Ipar Amerikako eta Ipar Euskal Herriko bi liburu
Ipar Amerikako eta Ipar Euskal Herriko bi liburu –
TZ sortak garai batean hemengo nahiz kanpoko literaturan gaina hartu zuten liburuak argitaratzea du helburu, haietan bilduak dauden balioak nabarmendu nahian, balio horiek, hein handi batean, giza eskubideei loturikoak izanik.
Oraingo honetan, alde batetik, Kate Chopin idazlearen Esnatzea
“Kate Chopinek 1899an Esnatzea eleberria plazaratu zuenean, estatubatuar kritikariek muzin egin zioten liburua estiloaren aldetik aztertzeari, eta bete-betean lotu zitzaizkion mamia kritikatzeari. Den-dena iruditzen zitzaien kritikagarri. Haien iritzian, protagonistak ezkontzaz kanpo sexu harremanak izateko agertzen zuen joerak moral onaren mugak gainditzen zituen; beti gogoak ematen ziona erabakitzeak auzitan jartzen zuen senarraren aginpidea; eta edozein gai eta arazotan bere kasa jardutea gizartearen arauak zapuzteko erarik onena zen. Jakina, kritikari haiek ez zuten esaten moral ona eliza kalbinistak ezarritakoa zela eta gizartearen arauak gizonek soilik asmatutakoak zirela. Esnatzea Amerikako Estatu Batuetako lehen eleberri feminista da, baina, batez ere, emakumearen ahalduntzeari eta haren askatasun nahi eta beharrei egindako kantu ederra da”.
Bestetik, Iparreko eleak (Ipar Euskal Herriko testu laginak) deritzan lana ere aurkeztu nahi dizuegu. Xabier Monasteriok hautaturik eta prestaturik, 28 atal laburretan barna Iparraldeko euskaldunek literaturan nahiz bestelako arloetan sorturiko testuen antología bat eskaintzen dugu, testu bakoitza bere testuinguruan egokiro kokatuta dagoela.
“Euskal Herriko literatura ondare aberatsena Iparraldean dago, zalantzarik gabe. Hala ere, ezin esan daiteke egungo irakurleak ondare hori behar bezala ezagutzen duenik. Hori dela eta, liburu honetan lehen hurbilketa bat proposatzen diogu irakurleari, lagin laburren bitartez Ipar Euskal Herriak iraganean sortu dituen denetariko testuak ezagutzeko. Izan ere, literatura ez ezik, almanakak, gutunak, katiximak, testuliburuak, aldizkari artikuluak eta beste zenbait testu mota ere aurkituko ditu orrialde hauetan. Eta denak testuinguruan ondo kokatuta eta oharrez oparo hornituta ematen ditugu, hobeto uler daitezen. Beraz, Euskal Herriko ipar-hegoak lotzen laguntzeko lanabesa duzu liburu hau”.
Ipar Amerikako eta Ipar Euskal Herriko bi liburu
Eskerrik asko zuen ekarpen baliotsu hauengatik. Bigarrenaren gaia bereziki kitzikagarri egiten zait, eta duda barik eskuratuko dut liburua.
Izan ere, benetako harribitxiak dauzkagu gure testu zaharretan. Hona Juan de Tartasek 1666an publikatu Onsa hilceco bidia obrako hitz eder batzuk baturatuta:
“Eguzkia Orienten agertzen eta jalgitzen den bezain fite, lurrean argia da; gauak eta ilunpeak ihesi doaz, argizagiak ere, eta bertze zeruko izarrek eta planetek, *ala duten bere argia eta bere klaritatea bere naturaz edo enpruntuz eta jesanez harganik; oro haren ahalkez gordetzen dira, itzaltzen eta eskapatzen hark Orienten goizean bere begitate ederra, bere bisturak, edermen handiak eta leinuruak mundu honi agertzen dituen puntu berean. Errana ere hala da latinez:
Quando sol lucet, luna et stellae latent.
Eguzkiak argi egiten duenean, argizagia eta bertze izarrak oro gorde bitez, bihoaz ihesi, itzal bitez”.
*ala duten … edo = wether they have … or