Neopaganismoa, bikingoak, faxismoa eta ideia arrazistak
Neopaganismoa, bikingoak, faxismoa eta ideia arrazistak
Kapitalismoaren materialismo post-industrial eta neurri gabeko kontsumo garai hauetan, albisteak gero eta arraroagoak dira. Edo hala ematen du. Ni behintzat, zur eta lur gelditu nintzen bisonte estaldura zeraman tipo zuri bat Kapitolioaren erasoaren ikur bihurtu zenean.
Honen izena Jake Angeli da, Yellowstoneko otsoa ezizenez ere ezagutua, baina duela aste batetik aurrera, Kapitolioko Bikingoa izendatu du prentsak. Izan ere, ikusi ditugun adar, larru eta bestelako elementuez gain, Jake Angelik bikingoen sinbolo diren hiru tatuaje ditu. Negu bete-betean Kapitolioa erasotzeko soina erakusten ibili delako ikusi ahal izan ditugunak.
Zer dela eta agertu ziren bikingoz mozorrotutako pertsona ultra batzuk Trumpen izenean Kapitolioaren istiluetan parte hartzera? Neopaganismoaz, arrazismoaz, bikingoez eta faxismoaz hitz egin behar dugu.
Neopaganismoa XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran indartzen joan zen mugimendua izan zen, Alemaniako herri germaniarrekiko interesak bultzatuta. Izan ere, nazioen eraikuntzaren garai horietan, kristautasunaren aurreko herri nordiko paganoen folklorean eta arraza-herentzian haien nazio eraikuntza bilatzen hasi ziren.
Horrela, nazioaren eraikuntzari oinarri biologikoa ere eman zioten, hots, germaniarrak tribu gerlari adoretsu horien ondorengo ziren, arraza berdinekoak (arioak), hain zuzen. Jainko judu baten etorrerak bigundu zuen gizartearen aurreko garai horri erreferentzia eginez. Historiak erakutsi duenez, XX. mendean ideia horiek izango zituzten ondorioak larriak izan ziren.
Garai horretako neopaganismo mugimenduak ez bezala, egun kutsu erlijiosoa nabarmenagoa da, sinesmenek eta errituek indar gehiago baitute. Hau da, Odin, Mjolnir eta bestelako jainko paganoen gurtza eta estetika sinbolikoa ezinbesteko elementu bihurtu da, Odinismo bezala ere ezagutua.
Baina, neopaganismoaren artean berreraikitzaileak dira ideia arrazistetatik gertuen daudenak. “Ahaztutako historia” berreraikitzen ari direlakoan, diskurtsu eta elementu historiko sasi zientifikoetan oinarritzen dira beraz, leinu eta odol garbiaren ideiek pisu handia dute. Multikulturalismoak erasotzen duen gizarte gerlari, ausart, zuri baten ondorengo puruak direla sinetsita baitaude.
Ideia hauek eskuin erradikal faxistak asimilatu eta zabaldu egiten ditu. Eta ikuspegi ideologiko batetik egiten direnez, Trumpen aldeko istiluetan jatorri zein arbaso nordikorik gabeko estetika bikingoa duten batzuk agertzea normala da.
Gainera, teknizismoei dagokionez, bikingo hitza gaizki erabiltzen dugula argi izan behar dugu. Bikingoak esaten dugunean, herri nordikoak esan beharko genuke. Izan ere, bikingo hitza aditz nordiko bat da, espediziora joatea esan nahi duena, horrenbestez, bikingoak espediziora zihoazenak ziren, ez denak.
Baina egun, bikingo izatea hipermaskulinitate heteronormatibo baten gainean egiten den estetikaren proiekzio bat ere da. Gizon zuri, ile luze, bizardun, gihartsu bati erreferentzia egiten diona. Azken urteetan mutilen espainiar ligan eta bestelakoetan ikusten ari garen gladiadore, legionario, Espartako Leonidas estetika ere izango litzatekeena, hipertatuatutako gizon gihartsuak besterik badira ere.
Burlarako ematen badu ere, errebisionismo historikoarekin kontu handiz ibili behar dugu. Gure artean ere, gure existentzia historiako gizarte bateko ondorengo bezala jartzeak arazo handiak dakartzalako berekin. Izan ere, herentzia biologiko zein kulturalaren aldarrian, partzialki komeni zaigun gizarte batean fijatzen bada gure sorrera, purutasunaren atzean ezkutatzen diren ideia arrazista eta etnonazionalistekin egingo dugu topo.
Olentzero, Mari Domingi, Herensuge, Akerbeltz, Tartalo, Gizotso, Basajaun, Mari, Galtzagorri, lamiak, sorginak… Andana luze hori ere neopaganismoa da. Ala ez al da??
Ez dut gauza handirik kritikatzeko artikulu honen gorputzean, aldiz bai zure konklusioak gogoetatsu uzten nauela!
Erantzun nahi bazinu Amaia, hona bi galdera:
1) EHaren egoera ikusita, zerk dakar lanjer handiena?
“gure existentzia historiako gizarte bateko ondorengo bezala jartzeak” ala, historiako gizarte horren ondorengoa garela ahanztea?
