Azukredun txikleak gomendatzen zituen dentista
Azukredun txikleak gomendatzen zituen dentista –
Telebistak zioenez hamar dentistatik bederatzik azukrerik gabeko txikleak gomendatzen zituzten.
Ni beti ume konplikatua izan nintzen, eta iragarki hura entzutean hamargarren dentistarengan pentsatzen nuen, eta zertan oinarritzen zen bere lankideen kontrakoa esateko. Ez zigun inork azaltzen zeinak ziren disidente horren arrazoiak edo nola argudiatzen zuen bere ikuspuntua. Ez zion inork entzuten.
Berarekin bat egiten nuen esaldiari mentalki buelta ematen eta esaten: hamar dentistatik batek azukredun txiklea gomendatzen du. Holan kontaturik zalantzaren atea zabalik geratzen zen.
Ez dut uste portzentai horren atzean inkesta fidagarri bat egongo zenik. Badakit -agian une hartan ez nekiena- esaldi matematiko hori eslogan huts bat baino ez zela. Garai hartan bai imajinatzen nuela mediku horrek Cheiw, Bang Bang edo Boomer amorruz defendatzen eta beraien zaporegabeko ordezko tristeen (Trex, Trident, Orbit…) osaera kimikoa kritikatzen.
Gustora idatziko nuke istorio bat tipo horretaz; zein bizitzako bideetatik heldu zen jarrera horretara. Gainera, izenburu gisa, arrakastatsu ematen du. Hortxe dugu El hombre que no amaba a las mujeres, El hombre que susurraba a los caballos, a las cabras, Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona…
Baina goazen harira. Pandemian ere badugu hamargarren ustekabeko iritzi hori, gehiengoaren iritziaren aurka doan jarrera. Kasu batzuetan ganorabakeria edota harropuzkeria dela eta: Bolsonaro, Trump… Beste batzuk errespetagarriak diren planteamenduetan funtsaturik: Anders Tegellsek Suecian, artaldearen inmunitatea abiapuntu gisa hartzen.
Ulergaitzagoa da, horiek baino, Miguel Bosé-rena. Agian oker nago baina beti iruditu zitzaidan -iraganean esango dut- pertsona zentzuduna; ederki abesteaz gain dezente arrazoitzen zuen tipo bat. Bai, elkarrizketa batetan entzuten zenionean, Venezuela edo Hego Amerikaren aldeko sarturik dagoen proiektuetan ezagutzen zenituenean, adimen -emozionala behintzat- soberan zeukan artista bat ematen zuen Bosék. Jabetu gaitezen nolako diskrezioz bizi izan den duela hilabete batzuk arte.
Hasiera batetan bere ideiak hedabideek kontestutik at ateratako adierazpenak zirela pentsatu nahi nuen baina Lo de Evole elkarrizketan ikusi dudanak ikaratu nau; eta ez hainbeste edukinagatik baizik eta beraren abotsagatik, begiradagatik.
Agian horraino eraman duena azken bolada honetan Papitok sofritu izan dituen patuaren zaplastadei zor die: Bimba eta bere amaren -COVID dela eta hain zuzen ere- heriotzak, bere bikotekide ohirekin epaitegiko kontuak…
Baina Bill Gatesena, 5G mikrotxiparena, konspirazioarena zoramenatik gertuegi dago.
Irribarrez edo masaileko orbainaz desarmatzen gintuen mutila azukredun txikleak aholkatzen dituen dentista beldurgarri, penagarri bihurtu da.
Azukredun txikleak gomendatzen zituen dentista
Ohartxoa:
Jakinen duzu beharbada, baina “Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona” euskaraz ere badago.
Amaia Astobizak euskaratua.
https://www.berria.eus/albisteak/114265/oliver-sacks-neurologoa-eta-idazlea-hil-da.htm