Ekarri eta eraman
Ekarri eta eraman –
Elhuyarren hiztegian, “ordaindu eramaleari” agertzen da. Ibon Sarasolarenean, berriz, “ordain dakarrenari”. Batean txekea eraman, bertzean txekea ekarri. Ekintza bera, kontrako norabidetik begiratuta. Cintruenigoko alkate eta UPNko foru parlamentari Faustino Leónek euskararik ez daki, baina, egunkari batean agertzen diren informazioak egiak izanez gero, badaki aldi berean ekarle eta eramaile izaten, berak Cintruenigoko alkate gisa “al portador” sinatu dituen txekeetariko batzuek bere patrika izan baitute nonbait helmuga. Cintruenigoko Udalaren diruaren gainean aspaldi ari dira albiste asaldagarriak aireratzen. Orain arte, ordea, inork ez zuen egin Faustino Leon sosaren erabilera ilunaren onuradun. Miguel Sanzek bere alderdikidearen defentsa sutsua egin du berriki. Bere horretan segituko du gure lehendakariak? Bertze galdera bat: eta Leon ez balitz bere alderdiko bertze goi kargu batzuk baino lapurragoa, baldarragoa baizik?