[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XVIII
Langileriaren errogabetasuna XVIII –
Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa
Eskubidearen nozioa gizakiaren premiarekin lotutako obligazioaren nozioarekin ordeztu dugunetik, hobeto ikusten dugu sail horretan justiziak eskatzen duena. Gogoetatzeari iratzartzen den arima gazteak mendeetan zehar gizadiak bilduriko altxor osoa ezagutzeko premia dauka. Kalte egiten diogu haurrari kristautasun hertsi batean bakarrik hezitzen badugu, eta hertsitasun horrek kristau ez diren zibilizazioetan ere egiazko urrezko altxorrak badaudela konprenitzeko gai izaitera eragozten baldinbadio. Baina hezkuntza laikoak areago kalte egiten die haurrei, zeren altxor horiek oro ezkutatu ez ezik Kristautasunaren altxorra ere ezkutatzen baitizkie gainera.
Frantzian, hezkuntza publikoak Kristautasunari buruz izan lezakeen portaera zilegi eta posible bakarra hau da, Kristautasuna begiratzea giza-pentsaeraren altxor bat bezala beste anitzen artean. Batxiler frantses batek ertaroko poemak, Polyeucte, Athalie, Phedre, Pascal, Lamartine, Descartesen eta Kanten obra filosofiko kristautasunez beteak, Komedia dibina edo, pardise loss, ikasten hastea eta Biblia sekula idekia ez izana da egoera bat erabat absurdua.
Errient eta erakasle-geiei esplikatu behar litzaieteke garai guzietan eta herri guzietan -berrikitan, eta Europako herri batzuetan izan ezik- erlijioak kulturaren, pentsaeraren, eta zibilizazioaren garapenean rola nagusia eduki duela. Erlijioaz sekula mintzatzen ez den hezkuntza zentzugabekoa da. Gainera historian frantses tipiei lehentasunez Frantziaz mintzatzen zaien bezala, Gu Europan izanki, erlijioaz mintzo garenean, normal da lehentasunez Kristautasunaz mintzatzea.
Horrenbestez, maila guzietako hezkuntzetan, haur koskorrentzat erligio-historia izeneko kurtsoak sartu behar genituzke. Iskiribu santuen, eta oroz gainetik Ebanjelioaren pasarteak irakurraraziko genituzke. Eta beti egin behar den bezala, testuaren ezpirituaren berean[1] iruzkinduko genituzke.
Gure herrietan lehen mailako rola jokatu duen dogmari dagokionez, lehen mailako gizonek beren arima osoz sinetsi duten sinesmen batez bezala mintzatu beharko ginateke. Ez ginuke ezkutatuko dogma hori bera krudelkeria andanak hartu duela estakurutzat. Baina entseia ginateke haurrak oharraraztea dogma horretan dagoen edertasunari. Haurek galdatzen badute: «baina egia ote da hau?» erantzun behar zaie: «hain da ederra nun seguraz ere horrek egiaren parte handi bat eduki behar duen”.
Aldiz jakiteko egia absolutua den ala ez, entseia zaitezte, handiak izanen zaretenean, zuehaurk jakiteko gai izaiten ». Debekatua izango litzateke iruzkinetan sartzea dogma ukatuko edo baieztatuko lukeen ezer. Erakatsi nahi luketen, eta horretarako ezagutzak eta pedagogia gaitasuna lituzketen erakasleak edo errientak oro libre izango lirateke haurrei aipatzeko ez bakarrik erlijio kristaua baina edozein egiazko pentsaera erlisioso ere nahiz azken haiei denbora gutiago emanez. Pentsaera erlisioso bat egiazkoa da norabidez unibertsala denean (Judaismoaren kasua ez dena, arrazaren nozioari lotua baita).
Horrelako soluzioa aplikatua izan balitz, espero izan ginezake haurra ez litzatekeela gehiago izanen gu “politikan alde ala kontra” garen bezalako izaki bat. Horrela bi alderdi arerioak desagertuko lirateke, alegia apaizarena eta errientarena, Frantziako hainbeste herritan bi alderdi horiek gerla zibila moduko zerbait entretenitzen dute eta.
Gozatze sinplerako aurkezturiko edertasun kristauarekiko kontaktu horrek herriko masaren ezpiritualitatea suspertuko luke ohargabean, sinesmen erlisiosoen erakaskuntza dogmatiko orok baino askoz eraginkorkiago, herria horretarako gai baldinbada behintzat 2].
Edertasun hitzak ez du erran nahi erlijioa estetoek bezala begiratu behar dugunik. Estetoen ikuspuntua sakrilegioa da, ez bakarrik erligioari buruz baina arteari buruz ere. Izan ere, zer da, bada, estetismoa? edertasunarekin jostatzea da, manipulatuz eta begiratuz. Egiatan, edertasuna da jaten den zerbait; hazkurri bat da. Kristautasunaren edertasuna populuari eskain balakio edertasun sinple gisa, elikatzen duen edertasun gisa eskaini beharko ginioke.
Landa-eremuko eskolan, landa-eremuko bizitzaz maiz ari den Testamentu Berriaren irakurketa arretatsuak, maiz errepikatuak, maiz iruzkinduak, anitz egin lezake landetako bizitzari galdutako poesia itzultzeko. Alde batetik, arimaren bizitza espiritual guzia, eta bestetik unibertso materialari buruzko ezagutza zientifiko guziak lanaren ekinari buruz zuzenduak baldinbalira, lanak bere toki egokia aurkituko luke gizakiaren pentsamoldean. Orduan lana presondegi mota bat izan beharrean, lokarri bat bilakatuko litzateke mundu honekin eta bertzearekin.
Adibidez, zergaitik ereiten ari den laborari batek, ez luke buruan atxikiko–barneko hitzik gabe ere– alde batetik Kristok egin konparaketa batzu, hala nola: «Bihia ez bada hiltzen…», «Hazia jainkoaren hitza da…», «Senebe bihia da bihirik tipiena da…» eta bestetik natura-garapenaren mekanismo bikoitza: nola bakterien bitartez eta bere burua janez bihia zoruaren azaleraino iristen den; nola iguzkiaren energia argiarekin jausten den, eta zurtoinaren berdetasunak harrapatuta ber-igotzen den goruntzeko mugimendu garaitezinean. Behere honetako mekanismoen bitartez “naturaz haraindiko” (horrela adieraz bagaitezke behintzat) mekanismoen izpilua egiten duen analogia nabarmen bilakatzen da orduan, eta, adierazpen modu herrikoiak dioenez, lanaren akidurak ezpiritualitatea laboriari gorputzean sarrarazten dio. Lanaren esfortzuari beti guti edo aski lotua den nekea bilakatzen da orduan munduaren edertasuna gizakiaren zentroan berean sarrarazten duen nekea.
Metodo analogo batek esangura analogoa eman liezoke langileen lanari. Langileentzako metodo hori laborarientzako metodoa bezain erraz asma daiteke.
Soilik horrela eginez, lanaren duintasuna zinez eta osoki oinarritua legoke. Izan ere, gauzen hondoraino joanez, sustrai ezpiritualik ez duen, eta horregatik naturaz gaindiko motakoa ez den duintasun egiazkorik ez dago.
[1] “testuaren izpirituan” hitzek “testuaren kontestuan” erran nahi ote dute?
[2] «herria horretaz gai badinbada behintzat» “gai“hitz hau ez dut hemen ongi ulertzen, beharbada “prest” esan nahiko zuen.