Perico Legasse eta gazta
Hegoaldean ez du jende gehiegik ezagutuko, baina Perico Legasse pertsonaia da Franzian. Donibaneko Marc Legasse ospetsuaren familiakoa (nahiz eta honek orrialderik ez ukan euskal wikipedian, Gastibeltzaren karabinak antzerki lanaren egilea eta Euskal Herriari buruzko ikuspegi burujabezale eta anarkista baten aldarrikatzaile nabaria izan).
Perico ETB3n ere ikusi izan dugun, Haratago saioan, Frantziako benetako gaztei buruzko dokumental bat zuzendu eta gidatzen. Joan zen Apirilaren 15ean, bere ikuskera politikoaren adierazle bat ere erakutsi genizuen esteka batean.
Telebistako eztabaida saioan ere bide beretik jo zuen: txikia, jatorra, salbuespena… gorde egin behar da. Eztabaida horrek balioko digu Idiazabalgo gaztarekin gertatzen ari zaigunaz jabetzeko, esate baterako. Aurre egin behar zaiola industriaren munstro berdintzaileari, dio. Osasunaren bermea, aitzakia baizik ez dela ekoizpen industriala biderkatu eta janarekiko gostua berdintzeko.
Ezaguna da Pericoren ikuspegia: borroka handia dagoela esnea egostera behartzen duten gazta industrialen eta esne gordina defendatzen dutenen artean. Azken finean, denok dakigu elikagaiak denoi iristea dela elikaduraren lehen legea, baina kontua katramilatsuagoa da, azken finean, jana eta elikaduraren nolakoak, mundu aurreratuan behintzat, politika, ekonomia eta gizartea bera markatzen baititu.
Gaztaren garrantziaz
Entzundakoen artetik, gauza batek egin digu kosk: gazta, jaki oso garrantzizkoa da, haurtzarotik helduarorako muga ezartzen baitu. Haurrak garenean esneki azukredunak maite ditugu (jogurtak eta beste guztiak). Gaztak, ordea, gatza, zapore ugaritasuna eta, azken finean, nortasuna dakartza. Estatu batuarrek, azukrearekin segitzen ei dute (beti umetuta, antza). Behintzat, halaxe zioen Perico Legassek.