Magufismoa ala Bayer?

Magufismoa ala Bayer? –

Zigor Olabarria Oleagak ARGIAn.


Neuk ere harriduraz irakurri dut hainbat lagunek, harrituta, bidali didaten Angel Erroren Iraultza Txikiak artikulua. Ekimenaren kronikan oinarrituta, Garbiñe Larreak Hamabi sendabelar eta hamaika jakintza gure tradizioan hitzaldian ustez esandakoak kritikatzen ditu. Ustez, diot, zintzoki uste dudalako nik hitzaldiaz egindako azaleko laburpenaren eta Errok ateratzen dituen ondorioen artean dagoen aldea handiegia dela.

Magufismoa ala Bayer?

Ondorengoa da nik kronikan idatzi nuena (zer gauza deserosoa autozitatzea): “Sendabelarren sekretuak partekatu ditu entzuleekin Garbiñe Larreak ostegun arratsaldean. Jakintza eta jario harrigarria erakutsiz, ‘bide bazterretan’ aurkitu daitezkeen hamabi sendabelarren hamaikana propietate aletu ditu: asuna, azeri buztana, plantilla belarra, txikoria, pasmo belarra, berbena… Zertarako diren egokiak (edo arriskutsuak), nola, zenbat denboran eta zein dosian hartu. Belarrekin nola esperimentatu eta modu autogestionatuan ikasi, jakintza herrikoia baliatuz industria farmazeutikoarekiko menpekotasunetik askatzeko. Pasmo belarra ‘izugarri toxikoa’ izanik ere, infusio ‘minimalistan’ hartuta airez transmititzen diren gaixotasun kutsakorren –‘pista ematen ari naiz’– aurkako babesa ematen du. Plantilla belarra ligamenduak eta zaintiratuak osatzeko bikaina izateaz gain arnasketa hobetzeko aproposa baita: ‘Farmazietan eskaintzen dituzten 20 jarabetatik 15ek plantilla belarra dute, eta batzuk belar hori soilik’”.

“Uste dut nik hitzaldiaz egindako azaleko laburpenaren eta Errok ateratzen dituen ondorioen artean dagoen aldea handiegia dela”

Errok, hitzok laburtu eta ondorengoa ondorioztatu du: “Estropezu egin dut sendabelarrei buruzko hitzaldiaren laburpenean (Belarrekin nola esperimentatu eta modu autogestionatuan ikasi, jakintza herrikoia baliatuz industria farmazeutikoarekiko menpekotasunetik askatzeko). Antza, COVID-19a bezalakoen aurkako babesa eman dezakeen infusio batez ere jardun dute. Neure buruari galdetu diot magufismora eramaten ote duen iraultza txiki horietako batek”.

Irakurleak baloratu dezala interpretazioa zentzuzkoa den ala ez. Nire ustez batere ez, baina argi utzi nahi dut: inork “magufismoa” eta Garbiñek adierazitakoa lotzeko arrazoirik ikusten badu, hori nire testuaren ardura eta akatsa da, eta ez bere esanena. Eta baloratu dezala ere neurrizkoa ote den herri ekimen oso bat –Iraultza Txikien Akanpada– ezaugarri bakarrera murriztu eta auzitan jartzea, 30 hitzaldiren arteko hitzaldi bati buruz kazetari batek egindako aipamen labur bat oinarri hartuta. Bide batez, Angel Erro eta herritar guztiak gonbidatzen ditut hitzaldia osorik entzutera. Nahi bada, kritikak oinarririk duen baloratu ahal izateko, baina batez ere Garbiñeren jakituriaz eta pedagogiaz gozatzeko (sendabelarren mundutik e-ra-bat urrunduta bizi den norbaiten gonbidapena).

“Nago, dena den, artikulua arazo larriago eta orokortu baten isla dela: COVID-19az, osasun krisia ulertzeko eta kudeatzeko moduez edo txertoez eta txertaketa politikez eztabaidatzeko dugun ezina”

Nago, dena den, artikulua arazo larriago eta orokortu baten isla dela: COVID-19az, osasun krisia ulertzeko eta kudeatzeko moduez edo txertoez eta txertaketa politikez eztabaidatzeko dugun ezina. Askotariko arrazoi, emozio eta bizipenak aintzat hartuta eta modu eraikitzailean eztabaidatzeko ezinaz ari naiz. Binarismoa eta brotxa lodia ezin askatu gabiltza: kritikaren bat agertzen duen oro birusaren existentzia bera ukatzen duen magufo bilakatzen da; erakundeek hartutako neurriren batekin ados dagoen oro agintari politikoen eta multinazionalen morroi ofizialista. Magufismoa ala Bayer? Hori da gure buruari emango diogun aukera bakarra? Serio? Ni ez nago prest. Erantzun oso gutxi ditut, galderak nahi baino gehiago. Baina argi dut bi muturren arteko espazio handi horretan soilik aurkitu ahal izango ditugula erantzun indibidual eta kolektibo interesgarriak. Elikatu dezagun, edukitan eta formetan.

Magufismoa ala Bayer? Magufismoa ala Bayer?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Magufismoa ala Bayer?”-ri buruz

  • Etsipenean lagun, Zigor.
    Egunkari batean zutabe bat duenak, tentu handiagoz idatzi beharko luke, zuzenean ala zeharka inor kritikatzeko garaian.
    Eta bai, “magufismoa ala Bayer”, “osasun krisia ulertzeko eta kudeatzeko moduez edo txertoez eta txertaketa politikez eztabaidatzeko dugun ezina” agerikoa da.

  • ZuzeuMagufoenMeka 2021-09-08 11:18

    Magufismo ala Bayer?
    Pfizer

  • Jonan´s