberbatchen antzezpen bikainenetako bat aurkezten du. Asmo handiko lana, bizia eta arnasgarria; gogoan gelditzen den filma, sentimendu-nahasketa pizten duena eta angelu ezberdinetatik aztertzeko gogoa eragiten duena. Ez dago, gaur egun, arreta hori eska dezaketen film ugari.

Galde 35 negua/2022

galde

Txakurraren boterea