Autodeterminazio erreferendum iruzurtia

Autodeterminazio erreferendum iruzurtia –

Ekaitz Bergaretxek ARGIAn.


Asko idatzi eta hitz egin da autodeterminazio eskubidea gauzatzeko erreferendumaren egokitasunaz nola zilegitasunaz. Honakoan ordea, logikaren aldetik lotzen saiatuko natzaio gaiari.

Autodeterminazio erreferendum iruzurtia

NBEko testuetan irakur daitekeenez, autodeterminazio eskubidea populuei (herriei) dagokie. Eskubide horren arabera populu bakoitzak bere izaera politikoa aukera dezake. Honaino, gehien-gehienak ados. Baina hemen hasten da joko iruzurtia.

Populua osatzen duten kideak nortzuk diren galderaren inguruan sortzen dira kasurik onenean ezadostasunak, eta okerrenetan engainua edo menderakuntza ideologikoa. Populua terminoaren lege-definiziorik ez izateak ez du auzia errazten, eta hori ongi komeni zaie estatuei. Izatez, Frantziako Konstituzio kontseiluak 1991an ebatzi zuen bere konstituzioak frantses populua besterik ez zuela aitortzen. Baina tira, euskal populuaren izatea ebidentzia izan da historian zehar eta gaur ere, behinik behin aldarrikatzen segitzen dugun artean.

Nork osatzen du, bada, euskal populua? Euskal Herrian bizi den orok? Euskal Herritar sentitzen den orok? Ea. Espainol edo frantses sentitzen direnek beren populuari (euren kasuan estatuari ere, estatua baitaukate) LEIALAK zaizkio; hura beste baten mende egotea ez lukete onartuko eta bertako hizkuntza defendituko lukete ingelesaren erasoetatik. Normala, ezta? Bai.

Zer gertatzen de ordea, espainol eta frantses horiexek Euskal Herrian bizi direnean, kasu anitzetan hemen sorturik, belaunaldi andana daramatelarik bertan bizitzen, eta betidanik erran eta irakatsi dietelarik “¡Aquí es España!” edo “Ici c’est la France !”? Askok erranen dute euskaldunak ERE direla, euskaldun ERE sentitzen direla. ERE horretan dago koxka! Hain zuzen, ERE balantzaren zutoin gisa kokatzen baita, ezkerrean frantses/espainol eta eskuinean euskaldun.

Baina, balantzak 3 egoera baizik ez ditu ezagutzen: alde batera (ezkerrera), oreka perfektua (biak berdin) eta beste aldera (eskuinera). Leialtasunaren printzipioari jarraikiz, oreka perfektuan kokatzen denak leialtasun ber-bera izan beharko lioke frantses edo espainol estatuari nola euskal populuari, eta ondorio logikoz lehenengoen independentziaren aldekoa baldin bada, euskal populuarenaren aldekoa ere izan behar du. Kontua da, oreka perfektu hori oso zaila dela atzematea fisikan, eta politikan gehiago. Baina tira. Onar dezagun baten batek oreka egoera perfektu hori bizi duela. Zer bozkatuko luke Euskal Herriaren aldeko autodeterminazio erreferendum batean? Zalantzarik gabe BAI bozkatuko luke, populu bateko eta besteko kide sentitzen baita berdin-berdin.

Bizkitartean, frantses edo espainol populuetako kide sentitzen direnek, alegia nagusiki edo osoki balantzaren ezkerrean kokatzen diren horiek, EZ bozkatuko lukete, leialtasun handiagoa diotelako Frantziari edo Espainiari euskal populuari baino. Beraz, ondorio logikoz, euskal populuko kide sentitzen ez direnez, edo soilik modu desorekatuan (modu erregionalistan, autonomistan, elkargozalean,…), nolaz izango lukete bozkatzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea populu horri badagokio? Bestela esanda, frantsesek eta espainolek onartuko lukete atzerritar batek beren hauteskundeetan bozkatzea?

Bestalde, balantzaren eskuinera jota, hots euskal herritar sentitzen direnen aldera, zertarako egingo dugu erreferendumik, berez ezin baitugu (burutik sano baldin bagaude behintzat) gure askatasunaren kontra bozkatu?

Azkenik, gogoan atxiki behar dugu, erreferenduma antolatzekotan, Frantziak eta Espainiak luketela horretarako eskumena (gure estaturik ez baitugu). Eta badakigunean “Gobernuek erreferendumak antolatzen dituztela beren helburu politikoak lortzeko eta ondorioz antolatzaileak espero duen emaitza eman dezaketenean baizik ez dituela antolatzen” (Stephen Tierney, Edinburgoko Zuzenbide Unibertsitateko Zuzendaria), eta “erreferendun gehienak aldi berean kontrolatuak eta pro-hegemonikoak direla” (Arend Lijphart, Democraties: Patterns of Majoritarian and Consensus Government in Twenty-One Countries – Yale University Press 1984, eta Matt Qvortrup, Are Referendums Controlled and Pro-hegemonic? 2000, ), ez genuke burutik sano egon behar bide horretan sartzeko. Adibideak ez zaizkigu falta, eta laster beste bat izango dugu Kanakian abenduaren 12an frantses estatuak antolatuko duen 3. eta azken autodeterminazio erreferendumarekin.

Autodeterminazio erreferendum iruzurtia Autodeterminazio erreferendum iruzurtia Autodeterminazio erreferendum iruzurtia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.