EAEko Auzitegiak gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du

EAEko Auzitegiak Gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du –

Ostalariak Bilbo LUIS TEJIDO-EFE

EITB MEDIA. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak onartu egin du gaur ostalariek jarritako helegitea, eta gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak gaurtik aurrera berriz zabaltzeko baimena eman du.

Covid-19aren intzidentzia handia zuten udalerrietan ostalaritza ixteko erabakiaren kontra egin zuten Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ostalarien elkarteek. Kautelazko neurri gisa, eta auziaren muina aztertu bitartean, neurria bertan behera uzteko eskatu zioten Administrazioarekiko auzien Salari. Eskaera hori aintzat hartzea ebatzi du, horrenbestez, justiziak. Eusko Jaurlaritzak bost eguneko epea dauka helegitea aurkezteko. Auzitegiaren aburuz, edukieran dauden mugekin eta indarrean dauden osasun neurriekin, “ez dirudi ostalaritza osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua denik”.

Ostalaritzako elkarteek argudiatu zuten abenduaren 10eko dekretuan ezarritako segurtasun-neurriak beteta “birusaren transmisioa saihesten” dela eta, beraz, zona gorrian dauden udalerrietako tabernak eta jatetxeak ixtea ahalbidetzen duen dekretua –urtarrilaren 22koa- bertan behera uztea eskatu zuten.

Areago, Eusko Jaurlaritzaren erabaki hori “neurrigabea” eta “justifikaziorik gabekoa” zela salatu zuten, sektorean ondorio larriak izango dituela eta negozio askoa betirako ixtea eragingo duela ohartarazita.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak kautelazko neurri hori atzera bota zezala eskatu zion epaimahaiari, koronobirusaren hedapena gelditzeko ostalaritza itxita mantentzea ezinbestekoa dela eta LABI aholku batzordeak hala gomendatu zuela azpimarratuta.

Irekiera baimendu badiete ere, ostalaritzako establezimenduek beste hainbat murrizketa bete beharko dituzte. Hala nola, 20:00etatik 06:00etara bitartean itxita egotea, edukiera % 50ean izatea, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gordetzea, eta gehienez lau pertsona biltzea mahai baten inguruan. Halaber, zutunik edo barran kontsumitzeak debekatuta egoten jarraitzen du.

Epaileek bere egin dituzte ostalaritzaren argudioak

Epaimahaiak onartzen du eremu gorrian dauden ostalaritza-establezimenduei “kalte ekonomiko larria” egiten zaiela, itxita dauden bitartean diru-sarrerarik ez dutelako.

“Oso zaila da behin-betiko itxi behar izan diren negozioei konponbide bat ematea, etorkizunean kalte-ordaina jasoko balute ere, ez direlako lehengora itzuliko”, erantsi du.

Horrez gain, ebazpenean Eusko Jaurlaritzak otsailaren 3an argitaratu zuten txostenaren datuak aztertzen ditu. Dokumentu horren arabera, 2020ko abenduaren 27tik hasi zen kutsatzeen tasa goraka eta ondoren jaitsiera txiki bat izan zen, “baina ordurako ostalaritzak 15 egun zeramatzan irekita, hainbat murrizketarekin”.

Denbora tarte handia ez bada ere, koarentenarako beharrezkoak diren 10 egunak eta intzidentzia-tasa metatua kalkulatzeko 14 egunak hartzen ditu kontuan, eta epe horretan kutsatze kopuruak gora egin ez zuela ikus daiteke.

Areago, epaimahaiak dio agiri horretako datu epidemiologikoak kontuan hartuta, kutsatzeen gorakada (%80) Gabonetako jaiegunetan izan ziren familia eta lagun arteko topaketekin lotuta daudela.

Horrenbestez, “ezin daiteke argi eta garbi esan Gabonen ostean eman den positiboen gorakada tabernen irekieraren ondorioa denik”, azpimarratu du.

Gauzak horrela, epaimahaiak ondorioztatu du une honetan ostalaritza irekita egoteak ez duela osasun publikoa arriskuan jartzen eta, beraz, eremuko gorriko udalerrietan dauden tabernak eta jatetxeak itxita mantentzeko agindua bertan behera uztea erabaki du, aurrez ezarritako segurtasun-neurriak zorrotz bete behar dituztela nabarmenduta.

