Baserri bizitza

Baserri bizitza –

Baserri bizitza
Arg: Larrea baserria, Amasa, Gipuzkoa (GureGipuzkoa.net)

Koldo Alijostesek duela gutxi argitaratu du liburu bat, “Bizitzak” izenekoa. Bertan familiaren historia kontatzen digu, eta primerako testigantza da Euskal Herriko bizimoduak ezagutzeko eta lekuko herritarren ahotik azken mende honetako historia jasotzeko.  Aitonaren kontuak aipatzean, adibidez, kontatzen du nola, seme nagusia ezkontzean, besteek baserritik alde egin behar izan zuten, gaztetxoak oraindik. Liburuak azaltzen du Leitza aldeko baserrietan sakabanatu zirela, etxeetako morroi lanean. Etxe batzuetan ez ziren gaizki egon, baina beste baserrietan giroa ez zen batere goxoa “kanpoko” morroi zenarentzat: umiliazioak, zigorrak, bizimodu latza… denetarik pairatu dute askok. Izan ere, liburuan Alijostesek dakarrena, morroi figura hori, ohikoa izan da gure gizarte tradizionalean.

Aurreko egunean etorri zitzaidan hori burura lagun batekin  hizketan nengoela. Hiritik alde egiteko gogoa aipatzen zidan: baserrietan mundu tradizionalaren baloreak gordetzen direla, auzokoekin gertuago zaudela, auzolana, elkartasuna eta abar. Ez nion ezer esan. Berak jakingo du zer egin. Baina seguru nago baserri giroan espero ez duen gauza askorekin egingo duela topo, ez guztiak txarrak, baina baten bat bai. Izan ere, mundu tradizionalaren idealizazio hori (gizarte solidarioa, naturarekin lotua, euskalduna…) ikuspegi oso zatikakoa da, egiazko koadroa osatzeko alde ilun batzuk falta zaizkio.

Gurasoak ez bezala, ni kalekume peto-petoa naiz, baina herrietako kontu ugari ezagutzen ditut, entzun eta irakurri ditut istorioak (ez gutxi), eta ez litzaidake burutik pasatuko herri “jatorren” bizimodu “zoragarria” besterik gabe gorestea. Ez dut esango hiria baino okerragoak direla herriak; leku bakoitzak ditu bere gauzak, batzuk onak, batzuk txarrak eta beste asko baldintzen araberakoak. Baina, edozein kasutan, baserriaren mundu tradizionala ez da, egiatan, paradisutik gertu-gertu dagoen zerbait.

Baserri bizitza

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.

4 pentsamendu “Baserri bizitza”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-02-01 12:13

    Jakina, Josean, arazoi duzu erraitea baserria ez zela parabisutik gertu -gertu zen tokia. Bai heredatzen ez zuten haurrideek joan behar zuten. Produktibitate kontu zen lehenik, hau da, orduan denak ez ziren bizitzen ahal baserriaren lur eremu tipitik. Arrazoi berarengatik ez zituzten baserriko funtsak partekatzen ahal, baita arrazoi berarengatik premuak ez zituen haurridei kalte ordain handirik esleitzen ahal ere.
    Aldiz premuak baserriaren bizi-arazteko karguarekin batera, ez baitzen jostetako kargua, buraso zaharren bizitza duina segurtatu behar zuen ere eta heriotzeraino.
    Eskubide tradizionaren helburua zen baserria salbatzea, horrengatik ez zen partekatzen eta dena pentsatua zen lurrak egon zaitezen landuko zituztenen esku artean. Horregatik frantses iraultza burgesak oso ongi zer egiten zuen zekienak Lapurdiko auzitegia eskubide tradizionala batera kendu nahi izan zuen eta eskubide erromatarra aplikatzen zen Baionara ereman. Nahi zuen lurren sal-erospena, lur-merkatua libratu haietan inbertitu nahi zuten hirietako burgesentzat, justu euskaldunen gehiengoak nahi ez zuena.
    Beste detalle bat, joan behar zuten haurrideak ez ziren den-denak baserriko morroi bilakatzen, besteak beste asko hirietara joaiten ziren nun ehundaka enpresa baten morroi bilakatzen baitziren.
    Ez ongi diozun bezala baserria ez zen parabisua, baina pena zaut zu ikustea ikuspegi zatikako ideia horretan gelditzen. Baserria baitzen Euskal herriaren oinarrizko komunitatea zeinaren gainean eraikitzen baitziren auzo-komunitateak, parropia-komunitateak eta azkenean lurraldeak.
    “Bizitzak” irakurri behar ditudan liburu zerrendan jartzen dut eta eta zerbait erranen dizut. Enegatik bi liburu kontseilatzera ausartuko nitzaitzu. txiripaz bi Jean Etxepare diferentek idatziak, bata da “Iturraldea” eleberria eta bestea “Egiaren hiru itxurak”, “Burruchkak” artikulu bilduman aurkituko duzuna.
    Milesker Josean “airez” harrapatzen dutan tema interesgarri hau bideratu izanagatik.

