Sexuak heziz
Sexuak heziz –
Gazteekin jorratzean, bakoitzak bere sexuaren arabera bizi izan duena kontuan izateaz gain, bere taldekoekin identifikazioa nabaria da, kolektibo gisa jasandako zapalkuntzari buruzko hausnarketa sortzen da. Hau pertsona helduengan ematen da, baita ere.
Lehen Hezkuntzan, ordea, bakoitzak zuzenean bizi izan dituen jarrera eta egoerak aipatzen ditu batez ere, modu zehatzean, kolektibotasun hori sortzear dagoelarik.
Bizi eta barneratzeko modua ezberdina bada ere, berdina den zerbait sumatzen dugu talde guztietan: neska eta emakumeek erraztasunez aipatzen dituzte baztertze eta injustizia egoerak; mutilei aldiz, askoz gehiago kostatzen zaie, eta askotan bururatu ere ez zaizkie egiten.
Honek bi gauza uzten ditu agerian. Bata, emakumeen kontrako diskriminazioa eguneroko egoeretan presente dagoela, mikromatxismoz inguraturik bizi garelako eta horien aurkako kontzientzia handituz doala azken urtetan. Bestea, berriz, gizonezkoei askoz gehiago kostatzen zaiela patriarkatuak egiten dien minaz ohartzea abantaila egoeran bizi direlako. Handitu ahala, aldiz, maskulinitate eredu gogorra eta sentiberatasunik gabekoak duen presentzia eta sortzen duen presioa hautemanez joaten dira.
Ezinbestekoa da guztion artean maskulinitate eredua landu eta eraldatzea gizontasun berriak sortzeko, hori baita mutilek jarrera ezberdinak garatzen joateko bidea, eta ondorioz harremantzeko eredu berriak sortuko dira. Aldi berean, neska eta emakumeen ahalduntzean lanean jarraitzea ezinbestekoa izango da.
Indarkeria matxistaren alde ankerrena (kolpeak, bortxaketak, erailketak…), ez litzake emango oinarrian eguneroko mikromatxismo horiek emango ez balira, eta hauetatik erailketetara bide luzea dagoen arren, hauek dira bide horren lehen pausoak eta indarkeria latzagoak sostengatuko dutenak. Beraz, mikromatxismo hauei garrantzia kentzen diegun bakoitzean, indarkeria justifikatzeko pausua ematen ari garela argi izan behar dugu.
Azaroak 25ean antolatutako mobilizazioren batean Sexu Heziketa orain leloa abesten entzun nuen irratian eta oilo-larrua jarri zitzaidala ezin dut ukatu. Sexualitatea eta Sexuen Heziketa harreman erotikoetatik askoz haratago doala ulertzea ezinbestekoa da jada, Sexuen Heziketa askatasunean, aniztasunean, errespetuan, ondo sentitzean eta ondo harremantzean oinarritzen den heziketa delako.
Sexuen Heziketa indarkeriari aurre egiteko tresna dugu. Erabil dezagun.
Sexuak heziz