A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora!

A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora! –

Arnaldo Otegik BERRIAn.


Datorren azaroaren 20an, euskal independentistok hitzordu garrantzitsua dugu Bilboko kaleetan. Ez da edozein data, ezta edozein mobilizazio. A-20an EH Bilduk antolatutako manifestazioa ez da egitasmo isolatu bat, bizi garen testuinguru historikoari eta jorratzen ari garen pultsu politikoari erabat lotuta dago; helburu politiko argia duen ekimen politikoa da: estrategia independentistak bere gaitasun mobilizatzailea berreskuratzea, eta jarduera instituzionalaren gehigarri bilakatzea. Zehatz-mehatz, mobilizazio herritarraren espazioa gehitu behar diogu garatzen ari garen estrategia independentistari, argi izanik beharrezko tresna bat dugula gure estrategia politikoan garatu nahi ditugun eztabaida eta konfrontazio marko guztietan gure posizio politikoak eta ideologikoak indartzeko.

A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora!
Arg: JON URBE / FOKU / BERRIA

Espainiar Estatuari dagokionez, gogoratu beharra dago EH Bilduk pultsu ireki bat mantentzen duela Estatuarekin kargu hartze eztabaidan bertan adierazitako hiru interpelazio eremu nagusietan: politika sozialari, espetxe-politikari eta auzi nazionalari irtenbide demokratikoak emateko politikak.

Arlo sozialean akordioetara heltzea lortu dugu (lan erreforma baliogabetzeko akordioa betearazi behar da, esaterako), espetxe-politikaren arloan pausoak eman dira (indartu egin behar direnak) eta, auzi nazionalari dagokionez, fase berri batean sartu gara, non, Kataluniako Negoziazio Mahaiaren osaerak lurraldetasun ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri duen, eta EAEn, Nafarroan eta Madrilen intentsitate eta maila ezberdinetan garatzen ditugun ereduak konfrontazio esparrura eramaten ari garen.

Gaurko egunez baieztatu dezakegu, gure herriak Konstituzio Espainolari ezezko argia eman zionetik hamarkadak igaro diren arren, Espainiar Estatuko eztabaida politikoa garai konstituziogilean emandakoaren antzeko parametroetan kokatzen dela: autodeterminazioa, preso politikoen askatasuna eta eredu soziala. Eta Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoa izan dira, funtsean, eztabaida eremu horretan kokatu dutenak, hots, Trantsizioak eta Konstituzioak gurea bezalako estaturik gabeko nazio zaharrei ezarritako giltzarrapoak gainditzeko parametroetan.

Lurraldearen antolaketaren inguruko eztabaida (auzi nazionala) gai zentrala izango da datozen urteetan. Bizitzen ari garen momentu historikoaz jabetu eta ezkerreko independentismoak mobilizazio sozialerako izan duen indarra eta sendotasuna berreskuratu behar ditugu.

Gainera, pandemiaren gainditze hipotetikoak gure oinarri soziala berriz ere elkartzeko aukera eman digu; termino politikoetan zein humanoetan gutxietsi ezin duguna.

Materia sozialeko akordioak betetzea (lan erreformaren baliogabetzea), ohiko izaerako espetxe-politika areagotzea edota gure herriak nazio-eskubideen arloan aurrerapauso kualitatiboak emateko benetako pultsu bat garatzea lan instituzionalarekin soilik gainditu ezin daitezken erronkak dira. Instituzioetan adostu ditzakegun akordioekin soilik ez dugu lortuko. Kaleak hartzea, espazio herritarrak okupatzea beharrezkoa da. Ezkerreko euskal independentismoaren gaitasun mobilizatzailea eta sendotasuna agerian geratu behar dira berriz ere, behar estrategikoa da aurrean ditugun erronkei behar bezala heldu ahal izateko. Aurrera egiteko baldintzak sortu ditugu, orain, eskura ditugun baliabide guztiak behar ditugu baldintza horiek gure herriarentzako aurrerapauso bilakatzeko.

Azaroaren 20a ez da egutegiko edozein data. Eta gure A-20ko mobilizazioa ez da manifestazio bat gehiago izango. A-20a Franco hil zen eguna izan zen, baina gaur egun, frankismoa eroso ikusten dugu Estatuaren botere organoetan ezarrita. Azaroaren 20 hartan, ikusi egin genuen nola erregimenaren funtsezko oinarriak zirenak, demokrata peto bilakatuta agertu ziren gauetik egunera, «lotuta eta ondo lotuta» geratu zen erreforma bati ekiteko prest. Santi eta Josu hil zituzten Estatuaren terrorismoaren bidez; hamarkadak igarota ere, onartzeko ausardiarik ez duten Estatu terrorismoa berbera. Autodeterminazioa, berdintasun soziala, presoen etxeratzea (ohiko espetxe politika aplikatuz), gizarteko sektore zabal baten aldarriak izaten jarraitzen dute, Santi eta Josurenak ziren bezala, trantsizio baten ikurrak, diotenez demokratikoa… txarto itxia. Bilbokoa ere memoria eta iragana izango da. Etorkizunaren alde borroka egitea, memoria ariketarik sendoena delako.

A-20ko mobilizazioa konpromiso indibidual eta kolektiboen ariketa bat izango da. Konpromisoa gure komunitatean sustraituta dagoen balio nagusietako bat da. Berari esker heldu gara honaino, eta hala jarraituko dugu aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte. Independentismoa ahul dagoela esaten diguten honetan, oker daudela esatea dagokigu; oso oker. Indartsu gaudela ikusarazi behar dugu, baita kaleetan ere berdintasun sozialaren sinboloak gorenean daudela: elkarbizitza, antifaxismoa, bakea eta presoen etxeratzea, eta, laburbilduz, hemen burujabetzaren bidea egiteko prest dagoen herri bat dagoela.

A-20an berriz elkartuko gara gure pultsu herritarrarekin. A-20an masa mobilizazioak borroka politiko eta ideologikorako tresna gisa duen balioa aldarrikatu nahi dugu, A-20an gure estrategia eraginkorrago bilakatuko dugu.

Gure burujabetzaren alde, aberastasunaren birbanaketa justu baten alde eta presoen askatasunaren alde. Gure sendotasuna erakusteko garaia da. Bilboko kaleak betetzeko garaia da.

A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora! A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora!  A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora! A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora! 
A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora! 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “A-20an, abertzale eta antifaxista guztiak Bilbora!”-ri buruz

  • Independentista naiz baina fartsa horretara ez naiz joango. EhBildu ez dago Euskal Herriaren independentziaren alde, estatu espainiar ezkertiar bat administratzearen alde baizik. Eta antifaxistak ere deitzea manifa horretara! Ez dut politikeriaz asko ulertzen baina nortzuk izan daitezke egun horretan Bilbora joan daitezkeen antifaxistak? Abertzale sanorik ez dut uste joango denik.