Harrera herria eta ez hilerria
Harrera herria eta ez hilerria –
Egunero bada heriotzen bat, bidean, helmuga lortu ez duen norbaiten heriotzaren inguruko berri bat. “Ohitzen” hasi gara eta ez luke horrela izan behar. Bihar Atxondoko Harrera Herriak antolatuta mobilizazioa egongo da. “Nahikoa da! Ez heriotza bat gehiago, ez bizitza bat gutxiago” lemarekin egingo dute mobilizazioa. Aurreko ostegunean, Cadizera iritsi gabe ontzi bat urperatu zen. Hogeitazortzi lagun zetozen eta horietatik hiru bakarrik erreskatatu zituzten, hamarren gorputzak aurkitu zituzten eta beste hamabostak desagertuta geratu. Atxondo bete betean jo du. Atxondoarrak diren Bilal, Soufiane eta Sadiken familiek patera horretan zetozen zazpi pertsona galdu dituzte. Migrazio politikak sistematikoki hiltzen duela salatuko dute.
Heriotzak, ordea, ez dira Mediterraneoan bakarrik gertatzen. Cadizko gertaera baino bi egun lehenago, Euskal Herrian bertan hiru lagun hil ziren Ziburun. Hendaiatik Bordelera zihoan trenak harrapatu zituen eta hiru lagun horiez gain, beste laugarren bat erietxera eraman behar izan zuten. Bostgarren bat ihesi joango zela pentsatu da bost lagunen dokumentuak aurkitu baizituzten. Muga pasa eta Baionarantz joango zirela pentsatzen da. Migratzaileek bide oso arriskutsuak hartzen dituzte haien herritik hasi eta haien helmugara heldu bitartean. Kontrolak saihesteko bideak aurkitzen saiatzen dira eta ikaragarrizko arriskuei aurre egin behar izaten die.
Sei lagun hil dira Euskal Herrian denbora gutxian. Bata bere buruz beste eginda, beste bi Bidasoa zeharkatzen ari zirela eta orain beste hiru trenbidean kontroletatik ihesi zihoazela. Europak mugak asko gogortu ditu azken bost bat urteetan eta migranteei libreki ibiltzeko eskubidea urratzen die. Euskal Herriko instituzio eta politikek ere etorkinei eskubideak urratzen dizkie. Herritarrak dira krisi honi aurre egiteko boluntario lanak egiten ari direnak Irungo Harrera Herria osatzen dutenak esaterako. Elkartasunez betetako erantzuna ematen ari dira. Krisi humanitario honi aurre egiteko erantzun eraginkor, solidario, afektibo eta humanoak eman behar direla diote.
Migrazio politikak errotik aldatu behar dira. Zirkulazio askea behar da ez delako inor ilegala. Haien herria utzi, mendebaldeak espoliatu duen herria utzi eta bizitza hobe baten bila dabilen herritarrari harrera duina egin behar diogu. Euskal Herria harrera herria delako eta ez hilerria.