Dantzan Ikasi zenbakitan
Dantzan Ikasi zenbakitan –
Atzera begira jarri gara une batez Dantzan Ikasin, eta atentzioa eman digute 13 urte hauetan zehar jasotako zenbait datuk: ia 500 ikaslek ?irakaslek? eman dute izena antolatu ditugun 66 formazio saioetan, eta denera 1500 agiritik gora banatu dira Euskal Herriko bazter guztietara.
2009ko maiatzean izan zen Galdakaoko Andra Mari taldeko Kepa Artetxe eta Mikel Goitia dantza-maisuek jotaren inguruko lehen formazio saioa eman zutela, orduan Donostiako Artelekun kokatzen zen Dantzagunearen dantza-gelan. Arrakastatsuago ezin ekin, eta izen-emateak espazioaren edukiera gaindituta (urteak beranduago pandemiak ekarriko zizkigun edukiera aferak imajinatu ere ezin genituen egin), bigarren txanda antolatu beharra izan zen, Zarauzko kiroldegian kasu hartan. Ordutik, dantzan eta dantzaz aritu gara hamahiru urtez eta hamaika txokotan, larunbat goizetako saio praktiko nahiz teorikoetan, baina baita dedikazio gehixeago eskatu dizkiguten mintegi eta jardunaldi saio berezietan ere.
.
Formazioan erreferentzia eta bidelagun
Zenbakiak hotzak izan ohi badira ere, guretzat hauei goxotasuna darie, euskal ondare koreografikoaren transmisioan dabiltzan irakasleen jardunerako erreferentziazko aterpetxe eta bidelagun bilakatu baita Dantzan Ikasi. Irakaskuntzaren bidaia interesgarri bezain konplexu eta sarritan etsigarri horretan, gehiengoak egun bakarra egin ohi du gurean, ikastaro bakarrean hartzen baitu parte. Gutxiengo batek (%10ak gutxi gora behera), berriz, errepikatu du maiztasunez gure dantzako sala, ohiko formazio dinamika mantenduz. Ontasunaren inguruko baloraziotan sartu gabe, Bertolt Brechten olerkia etorri zaigu burura, eta “egun batez”, “urte betez” ala “bizitza osoan” aritzearen (“borrokatzeaz” ziharduen Brecht) atzean dauden arrazoiez hausnartzen uzten gaitu beste behin: egitura eta egonkortasun falta, gaztetasun edo aro jakin bati lotutako jarduera, behin-behinekotasuna, amateurismoa, jardueraren izaera gehigarria, formazio beharraren kontzientzia eza… denak ere sorgin gurpil berean bueltaka dabiltzanak handik alde egin ezinda.
.
Gipuzkoatik Euskal Herri osora eta Euskal Herri osotik Gipuzkoara
Dantzan elkartetik kudeatzen bada ere Gipuzkoako Aldundiaren Dantzagunea da Dantzan Ikasiren etxe birtuala, eta baita fisikoa ere beharra dagoenean; hastapenean Donostiako Artelekun eta gaur egun Errenteriako Niessen erakinean. Kultur etxeak direla, kiroldegiak direla, museoak direla, antzokiak direla, ala bestelako eraikin publikoak direla, Gipuzkoako hainbat lekutan ireki dizkigute ateak: Donostia, Zarautz, Tolosa, Andoain, Errenteria, Beasain, Astigarraga, Elgeta, Elgoibar eta Eibar.
Gipuzkoako dantza-gela eta espazioetara ekarri ditugu Euskal Herriko dantza irakasle eta adituak haien ekarpena, zainduz eta neurtuz, ahalik eta baldintza duinenetan eskaintzeko. Baina enbor bereko ezpal garela jakitun, aukerarik izan denean eta parera tokatu denean, ez dugu aukerarik pasatzen utzi gure mugetatik haragoko dantza-maisuak gonbidatzeko, rapper ezpata-dantzen ala Gaskoiniako herri-dantzen inguruko saioak antolatuz.
Euskal Herri zabaleko errepertorioko hainbat dantza lehen eskutik ikasteko aukera eskaini dugu, dantzaren historian arakatu dugu gure langaia hobeto ulertu ahal izateko, dantzarako gorputza behar bezala prestatzeko eta zaintzeko adituekin aritu gara, irakaskuntzarako pedagogiak eta metodologiak elkarbanatu ditugu, eta gogoeta saioak bultzatu ditugu euskal dantzaren jarduera inguratzen duten hainbat gaien inguruan. Askotariko proposamen horrek gipuzkoarrak bakarrik ez, Euskal Herri osoko ikasleak erakarri ditu Dantzan Ikasira; Bizkaian Mungia edota Portugaletetik hasita, Lanteno edo Bitorianotik pasata Araban, Iruñerria utzi eta Ezkirotzetik aurrera, Bidarrai igaro eta Baionako beste puntara.
.
Pandemiak banandu duena berriz batzeko ahaleginak
Denboran gertuagora etorrita, iazko martxotik aurrera bertan behera gelditu zitzaizkigun esku artean genituen ikastaroak. Uda ostean zalantzaz beteta hasi genuen ikasturtea, baina irailean ezer antolatzeko modurik ikusten ez genuen hartatik maiatzean izan berri dugun topaketara, ordea, ia 200 pertsonak izena eman du ikasturte honetan, eta 250etik gora matrikula gauzatu dira (nahiz eta bi ikastaro bertan behera utzi behar izan ditugun osasun larrialdiak behartuta).
Elkarren arteko distantzia fisikoa zaindu beharrak gertutasun birtualaren aldeko ahalegin berezia egitera eraman gaitu aurtengoak. Horren emaitza izan dira streaming bidez zabaldu diren hiru hitzaldiak, eta proposamenaren arrakastaz dihardute izena-eman zuten 60 pertsonek ala gerora bideoak izan dituen 500 ikustalditik gorako emaitzak.
Aurrez aurrekoari dagokionez, euskal dantzaren jarduera ia guztiz desagertuta egon den ?eta jarraitzen duen? garaiotan, fisikoki ere batzeko eta mugitzeko aukerak bilatzeari ez diogu utzi, eta aurreikusitako lau saioetatik bi behintzat aurrera atera ahal izan ditugu: Lau urrats eta kitto! (saio laukoitza) eta Dantzan Ikasi Topaketak 2021. Bietan ere, matrikula aurreikuspenak gaindituta eta egungo pandemia egoeran bizi ditugun edukiera mugak eta protokoloek baldintzatuta, txandak bikoiztu (lehengoan) eta espazio berria bilatu (bigarrenean) beharrean aurkitu gara denok kabitu ahal izateko.
Euskal dantza irakasleentzat formazioa eskaintzeaz gain, aurtengoan pandemiak banandu duena berriz batzeko ahaleginetan ez-ohiko ekarpena egiten ahalegindu gara Dantzan Ikasi programaren bitartez, eta zentzu horretan zenbakiek ikasturterik oparoenetakoa izan dela adierazten digute; ez da kasualitatea. Sektore honek dituen arazo endemikoei pandemiak eragindako etenak berriak gehitu dizkio, nahiz eta azken horien dimentsioa oraindik neurtzeko dagoen. Zenbakion atzean zenbat dantzari, dantzazale, irakasle, musikari… eta ardura, osasun, bizipoz, gogo, ilusio, hitzordu… dagoen ohartzeko balioko ote digu?
Dantzan Ikasi zenbakitan Dantzan Ikasi zenbakitan