Egoera bat: euskara portalean
—-Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.
2010; Gasteiz
Mutil gaztea etxeko portaleko txirrina jotzera doa amak atea ireki diezaion. Bitartean, ate parean 70 urte inguruko emakumea zain dago. Mutilak txirrina jo du amonari “Hola” agurtu ostean.
Bapatean bi ahots entzun dira bozgorailuan, bata amonaren familiakoa izan behar duen haur txikiarena eta bestea gaztearen anaiarena:
–Nor da?
–Bai?
-Ni naiz Mikel, iriki
– Amama maitia
-trin…trin…
Portaleko atea ireki du mutilak eta amonari sartzeko imintzioa egin dio. Biak ohartu beharko ziren euskaraz ari zirela txirrineko ahotsei erantzuten. Amonak gazteari, ordea:
–Puedes pasar.
-Eskerrik asko.
–Ene! Euskalduna zera ta. Enaiz konturatu ere ein. Gasteizen zaila da ta euskeraz entzutia.
-Ba bai, ezta errexa, baina tokatu zaizu.
Igogailura bidean:
-Eta, zu Vitorikua zea? Hemen bizi zea?
-Bai, hemen, bosgarrenian.
-Earra sorpresa. Baina, zure euskera ezta hemengua.
-Ez, gurasuak gipuzkuarrak dia.
-Ni re Zaldibikua naiz, Ordizia onduan, ta hilobak bizi dia hemen, hiruarrenian.
-Nere aita Mutrikukua da ta ama Elgoibarkua.
-Earra poza, esango diet etxekuai hemen badala euskaldunik.
Igogailua heldu da hirugarrenera eta amonak igogailutik irten baino nahiago du hitz egiten segi.
-Bueno, bueno, hurrengo batearte, agur!
-Bai, agur!
Biek poz-pozik egin dute alde, izugarrizko aurkikuntza edo mirari txikia ikusi balute bezala.
Bertakoak etxean arrotz sentitzera eraman gaituen egoerak ez al du atzera bueltarik? Ez al gara uste duguna baino jende gehiago?
Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak
Bai, ados nago. Ni Bilbon bizi naiz eta horrelakorik ez zait suertatu, baina badakit nire edifizioan badagoela jende euskalduna. Eta orokorrean esanda, Bilbon behintzat uste baino euskaldun gehiago gara. Eta adin batetik behera oraindik ere gehiago. Kontua da euskaldunok erabat barneratuta ditugula muga linguistikoak eta zoritxarrez ez digute haratago ikusten uzten…
Nik urrats bat edo bi aurrerago ikusi nahi dut. Saizarbitoriak “Aberriaren alde (eta kontra)” saiakeratxo ezin interesgarriagoan idatzi zuen Gasteizen errazagoa zela bizitza euskaraz egitea Donostia batean baino. Kaleko bizitzaz ari zen, etxe barruan Lizartzan bezain erraza baita Tokion. Zirikatik ere hartzen zuen, noski, baina berak argudiatzen zuen Gaitezen euskaldun militanteak euskaldunak bilatzen dituela: tabernak, dendak eta abar; denboraren poderioz, lagunak ere bai. Donostian, ordea, euskaldunen eta erdaldun elebakarren arteko muga lausoagoa da, hizkuntza ñabardura guztiak aurki litezke bertan; eta, beraz, egoera deseroso guztiak ere bai, denok izan ditugun elkarrizketa eskizofreniko horiek barne, non azkenean ez baitakizu euskaraz ala erdaraz ari zaren dendariarekin edo dena delakoarekin. Tamalez, egoera horri aurre egiteko, gehienok ez dugu baliabide nahikorik, estrategiarik, eta badakigu nora garamatzan etsipenak.
Baina egoera hori ez omen da txarra, beharrezkoa baizik, garapen bateko urratsa dela kontuan hartzen badugu. Izan ere, sistema guztiak azpigaraturik daudenean (euskararen egoera Donostia batean, adibidez), krisian sartzen baitira ezinbestez. Adibidea ere ematen zuen Saizarbitoriak hori azaltzeko: garatu gabeko herrialdeetan oinarrizko neurri sanitarioak (txertoak, botikak, garbiketa…) sartzen direnean, gaixotasunek gora egiten dute, herritarrek lehen berez garaturik zeuzkaten babes naturalak galdu baina neurri berriak oraindik erabat eskasak dituztelako.
Nik gehituko nuke egoera azpigaratu hori, ezinbesteko urratsa dela onartuta ere, ezin dela denboran gehiegi luzatu, ezin dela bere hartan gelditu, atzera egin nahi ez badugu, behintzat. Horregatik, euskararen normalizazioa lasaitasunez egin behar dela entzuten dudanean, susmoa hartzen dut atzean ez ote dagoen estrategia maltzur bat euskaldunak nekatzeko, euskaldunek etsi dezaten. Euskararen etsaiek ere asko dakite soziolinguistikaz, ez ahaztu.
