Ba al dakigu haurrek zer behar duten?
Ba al dakigu haurrek zer behar duten? –
Gaur gure umeei galdetuko bagenie eskolara joan nahi duten, agian harritu egingo ginateke erantzunarekin. Gehienek baietz esango lukete. Pandemia egoera oso argi uzten ari da gizakiontzat zer garrantzitsua den besteekin egotea. Haurren kasuan, zer esaterik ez: haurra ez da haurra jokatu gabe, eta joko horietan lagunak ezinbestekoak dira garapen osasungarri baterako. Beraz, nik uste dut oso harro sentitu behar dugula irailetik gure ikastetxeak irekita daudelako, eta hemendik irakasle guztiak zoriondu nahi ditut. Egiten ari diren ahalegina itzela da.
Goazen beraien lana txalotzera eta eskertzera, etengabe. Orain urtebete, arratsaldero, osasun sisteman lanean ari ziren guztiak txalotzea erabaki genuen. Noiz izango da irakasleak txalotzeko momentua? Txalo orokor handi bat, mirespen beteriko txaloa. Ziurrenik txalo honekin, besterik gabe, ez dute nahikoa izango. Nahiago dute irakasle gehiago eta horien egonkortasuna ikastetxeetan, esate baterako, baina nonbaitetik hasi behar da. Goazen egunero gure irakasleak txalotzera, ez digu kalte egingo.
Baina buelta gaitezen harira. Haurrei eskolara joan nahi duten galdetuko bagenie, gehienek baietz esango lukete. Haur zoriontsu asko ezagutu ditut ikastetxeetan. Baita «a zer nazka eskolara joatea!» esaten dutenak ere, noski; baina, behin eskolan, oso pozik daude lagun eta irakasleekin. Eskolan zerbait garrantzitsua egiten ari direla sentitzen dute. Nire ustez, irakasleen lanen artean dago gure txikiei erakustea egunero egiten duten ahalegina eta ikaskuntza garrantzitsuak direla.
Haurrek helduak izatera iritsi nahi dute. Irakasle eta familiek helduen mundua benetan interesgarria dela erakutsi behar diegu. Haurrek sentitu behar dute heldua izateko bideak eskatzen duen ahaleginak benetan merezi duela. Baina guk helduok, irakasleok eta familiok, benetan pentsatzen dugu gure mundua ederra eta interesgarria dela? Bizipozez beteriko mundu batean bizi gara? Gai al gara gure haurrei horrelako mundu bati buruz hitz egiteko? Bihotzez?
Aurreko galderei, ziur aski, gehienek ezetz erantzungo genieke. Baina, gure haurrei amesten duten etorkizuna sortzeko tresnak eskain diezazkiegun. Horretarako daude ikastetxeak. Eskola-familia harremana ezinbestekoa da, baita eskola ikaskuntza-komunitate zabal gisa ulertzea ere. Auzoa, Herria, Hiria, Hezkuntza Saila, denak, eta Eskola, gure haurrak heztea mundura irekita garatzeko. Baina horretarako ere haur bakoitzaren garapen bidea errespetatu behar dugu. Denok ez gara era berean garatzen. Bakoitzak gure pasioak, beharrak, mugak, gaitasunak, desioak ditugu. Denontzat ez du berdin funtzionatzen.
Beraz, gakoa haurren hitza entzutea da. Haur bakoitzak badaki zer behar duen ongi egoteko eta ikasteko, zer egin behar duen eta zer ez. Entzun besterik ez dugu egin behar. Ez dugu gehiago egin behar hasiera batean. Eta gero gerokoak.
Haurren hitza entzutea esaten dudanean, beraien logika ulertzea esan nahi dut. Haur bati arretaz begiratuz gero, nahiz eta oraindik hitz gehiegi ez izan, haren jokabideen esanahiak uler ditzakegu. Esanahi horiek kontuan hartuta, ikasle bakoitzarekin has gaitezke ibiltzen errespetuzko harreman baten bidez.
Norbaitek esan dezake naif naizela, ameslaria, utopia batean sinesten dudala, ez nagoela errealitatean, proposatzen dudana ezinezkoa dela, eta abar. Horrela mintzatzen direnei oso argi esango nieke oker daudela. Oso benetakoa da proposatzen dudana. Haurrek beraiek erakutsi didate bidea. Heldu bakoitzak barruan duen haurra ere zaindu behar dugu. Bidea ume guztiekin batera egitea da kontua.