Nork daki?
Nork daki? –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Bakoitzak eraikitzen du bere nortasuna hautu batzu eginez, ikusmolde batzu beretuz. Gai batzuk sortzen dituzte beste batzuk baino eztabaida gehiago. Horietan gai batzuk zatikatzen ahal dute gizartea, bizpahiru partetan, ezin edo nekez ber-hurbiltzen ahal diren talde batzutan.
Gai horietan baditugu adibidez politika inguruko hautuak, aise agertzen direnak batzuetan, gure militante munduan bereziki, gordetzen ere noiztenka, garai batetan ez zirelakotz bere ideiak agertu edo plazaratu behar.
Kirolak ere sortzen ditu zatiketak, futbol eta errugbizaleen artekoetan bezala, kolore bati lotuak, urdin edo gorri futbolean, urdin edo gorri errugbian. Kirolak sortzen ahal ditu kalapita ederrenak, bereziki kirol profesionalaren munduan, diruak duelarik manatzen… Beste adibide bat kirol munduan segitzeko, oroit gaitezen nolako eztabaidak sortu zituen Waltari pilotariak bere pilota jotzeko manera bereziarekin. Baziren arrunt kontra zirenak, ezin onesgarria balitz bezala.
Beste gai batzuek ere sortzen dute eztabaida eta zatiketa, zezenketek adibidez, aldekoak arrunt alde eta kontrakoak arrunt kontra.
Azken hilabete hauetan gai berri batzuek dute lehentasuna lortu. Osasun ziurtagiriak eta txertoak dira eguneroko aipaldiak. Arrunt alde diren gutti, gai hauen inguruan. Arrunt kontra diren gehiago aldiz. Gehiengo bat erdian segurtamenik gabe. Beste arloetan bezala.
Astero milaka lagun biltzen dira Iparraldean, Baionan bereziki, bainan ere Hendaian edo Donibane Garazin, eta Frantziako hiri askotan, beharrezko txertoa eta osasun “pass” delakoa salatzeko. Osasun ziurtagiriaren eztabaidak nagusitu du, gainditu du, orain arte zen txertoaren salaketa. Hunek segitzen badu ere.
Idatzi hunen hasierak sortzen ahal du nahasketa idei bat. Politika, errugbia, futbola, Waltari, zezenketak, txertoa eta osasun ziurtagiria zaku berean sartuz, maila berean ezarriz hain desberdin diren gai hauek. Bakarrik azpimarratzeko bakoitzak duela bere erabakia, bere bideratzea, bere segurtamena. Zergatik eta nola bilakatzen ahal gira abertzale, ezkertiar, errealaren alde? Zergatik beste batzuk beste bide bat hartzen ote dute? Zergatik batzuk onartu dute txertatuak izaitea beste batzuk ez? Zergatik batzuk onartzen dute osasun ziurtagiriaren erabilera, beste batzuk ez? Erantzunak hezkuntzan, bizi ingurumenean, lagunetan, harremanetan, arlo sozialean, irakurketetan, hainbeste gauzetan,…
Txertatuak diren batzuentzat, txertatuak ez direnak oharkabeak litaizke, alderantziz, txertatuak izan nahi ez dutenentzat, ardiak bezala ikusiak dira jadanik txertatuak direnak. Zergatik hainbeste ziurtasun? Zergatik eta nola jujatu bestearen hautua? Ez baita besterik, bakoitzak egiten du hautu bat, bere irakurketekin, bere argumentuekin, eskuin eta ezker bilduak dituen argumentuekin, entzun edo entzun nahi ez dituen argumentuekin. Nehork arrazoi, nehor oker. Bakoitzak asumitu behar egina duen hautua, hartua duen erabakia, bere arriskuekin, bere dudekin, bere baldintzekin, berdin bere beldurrekin, bere sineste edo segurtasunekin.
Bai arrazoi duzu, gai askok gizartea zatitzen dute.
Zergatik egon emakumeen eskubideen alde edo kontra? Bakoitzak bere hautua egin dezala.
Zergatik tematzen dira batuzk arrazakeria ilegalizatzeko? Utzi norberak nahi duena pentsatzeko askatasuna!