  • Josean Bueno 2021-02-02 16:19

    Arrazoi duzu esaten duzun horretan, Benat. Nik gogoko ez dudana da idealizazio hori, baserriak lotua batzuetan adierazten dena, giro horretan askotan elkartasuna eta gertutasuna badagoen ere, ez dira falta gorroto zaharrak, ezinikusiak eta maltzurkeriaren bat.
    Eta ongi ekarria premuaren ondorengoen afera. Askotan ejerzitoa, eliza edo emigrazioa zuten irtenbide bakarrak gainontzeko semeek.

  • Benat Castorene 2021-02-02 18:56

    Josean, uste dut biok ahanzten dugula beste aukera inportante bat heredatzen ez zuten haurrideentzat: ezkontzea inguruko beste etxeko premuarekin jakinez berdin emakume edo gizon izan zitekeela gure arbasoen eskubidearen araberan.
    Bai ados gara ez dela ezer idealizatu behar ezta baserri bizitza ere. Aldiz aipatzen ditutzun itsuskeria horiek oro karriketan ere bazeuden eta badaude baina bertan giza-interrakzio ugarriagoak, lasterragoak eta laburragoak izanki ez dira behar bada hain argi nabaritzen nola baserri eta auzo geldoagoetan, tipiagoetan eta histuagoetan.
    Lapurtarra izanki berebiziko errespetua daukat baserri eta auzoen zibilizazioarentzat, hemen euskaltasunaren faktoria izan da eta.
    Ageri da sentipenez kalea gustukoagoa duzula nik baino eta oso ongi dago horrela. Adeitasunez.

  • Benat Castorene 2021-02-10 09:55

    Eskerrak Josean Buenori Koldoren Alijostesen liburua artikulu honetan seinalaturik. Asko gustatu zait eta.
    Euskal familia baten bizitzaren gora beherak ongi kontatzen ditu idazleak, beti gomeni den onestate eta manera onarekin. Errealismoarekin baina miserabilismorik gabe. Lekukotasun ederra da denentzat baina sustut eskoletako belaunaldi berrientzat.
    Bistakoa da lanjer tipi bat izan litekeela, egilearen nahigabean, baten batek konparatzea orduko baserri mundua oraiko bizimodu hiritarrarekin, orduko Barakaldoko bizimoduarekin konparatu beharrean.
    Edukiaz gain nola ez miretsi euskararen kalitatea? aberatsa eta argia batera, sinplea eta sofistikatua batera, herrikoia eta gu guzientzat ulergarria batera. Josu Lavinek liburua irakurtzeko astia hartzen balu, eskertuko nioke erran nahi balu zer pentsatzen duen euskara batu honen edertasunaz, eraginkortasunaz eta baliagarritasunaz.