Ez naiz sekula errepikatzez nekatuko: Euskaldun orok lehen hitza ondoko euskalherritarrari euskaraz egingo balio, goiko artikuluan azaldutako egoerarik ez litzateke gertatuko. Ez dut oso ongi ulertzen Saizarbitoriak omen zioena, Gasteizen errazagoa zela bizitza euskaraz egitea Donostian baino… Gasteiz ez dut ongi ezagutzen baina esan dezakedana da Euskal Herriko erdal herriek etsi egiten nautela eta ez dudala ikusten zergatik erdal herri batean errazagoa izan liteken euskaldun izatea, adibidez, Donostian baino…
Aitzol, saiatuko naiz berriro azaltzen: Donostia batean soziologiak berak bizitza euskaraz egitea ahalbidetuko diola pentsa lezake euskaldunak, eta jarrera pasiboagoa hartuko du euskaraz erantzungo diotelakoan. Baina askotan ez da halakorik gertatzen, askotan, “no te entiendo” horietako asko entzun behar ditu, eta orduan haserrea dator; gero, etsipena. Gasteiz batean, ordea, euskalduna hutsaren hurrengo sentitzea da normalena, erdal herrian. Han ezustea atsegina da solaskidea ere euskalduna dela jakitean. Gainera, jarrera militanteagoa hartuko du, basamortuan ura bezala bilatuko du euskara: egunkaria ez du edonon erosiko, hango dendan baizik, saltzailea euskalduna delako; pintxoa, beste taberna horretan… Horrela, Gasteizen bizi den euskaldunak, nahi badu, ingurugiro euskaldunean egin dezake bizitza. Baina egoera hori ez da erreala, edo bada, baina ez da Gasteizko egoera soziolinguistiko orokorra. Ni Madrilen aritua naiz euskara irakasle, eta aste beteak ere pasatzen nituen ia erdaraz hitz egin gabe, Madrilen ere horrelako harreman taldeak osatzerik dagoelako. Etorkin askori ere gauza bera gertatzen zaie.
Bestalde, Aitzol, euskaldunok lehen hitza beti euskaraz egin beharko genukeela diozu, eta ziur aski denok gatoz bat, baina gero errealitatea dago; demagun: nik Gasteizen kaleko amona bati helbidea galdetu behar badiot, erdaraz egingo diot. Baina, nire ustez, hori ez da arazoa. Arazoa Donostian ere erdaraz galdetzea da, konplexuz beterik gaudelako, aurreiritziz. Ni ere bai.
Gizartean oraindik ez dago onartuta lehen hitza euskaraz egitea, ez euskaldunen aldetik ez erdaldunen aldetik. Norbanakoaren jarrera aktiboa funtsezkoa da, noski, baina arazo honi aurre egiteko gehiago behar da, eta erakundeen laguntza ere ezinbestekoa da, baina… Zer nolako jarrera daukate, adibidez, Euskal Telebistan? Euskal mundua batetik, erdal mundua bestetik. Asko hitz egin eta idatzi da gaiaz eta ez naiz luzatuko.
Ba ni ez nago ados Gasteizko amonari erdaraz galdetze horrekin, jarrera horrek hain zuzen ere euskaraz hitzegiteko aukera erabat desegiten bait du hasera-haseratik. Nik Gasteizen ere lehen hitza euskaraz egin izan dut eta gero, erantzunaren arabera, euskaraz jarraitzeko aukerara izan dut (gutxitan) ala ez (gehienetan) baina behintzan erantzuleari argi erakutsi diot nire hautua zein den: euskaraz baldin badaki, nahiago dudala euskaraz erantzun diezadala. Erantzun txarrak jasotzeak ez dit gaur egun enbarazurik egiten, aspaldi ohitu nintzen horretara. Gurasoak erantzun txarrak jasotzen ikusten nituen txikitan eta hala ere, duintasun osoz jarraitzen zuten, beti ere lehen eta azken hitzak euskaraz eginez. Eta Donostian euskaraz ez-galdetze horrekin ere ez nago ados, nire inguruan jende mordoa ezagutzen bait dut Donostian lehen hitza eta lehen esaldia euskaraz esaten dituena. Benetan, defetismo hori alboratu beharra dute erantzun txarra jasotzeko beldurragatik lehen hitza euskaraz egiteari uko egiten dioten euskaldunek. Zer arraio, gure herrian bertan gaude!! (Bide batez, erantzunik kaxkarrenak ez ditut Gasteizen jaso, arabar hiriburuan nolabaiteko dotoreziaz erantzun izan didate, erantzun itsusienak Iruñean jaso ditut, Iruñea kosmopolitan…)