Iraganaren danbatekoak
Iraganaren danbatekoak –
Gaur goizean, dutxara sartzera nindoala, ispiluan nire burua sumatu eta Isabel Preysler etorri zait gogora; aspaldian haren argazkirik ikusi gabe, zer itxura ote dauka? Ba BERRIAren bila joan eta liburudendako atean, begietara salto egin dit Preyslerren aurpegiak. Hor ageri da SEMANA aldizkariaren azalean: melena beltza, eta aurpegi leun-leuna, batere zimurrik gabea; ez dira antz ematen garai bateko bere hazpegi exotiko haiek, baina ezta botoxaren gehiegikeriak ere. Lan fina egin dute estetizistak eta argazki konpontzaileak. Batzuetan, izan ere, itzuli egiten da iragana. Tarteka atea kax-kax joz, Xabier Letek kantatzen zuen modu malenkoniatsu hartan: “Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza…”. Beste batzuetan sekulako danbatekoak jotzen ditu iraganak, atea bota arterainokoak. Gaur, otsailak 23, ezinbestean datorkigu gogora, duela berrogei urte gazte ginenoi, Tejerok eta bere guardia zibilek, armak eskuetan, Espainiako Kongresua hartu zutenekoa. Atzodanik beste itzulera bat ere ari gara bizitzen: Alberto Perote koronelaren eta Pedro Gomez Nieto guardia zibileko kapitainaren arteko elkarrizketarena. Non dago Mikel? dokumentalaren ko-egileak, Miguel Angel Llamas Pituk dakar argibidea elkarrizketaren mamiaz, zehazki poltsaren erabileraz: (guardia zibilek) “bazutela teknika oso landu bat, eta bazekitela zergatik egin behar zen modu batean eta ez bestean”. Epaileek audio txarra zelako errefusatu zuten froga urbi et orbi dabil Público egunkariari esker; eta dagoeneko, euskaraz azpidatzita ere badago, BERRIAn.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 23koa]