“Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut”

“Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” –

Izenburuko esaldi hau ez diot inori entzun. Barrenetik dudan sentimendua da. Ni Getxon bizi den auzotarra naiz. Familia euskaldunekoa. Familia ere badut Getxotik kanpo, hala nola Santurtzin eta Elgoibarren. Euskara familian jaso dut gurasoengandik eta baita ikastolan ere. Baina Getxon, kalean, ez da gehiegi entzuten edo bizitzen. Nire ikaskide eta lagunek elkarrizketa nekez jarraitu dezakete erdarara jo gabe. Horrek azkenean nigan eragina du. Izan ere, azkar hitz egiten dudanean gaztelania tartekatzen dut inkonszienteki.

Elgoibarrera edo Gipuzkoako beste herri batzuetara joaten naizenean, ordea, hizkera eta giroa ezberdina da. Eta barrutik sentitzen dut hango jendearekin harremanetan jartzeko beharra, edozein dendatan normaltasunez gure hizkuntzan egin ahal izatea, lagun artean euskarari eusteko bakarra ez izatea, eta abar.

Arnasguneetan euskarak arnasa hartzen duela diote. Baina hiztunoi ere “euskara arnasteko” aukera ematen digu. Nahiz eta hizkuntza bat ezin arnastu, baizik eta entzun eta irakurri, sentsazioa da pertsonok ere “arnastu” ahal dugula. Gainera, hango jendearekin hitz egitean, hitz egiteko moduak eta espresio berriak ikasten ditut. Adibidez:

  • gehio
  • t bikoitza “tt” (dittut)
  • det
  • aditz laguntzailea desagertzea “besterik nahi?”, “besterik nahi duzu?” ordez.
  • “badaezpada”  beharrean “bazpada” esan.
  • “joango gara” = “jungo gera”
  • “egingo dute” = ”ingo debe”
  • “bihar” = “bixar”

Argi dago azken urteetan euskararen erabilera murriztu egin dela oso bortizki, gazteok bereziki ez dugu euskaraz mintzatzen eta aipatzekoa da guk orain ez badugu hizkuntza zoragarri hau erabiltzen, urte batzuk barru desagertu egingo dela, gu baikara etorkizuna.

"Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut"

Nire ikuspegitik eta esperientzia propiotik hitz eginda; kontua da gazte asko ez garela gu geu sentitzen giro erdaldun batean, mugatua ikusten dugu gure burua eta ez gara guztiz eroso sentitzen. Nik uste dut gaur egungo gizartean gauza askori ematen zaiela garrantzia; baina, ez zaie garrantzia ematen -benetan- gauza inportanteak diren horiei. Gazteok soilik pentsatzen dugu populartasunean eta “guaiak” izatean, beste guztia ez zaigu axola. Eta ulertezina da niretzako euskaraz aritzea “pringatuen” gauza bat izatea. Nire kasuan, ikastolan euskara sustatzen ibiltzen diren arren, hizkuntza honetan hitz egitea klase orduan edo jolasorduan “pringatuen” gauza izan da eta txarto ikusita egon da; nik, ordea, ez dut inoiz honela pentsatu, guztiz kontrakoa; norbait niregana euskaraz zuzendu denean emozioa sorrarazi dit. Finean, ez dakit nerabezaroaren kontu bat den edo gizarte honen arazo orokorra. 

Irakasle batek azaldu zidanez, nortasun sendoa behar da hizkuntza bat nagusia den tokian, indar gutxiago duen batean aritzeko. Nortasun hori 2 motatakoa da: 

  • euskal nortasuna edo euskararekiko atxikimena.
  • nortasun pertsonal sendoa: pertsonalitate sendoa, liderrarena egiteko gaitasuna.

Nortasuna 2 mota hauek duen norbait egotea ez da nahikoa. 20 kideko ikasgela batean adibidez, 2 pertsona behar dira horrelakoak gutxienez. Baina egonez gero, taldearen dinamika edo hizkuntza ohiturak aldatzea errazagoa da. Lider horiek besteentzat erreferente badira, kutsatze efektua lortzen dute. Hori bai, gela horretan denek behar dute ezagutza maila, edo betidanik D ereduan ikasi izana. Zoritxarrez hori ez da gure klasean gertatu baina bagaude kontzientziatutako batzuk. Ez dugu dena euskaraz egiten, baina euskañolez egiten dugu etengabe, klasetik kanpo erdara hutsera heldu arte.

Horrez gain, esan beharra dut kriston pena ematen didala ikastolan beti azpimarratu digutela euskara erabiltzeak duen garrantziaz, eta beti egin ditugu mota askotako ekintzak euskara sustatzeko; txikitan ere beti ibili gara denok euskaraz, tamalez, badirudi ez duela eragin  handia izan gugan. 

