44. Euskal Zine Bilera, zinemak mugitzen gaituelako!
44. Euskal Zine Bilera, zinemak mugitzen gaituelako! –
Zine aretoetako ateak irekita daude berriz ere. Zine zaleak pantaila handiaz gozatu dezakete eta Euskal Zine Bilera ere horren parte izango da. Aurtengo edizioak eduki guztiak berriro ere zine aretora eramango ditu azaroaren 20tik 28ra ospatuko den jaialdian.
Ikusgarri zinea berriro zaleekin betetzen
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere ohiko egitura berreskuratuko du baina iazko esperientziatik edukiak online jarraitzeko aukera ere emango du. Iazko urtea ezohikoa izan zen arlo guztietan eta jaialdia online formatura aldatzera behartu zuen. Erabaki horrek aukera berriak azaleratu zituen. 44. edizio honetan zine aretoa bete nahi dugu berriro baina hurbildu ezin direnak ahaztu gabe, hauei zinebilera.eus orrialdearen bidez edukiak eskainiz. Hori bai, jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinera hurbiltzea izango da, honek izango baitu lehentasun osoa.
.
Edukiak online zinebilera.eus orrialdean
Jaialdiaren atal esanguratsuenak online ere jarraitu ahalko dira. Film laburren lehiaketa edota solasaldiak pantailaren bidez ikusi ahalko ditugu, mugikorrean, ordenagailuan edo telebistan. Euskal Zine Bileraren webguneak jaialdiaren informazio guztia bilduko du leku berean eta jarraipena egiteko aukera emango du. Zalantzarik gabe zinebilera.eus orrialdea euskarazko zinemaren erakusleihoa bilakatuko da jaialdia ospatzen den egunetan.
.
Sortu, partekatu, saretu
44. Euskal Zine Bilerak aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko ditu, bere eduki guztiak 3 ataletan bananduz: Euskarazko zinema SORTU, Euskararen zinema PARTEKATU eta Euskal Zinemagintzarekin SARETU.
SORTU atalean zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu, beka honen bidez euskarazko zinema indartzeko ahalegina egingo da, proiektuen lehiaketa bultzatu eta aukeratukoari finantzaketa laguntza eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzarekin sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da.
PARTEKATU atalean zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira. Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 20 lanek osatuko duten Sail ofizialeko lehiaketaizango dugu. Film horiek zeintzuk diren jakin nahi? Hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus orrialdean aurkituko duzue. Irabazleak aukeratzearen arduradunak Ane Pikaza, Iratxe Fresneda eta Izaskun Arandia izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu. Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.
SARETU atalean euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, iaz estreinatutako Pantaila Irekia espazioan, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko diegu, aurten Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. Bestalde, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duenAtzo8 atalean euskal zinema amateurrari buruz abian dugun ikerketarekin jarraituz, zinemagileei eta haien filmei buruzko saioak antolatuko dira. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari eskainiko zaio atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetza jarraituko da, aukeratutako film baten ikustaldia eta solasaldia eginez.
.
Euskarazko zinema bultzatzen
Aipatutako eduki guztiekin Lekeitioko Euskal Zine Bilerak urte bete gehiagoz euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzen jarraituko du. Eta ez ditu ahaztu nahi lan honetan bidelagun izan dituen erakundeak. Besteak beste hurrengo hauek izango dira 44. edizio honetan: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Zinegin, Hitza, Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Elkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak, Animadeba, Euskadiko Filmategia, ElĂas Querejeta Zine Eskola eta ZineLab.
Zalantzarik gabe Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera euskarazko ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatu da urte guzti hauetan. Aurten ere horrela izango da eta gure ama hizkuntzaren bidez zinea betetzeko ahalegina egingo da, zinemak mugitzen gaituelako.
EGITARAUA
44. Euskal Zine Bilera, zinemak mugitzen gaituelako!