Erreakzioak

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalarien elkarteetako ordezkariak. Argazkia: EFE

Hector Sanchez Bizkaiko Ostalarien Elkarteko kudeatzaileak nabarmendu duenez, Auzitegiaren erabakia “albiste ona” da. “Justizia egin dute”, erantsi du.

Halaber, deitoratu egin du murrizketen afera “epaitegietara eraman behar izana”. Horren ustez, “adostasunaren eta sen onaren bidez konpon zitekeen. Batzuetan hori falta zaie hartzen dituzten neurri batzuei”.

Edonola ere, Sanchezek arduraz jokatzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko deia egin die ostalariei nahiz bezeroei, “osasunik gabe ez dagoelako ezer”.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du ebazpenak agerian utzi duela Euskadik neurriak hartzeko duen “segurtasun juridikorik eza”.

Zupiriaren hitzetan, gaurko erabakiak berriro zabaldu du erkidegoek pandemia geldiarazten saiatzeko duten “benetako ahalmen eztabaida”. Ildo berean adierazi duenez, lehendakariak “askotan” esan du Euskadik “osasun egoerari aurre egiteko erreminta posible guztiak” behar dituela eta horretarako “berme juridiko guztiak” ezinbestekoak direla. Zupiria: “Erabaki judizialak zalantzan jartzen du Euskadiren berme juridikoa” -eitb-

 

Prentsaurrekoa 2021/2/09

Zenbait neurri bete behar dituzte berriz zabaldu ahal izateko:

  • Edukiera % 50ekoa izatea
  • Mahai ezberdinetan dauden pertsonen artean gutxienez metro eta erdiko tartea uztea
  • Mahai bakoitzean gehienez 4 pertsona batu ahal dira
  • Debekatuta dago zutik edo barran kontsumitzea
  • Lokalak 20:00etarako egon behar dira itxita, eta ezin dira zabaldu 06:00ak baino lehen
  • Eskariak entregatzeko epea 21:00ak arte izango da, eta etxean banaketa egitekoa, aldiz, 22:00ak arte
  • Musukoa derrigorrezkoa da uneoro, edateko edo jateko unean bertan izan ezik.

Nolanahi ere, LABI berriz bilduko da ostiralean, eta ikusteko dago Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurrean neurri berririk hartzen duen.

EITB Euskal Irrati Telebista

EAEko Auzitegiak Gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “EAEko Auzitegiak gune gorrian dauden taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman du”-ri buruz

  • Eta neure buruari galdetzen diot epaile batek nola har dezakeen horrelako erabaki bat. Epidemiologo batek, gaian aditua den batek har dezake, baina epaile batek?!

  • Garbi dago orain berriro kutsatze tasa goraka hasiko dela. Jaisten ari ginen eta orain berriro goraka. Oso ondo.

  • Ez dakit zegatik, baina ez al dira epaileak politika egiten ari? Eta gainera Euskal Herrian eta Katalunian inon baino gehiago

  • Tabernan ardo on bat hartzen ospatuko dut berria hau

  • Afera interesgarria da.
    Nork erabaki behar ditu neurriak: Jaurlaritzak Osakidetzako adituekin ala epaileek, Jaurlaritzak hartutako neurriekin kaltetuak gertatu direnen abokatuek egindako txostenetan oinarriturik?
    Europan ematen du gobernuek hartzen dituztela, eta ostalaritza itxita dago leku gehienetan behintzat.
    Gurean, zalantzan jarria dago Jaurlaritzaren autoritatea holako neurriak hartzeko. Espainolada? Espainiako judikaturak politikan sartzeko duen ohitura eta tema edo joeraren isla?
    Atzoko ETB2ko eztabaida dialektikoa ostalariek irabazi zuten.

  • Adituek gomendatu eta justiziak justizia (utopia baino ez bada ere). Ez dirudiela ostalaritza osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua baieztatzea erabaki teknikoak ezbaian jartzea da, ez justizia.

  • Kontsekuentzia. Infektatatu gehiago, hospitalizatze gehiago eta hildako gehiago.Deitoragarria erreskaterik ez egotea hostalari langileentzat. Beste porrot bat .

  • Zaila da inozoak gurtzen dituzten kateetatik askatzea. (Voltaire)

  • Itzela zara freud! Kate guztietatik askatuta, libre den gizakia. Gogorra izango da gero aske bizitzea inguruan denak inozoak izanda, ez?!

  • Egia esateko gogorra da inozoz beteriko herri batean bizitzea, bai. Menperatu herria baino, inozotu herria garela esan daiteke. Zuzeuko iruzkinak dira adibide.