Are gehiago, aurten, DBH4.mailan -nire azkeneko urtea ikastolan- “Euslider” deituriko talde batean hartu dut parte, bertan zenbait ekintza sozial antolatu ditugu txikiagoak direnek ez dezaten euskaraz mintzatzeko ohitura ederra galdu. Esaterako, ikastolako horma batean eguzkilore baten marrazkia egin genuen haren inguruan euskarazko abestien letren zatiak idatziz, ondoren, guk geuk sortutako Spotify-eko playlist bat sortu genuen eta muralean txertatu genuen playlist honen QRa, edonor sartu dadin euskarazko musika entzutera. Eta ez hori bakarrik, ikastolako gela guztietan banatu genuen QR hori plastifikatuta, betirako eduki dezaten. Azaldutako  esperientzia propio honi dagokionez ondorio gisa esan dezaket gauzak ez direla egun batetik bestera aldatzen, ekinaren ekinez lortzen dira eta gizarte honetan, edo Getxon behinik behin, honela pentsatzen duten pertsona gehiago behar ditugula deritzot, jarduera berriak gauzatzeko prest daudenak.

"Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut"

Lagunei dagokienez, betidanik sentitu dut euskaraz aritzeko lotsa hori; egia da noizbait lehen pausua eman dudala euskarazko hitz bat esanez, baina ez du oihartzun handia izan. Kontua da, talde handi batean gaudenean eta denok ari garenean gaztelaniaz hitz egiten, nahiko zaila izaten dela bat-batean euskarara aldatzea eta horrek ere amorrua handia sentiarazten dit.

Benetan diotsuet ezin ditudala ulertu suertatu zaigun pribilegio hau aprobetxatzen ez duten pertsonak. Euskaraz hitz egiten jakitea aparta da, jende askok ez dakien hizkuntza da eta guk hori jakin ahal izatea itzela da. Jende askok ez du euskara baloratzen eta espero dut noizbait konturatu daitezen berenganatzen duten pribilegioaz.

Ildo beretik, hasieran aipatu bezala, beste herri batera joateko beharra sentitzen dut, herri euskaldun peto-peto batera joateko beharra, izenburuak dioen arnasgunera joateko beharra. Askotan galdetu didate zein den nire ametsa, eta normalean nire erantzuna euskaraz bizitzea da, baina argi daukat lortu egingo dudala. 

Beno, orain arte esandako guztia nire ikuspuntutik eta nire sentimenduetatik esandakoa da, orain arte idatzitakoa neure barrena husteko idatzi dut, nahiz eta beste zenbait gauza esan nitzake oraindik, baina, esan behar ere, batzuetan sentsazioa dudala euskara ez dakitenek hizkuntza hau galdu ez dadin gauza gehiago egiten dituztela dakigunok baino. 

Nolanahi ere, onartu beharra dago, kanpotik datorren jende askok, edota hemen bertako askok ere euskara ikasi nahi dutela, eta ez daudela baliabide asko beste hizkuntza batzuekin konparatuta gutxienez. Horrek ez du esan nahi euskara ikasteko modurik ez dagoenik, baina, nabarmentzekoa da telebista euskaraz, besteak beste, ez dagoela eskaintza hain zabala, beno, ez dagoela aniztasun handia, adibidez, gazteontzat, ozta-ozta daude telesailak. 

Horren harira, garbi dago pertsona askok euskaraz dakitela baina elkarrizketa bat hasterakoan gure ohitura gaztelaniaz hastea dela, esaterako, dei bat jasotzen dugunean zenbait aukera daude horri erantzuteko eta gehien erabiltzen dena “sí” da. Hori esandakoan ziurrenik elkarrizketa guztia bideratuko duzu gaztelaniara, aldiz, “bai” edo “nor da?” galdetuko bagenu, aukera gehiago egon liteke besteak elkarrizketa euskaraz egin dezan. Beraz, zergatik ez dugu esfortzu txiki bat egiten hitz gutxi batzuk soilik aldatuz? 

Laburbilduz, esan dezaket gure gizarteak ohitura garratza hartu duela, gazteok euskara geroz eta gutxiago erabiltzen baitugu eta zalantza izpirik gabe gauza mordoa egin dezakegu egoera hau hobetzeko. Ni prest nago, eta zu?

“Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut” “Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut”

Indarrak falta zaizkidanean beti gogoratzen dut esaldi hau: "Gogoa den tokian, aldaparik ez" eta nire aitak gustuko duen atsotitzak dioenez: "Umearen zentzuna, etxean entzuna".

