Sistema itxiari, aurre
Sistema itxiari, aurre –
Aludun jaio garenen aldaketen eta zikloen inguruko liburu asko eta ederrak sortuz joan dira azken urteetan, adin ezberdinentzako eta bizitzako garai ezberdinetan lagungarri, baina ia ez dago materialik zakildun eta barrabilekin jaio direnek beren aldaketak ezagutu eta bizitzen laguntzeko. Bi arrazoi dauden susmoa dut: sexu bakoitzaren sexualitateari historikoki eman zaion tratamendua eta gabeziak azaltzeko gaitasun ikasia.
Emakumeon sexualitatea baztertua izan da eta hala jokatuarazi zaie. Hau dela eta, emakumezkoek izan duten ezagutza eskasa izan da eta deskubritutakoa isilpean mantendu da, konfiantzazko norbaitekin zabalduz soilik. Sentitzen duzun hortaz ezin hitz egiteak zalantzak sortzen ditu, jakinmina, baina baita gabezien kontzientzia ere.
Gizonezkoen sexualitatea agerikoa izan da, baina larrua jotzeko eta ugaltzeko gaitasunari lotuta bakarrik, eta bi hauek luzaroan mantendu daitezkeenez badirudi prozesu erabat lineala dela, aldaketarik gabekoa. Gizonezkoek ez dute historikoki sexualitatearen inguruko zalantzarik azaldu. Ez dituztelako izan? Ez, gizona izateak ziurra izatea eskatu dielako eta horrek gizonezkoen bizipenak, zalantzak eta ondoezak ezkutatu.
Arrazoi ezberdinengatik izan bada ere, guztion sexualitatearen zabalera eta aniztasuna ezkutua eta hankamotza izan da. Emakumezkoak eremu askotan ahaldunduz goaz eta baita sexualitatearen eremu honetan ere. Gizonezkoak, ordea, libreak izan diren gezurra sinistuta daude askotan, eta horrek errazago konformatzera daramatza. Honi, gure gauza intimoetaz hitz egiteko gaitasuna eta tradizioa gehitu beharko genioke. Emakumezkook ondoezak eta gabeziak partekatzeko ibilbide luzea dugu atzean eta horrek topaguneak sortzea errazten digu. Gizonezkoen artean, ostera, gauza pribatu eta sakonetaz aritzea ez da ohikoa izan, eta horretan hasteko kontzientzia sortu eta gabeziak zein zalantzak partekatu ahal izateko ahalduntzea beharrezkoa da.
Gizonezko eta emakumezko kontzeptu hauek heteronormatibotasunak eta patriarkatuak markatutako ereduak dira. Kanpo geratzen da anitza den guztia, eta sexualitatea zerbait bada, anitza da. Biologian, fisikoan, identitatean, desioaren norabidean, gorputzetan, emozioetan, harremanetan, gustuetan, jokoetan… aniztasuna hain handia da, guztiok neurri txiki edo handiagoan kanpo ikusiko dugula gure burua.Heteropatriarkatua ez da emakumeen etsaia soilik, eredu hauetan sartzen ez den edonoren etsaia da eta gizonezkoak modu ezberdin eta arinagoan bada ere, emozio, zalantza eta jakinminean zikiratuak dira sistema honengatik. Guztiok gure sexualitatea bizi eta gozatu ahal izateko, sistema itxi horri aurre egin beharko diogu.
Sistema itxiari, aurre