Commodus baino okerrago
Commodus baino okerrago –
Gladiator film ezagunean, Commodus enperadoreak Maximus jeneral ohi eta gladiadorearekin Erromako Zirko Handian borrokatzea erabakitzen du, herriak bere boterea ikus dezan, eta bera maite eta mirets dezan, maiteegi eta miretsiegi bihurtzen ari den Maximusen gainetik.
Boteredunak noski ez ditu halere berdintasuna eta lehia garbia gustuko, eta beraz borrokan hasi aurretik bisita egiten dio Zirkoko ziegetan loturik dagoen Maximusi, eta lagun ohia besarkatzeko keinua egiten duen bitartean, ezten zorrotzaz ziztatzen du, nekez ikus daitekeen baina larri zaurituta eta erdi indargabetuta utziko duen sastada emanez. Apurño bat geroxeago hortxe jardungo dute biek hondarretan Erromako herriaren aurrean jo eta su ezpatak astinduz, itxurazko berdintasunean lehiatuz, eta heroi istorioei dagokien azken sinestezinean, zaurituaren garaipenaz amaituz, berau ere berehala hilko bada ere.
Lehia hori pantailan ikusten dudanero, nago nire artean, baduela antza euskarak gaztelerarekin egunero egin behar duenarekin. Hainbat urtez, hainbat belaunaldiz, etengabe jaso ditu sastadak han eta hemen, -besteak beste Torrealdairen lan bikainek agerian utzi legez-, gero eta zaurituago, gero eta herbalago utzi dutenak. Eta egoera penagarri horretan dagoelarik, berdintasun itxurako elebitasuna saldu nahi digute, hori bailitzan zuzena, bidezkoa eta gizalegezkoa. Eta guztiak patetikoki ados berdintasun plantak egiterakoan: batzuk ahulezia ez erakustearren, besteak lehia garbi itxurari eustearren.
Halere, Commodus, bere gaiztoan, gure elebitasun markoa prestatu zutenak baino zintzoago ibili zen, edo ausartago behinik behin. Maximusi birika zulatu zion, bai, baina gero egiazko ezpata eman zion sikiera, ez egurrezkoa, defendatzeko gutxieneko aukera eskainiz. Armei dagokienez berdintasunez lehiatu ziren. Gure elebitasun markoak berriz, sastadak elbarritutako euskarari egurrezko ezpata ematen dio gainera, bere burua defendatzeko, iruzurrezko berdintasuna, alegia. Iruzurrezko baino ezin baitzaio iritzi, euskara eta gaztelania hizkuntza koofizial iritzi ondoren, bata bestea baino koofizialagoa dela argi eta garbi uzten duen lege-markoari. Denak berdinak izan, baina batzuk besteak baino berdinago diren antzera, bizi garen iruzurlandia honetan.
Estatutua betetze-hurren eta independentzia ahaztu-hurren ditugun honetan, ez litzateke helburukidetza makala hemengo alderdientzat, euskararentzako egiazko koofizialtasuna lortzea Madrilen dituzten botoak batuta. Euskararen ezagutza, legez derrigorrezko bihurtuko duena, alegia. Berdin apurka eta epeka baletor ere, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari lotuta. Baina datorrela, ezinbesteko dugu eta euskarak irauteko. Kolonizatuta gauzkatenak Commodus bezain gaizto eta maltzur izatea nahi dugu, baina ez gehiago. Asko eskatzea al da?
Zoritxarrez, Juan Inazio, kolonizatuta gauzkatenak Commodus baino argiagoak dira eta ez digute sekulan benetako armarik emango. Kontua, nire ustez, hau da: espetxean inprobisatzen diren laban horietako bat gure eskuz egiteko gauza al gara, sikiera aukera txiki bat izateko? Zeren argi baitago gure enperadorearen eskuzabaltasunaren zain segitzen baldin badugu, jai dugula.
Noski, noski. Ezer ez dator inoiz dohainik eta horregatik nioen botoak baliatzearena. Lehenago ere ikusiak gara ezinezko ziruditenak ustekabean etortzen, horren trukean interes handiagoren bat asetu ahal izan dutenean. Kontua ez da hori. Kontua da irudikagarri ote den hemengo bi alderdi nagusiak Madrilen elkar hartuta jardutea, euskararen egiazko ofizialtasuna negoziazio helburu nagusi gisa mahai gainean jarrita.
Bikaina sarrera Juan Inazio! Euskararen ofizialtasuna legez eta praktikan derrigortzea beharrezkoa du euskarak, lehenbailehen…
Eromen hau guztia EEBBtuetatik datorkigu. Hango zenbait eskolatan hasi omen dira haurrak “aita” eta “ama” bezalako hitz “sexista eta patriarkalak” bazter ditzaten adoktrinatzen.
Ah! Baina nola lortuko da Commodus eta Maximoren lehia horretan espektadore direnak borrokara engaiatu daitezela? Nago jendartea ez ote den jadanik laissez passe fase batean sartu. Baskoen artean ere euskararenganako apatia nabari da. Badirudi kasu askotan aldarria itxurak egiteko besterik ez darabiltela ahoan. Nazionalismo (baldin bada) ahul baten ispilua da: “bai, euskara bai, baina nola derrigortu besteak ikastera haiena ez den hizkuntza bat? bla, bla bla… eskubidea daukate nahi duten hizkuntzan aritzera bla. bla, bla…” eskubide guztiak baina betebeharrik ez… eta azkenean guztiok erderaz batzuek nazio hizkuntza ulertzen ez dutelako (eta inor ez dago garaiotan ez lagunik ez bozemailerik galtzeko prest). Arazoa instituzioetan ez ezik jendartean ere bada, ahulak gara.
PD: Alpargatero, uste dut zure iruzkina beste albiste bati dagokiola, baina bai, garai eroak egungoak, eta borrokaren zati handi bat hizkuntzaren bitartekoa da, mundu ikuskera batzuk eraisteko nahiarekin, hizkuntzaren bitartez iragazten baitugu gizakiok errealitatea. Goyak margolan batean utzi zuen idatzita nik egungo akademiari eskaintzen diodan aipua: “Arrazoiaren ametsek munstroak sortzen dituzte”.