9 pentsamendu ““Arnasguneetara joateko beharra sentitzen dut””-ri buruz

  • Kaixo June.Lehenik eta behin zorionak iritzi artikuluarengatik. Hausnarketa oso interesgarria da, eremu erdaldunetan euskaldunoi oso zaila egiten zaigu euskaraz bizitzea,eta zure adinean are zailagoa da (modan ez dagoelako eta gainera diozun bezala baliabide asko falta direlako).
    Herri euskaldun batera joateko ideia aipatzen duzu.Ulertzen dot zure egoera (ni Gasteizen bizi naiz) baina bide errazena ez da beti egokiena. Getxon arnasguneak sortzera animatzen zaitut, mintzalagun programen bidez, kultur ekintzetan izena emanez,herri mugimenduaren bidez euskal jarduerak bultzatuz … Erronka ez da makala,baina aitortuko didazu oso ederra dela gureak bezalako hiri/herrietan euskaraz entzutea. Fruituak jasotzeko erein ditzagun haziak?
    Besarkada bat

  • Herri erdaldunetan arnasguneak sortu ditzagun eta euskararen presentzia kaleetan normala bihurtu dezagun. Hori da gure lana. Eta euskarari barriro bere harrotasuna emon, jendeari erakutsiz kontzientzia nazionala eta euskara eskutik doazela. Herri harrotasuna landuz euskarak bere lekua berreskuratu dezala.

  • Jone,

    Hunkitu egin nau zure idatzie irakurtzeak. Adore handiko neskatxie zarela erakutsi duzu, eta esaldiz esaldi zuk jasotako sentimentuekin bat egiten dot. Zure aldean sano be helduagoa naiz, baina horrela bizi gara bai Euskal Herriko hainbat zonaldetako euskalhiztunak.

    Guk etxean asteburu zein udan arnasguneetan bizitza egiteko erabakiari eutsi genion orain 3 urte, eta erabaki honek bizitza aldatu digu. Zin dagizut zoriontsuagos naizena.

  • Kaixo Mitxel! Zurekin bat nator, erronka ez da makala, baina, zuk aipatutako programen bidez besteak beste egoera aldatu dezakegu. Eskerrik asko zure ekarpenagatik.

  • Tximino, zuk esan bezala; herri harrotasuna landuz euskarak bere lekua berreskuratu dezake, beraz, hori da lortu behar duguna! Milesker.

  • Aupa Jone, bai, ni gaztea naiz, baina, argi dago jende asko identifikatu daitekeela nik esandakoaren eta horrek oraindik badagoela hizkuntza honekiko maitasuna erakusten du. Pozten naiz zure arnasgunea aurkitu izanagatik. Ondo segi.

  • Kaixo June,

    Zorionak artikuluagatik, zintzoa eta egokia iruditu zait. Hala ere, uste dut ez dagoela horrelako pesimismorako motiborik. Datu objetiboen arabera, azken urteotan ez da erabilera bortizki jaitsi, 2006tik hona nolabaiteko estankamendu bat igartzen da. Eta 2006ra arte euskararen egoera asko hobetu zen… (gakoa da hainbat hamarkadatako errepresioak hilzorian utzi zuela; Euskararen Liburu Beltza gomendatzen dizut). Uste dut euskararen biziberritze prozesuaren mugez jabetzen ari garela une honetan, eta horiek zuzentzeko bideak jarri behar ditugu orain. Baina ausartak izan behar dira gure agintariak: haur euskaldunen taldekatzea, ikus-entzunezkoa eta ETB euskararen alde jarri, arnasgune funtzionalak sustatu herrietan…

    Bestalde, Algortan izan naizenean nahiko giro dinamikoa ikusi dut euskararen inguruan: gazteak, familia gazteak, kultur ekimenak… Bilbon baino dezente hobeto ikusten dut.

    Eutsi!!

  • Kaixo June, zoragarria zure aportazioa. Ni berria naizun mundu honetan. Hizkuntza zoragarri hau aspalditik ikastea nahi nuen eta hor nago. Zure testua oso oso interesgarria dela pentsatu dut. Honelako gazteak asko lagundu dezakezue. Gora zu!

  • Askotan interneten nabigatzen gauza arraro eta albiste txarrak bakarrik ikusten ditugu eta egunerokoan honetara ohitzen gara. Baina bestetan aire garbi eta freskoa dakarren testu edo publikazioak ere aurkitzen ditugu. Zorionak June, zurea izan da aurten irakurri dudan arnasgune zabal eta gozoena. Segi horrela!