Eguzkia jaikitzen da

Eguzkia jaikitzen da –

Eguzkia jaikitzen da

Gaurko lehen argazkia –edo argazkiak- ez datoz egunkarian. Gaurko lehen argazkiak etxe barrukoak dira, eta ez dira hedabideetan ateratzen. Gipuzkoako Goierrin hainbat herri dauzkagu itxita: Beasain, Lazkao, Urretxu, … Eta hala egon beharko omen dute aste santuko oporrak pasa bitartean, gaur zortzira arte. Imajinatzen du batek zer giro egongo den bizpahiru ume eta gurasoak kanpo-gose egongo diren etxe batean. Ataundarrak eta zegamarrak tira, nahi adina mendi dute herriko mugen barruan, Aralar batzuek, Aizkorri besteek. Baina Ordizian, Goierriko herririk populatuenetakoa eta lurraldez txikienetakoa den horretan… nola errenditu? Gaurko bigarren argazkia BERRIAn dator: emakumea besoak eta eskuak gerritik gora kiribilduta. Flamenko dantzaria da Alba Martin eta Bilboko kaleetan aritzen da. Zihara Jainagak egin dion elkarrizketan soziologia lezioa ematen du Alba Martinek: nola jendeak uste duen etxerik ere ez duela izango agian; nola ostiralak eta asteburuak diren egunik onenak kalean dantzan jarduteko; eta, betiere, egun argiak, hodeirik gabekoak. Hirugarren argazkia liburu baten aurkezpeneko irudi tipikoa da, Donostiako Konstituzio plazan ateratakoa. Liburua, ordea, beste hiri bati dagokio, Iruñeari hain zuzen ere. Kontua da Hemingwayren Fiesta euskaratu duela Koro Navarro itzultzaileak. Izenburua, euskaraz: Fiesta. Eguzkia jaikitzen da. Uste dut ingelesez ikasi nuen lehen esaldia izan zela Hemingwayren nobelaren izenburua: The sun also rises. Irrikitan nago, Hemingwayren lagunek euskaraz nola egiten duten jakiteko.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 30ekoa]

Arg: Kate Williams (wikimedia)

Eguzkia jaikitzen da