2) Ez duzia uste gure arbasoen kristautasuna izan zitekeela neopaganismoaren kontrako harresia edo erremedio onena?
Arrazismoarekin loturiko neopaganismo hori ez dut ongi ikusten, baina gure erroekin loturiko sinesmen zaharra, ama-lurrarekiko maitasuna, ideia zahar horiek onuragarriak direla uste dut, materialismoaren kontrako zuzenak baitira. Ez dut uste dena zaku berean sar daitekeenik.
Bitartean gure herrialdean bertan, defentsarik gabeko izakiek krimen-praktikak egiten dituzte.Haurren aurkako krimenak.
Nola edo hala delitu hauek gelditu behar dira.
Gizarteriaren aurkako krimenak, preskribatzen ez dutenak.
https://independentea.eus/haurrak-burmuina-behar-du-garatzeko-eta-burmuinak-oxigenoa/
Olentzero zuzena dela materialismoaren kontra egiteko? Mari?
Esaldi berean Olentzero, Mari… eta materialismoa?
Maldan behera goaz herri bezala.
“Bikingo izatea hipermaskulinitate heteronormatibo baten gainean egiten den estetikaren proiekzio bat ere da” Je-xux!
Jexus da hipermaskulinitate heteronormatiboaren estetikaren proiekzio handiena…
Lasai egon zaitez Amaia, Odin jainko heteroeurozurinormatibopatriarkala ez da etorriko, zuria eta eurozentrikoa ez den Ala etorriko da. Gainera estetika gabekoa, goza ezazu!
Ez dakit. Artikulu honek oso hotz utzi nau. Autore honek ez du gainazala baino urratzen eta sakontasun handia lukeen gai bat anekdotiko geratzen da, panfleto hutsa, eta beraz erantzuteko interesgarriak izan zitezkeen ideiak lausoturik geratzen dira.
“nazioen eraikuntzaren garai horietan, kristautasunaren aurreko herri nordiko paganoen folklorean eta arraza-herentzian haien nazio eraikuntza bilatzen hasi ziren.” Normala den legez, jarraikortasun historiko horren oinordeko baitira, honi ez diot inongo arazorik ikusten oinarrian. Horretan datza nazionalismoak. Zuk etnonazionalismo hitza erabili duzu. Esadazu zein nazionalismo ez den etnikoa, arren. Etnikoa ez bada ez da nazionalista, nazioaren kontzeptua ezin baidaiteke etnikotik aldendu, beste gauza bat izango baita bestela.
“Garai horretako neopaganismo mugimenduak ez bezala, egun kutsu erlijiosoa nabarmenagoa da, sinesmenek eta errituek indar gehiago baitute.” Hau nondik atera duzun esan beharko zenuke faltsua baita. Garai hartan espiritualtasun berri bat bilatzen zen. Egun axiologiaren bidezko estetika dela esango nuke, subkultura baten antzekoa eta korronte ezberdinak ere badira.
“Multikulturalismoak erasotzen duen gizarte gerlari, ausart, zuri baten ondorengo puruak direla sinetsita baitaude.” Erresistentzia efektu bat da. Agerikoa da gizarte zurien konposizioa gutxika-gutxika aldatzen doala, gutxika-gutxika esparru publikoa beste kultura batzuek hartzen dute, eta gu endekapen kosmopolitaren atzaparretan jausten garen bitartean besteek ba omen daukate haien kultura zaharra gordetzeko eskubidea. Guk ez, atzerakoi geratzearen beldurrez.
“Jainko judu baten etorrerak bigundu zuen gizartearen aurreko garai horri erreferentzia eginez.” Jaun-morala edo esklabu-morala. Friedrich Nietzsche. Zuek egiten duzuen zaurgarritasunaren apologiaren aurka zerbait egin beharko da inoiz. Soin-lanketa zale naizenez parrafo honetan egingo dizut arrapostu: hobe giharrak ongi lantzea bizi kalitatea luzerako nahi baduzu. Eta, halaber, biktima izateko aukera gutxiago. Landu soina, ikasi borroka arteren bat, garaiotan hobe bikingo gudazale bat izatea utzikeria pazifistan erortzea baino. Gorputzaren diziplinazioa ez da zertan txarra izan.
“Gainera, teknizismoei dagokionez, bikingo hitza gaizki erabiltzen dugula argi izan behar dugu.” Ezkerrekoa izateko oso preskriptibista zure aldetik. Zure jakituriaren bidez besteen gainean kokatu nahian ala?
“Baina egun, bikingo izatea hipermaskulinitate heteronormatibo baten gainean egiten den estetikaren proiekzio bat ere da. Gizon zuri, ile luze, bizardun, gihartsu bati erreferentzia egiten diona.” Itzulpena: Gizon zuri, ile luze, bizardun, gihartsu izatea gaizki dago, bere baitan aurkitzen baita munduaren oker guztien hazia. (Hau izango ote da gure volkgeist famatua?)
Askatasun erlijiosoaren alde bazaude kontuz neopaganismo guztia eskuin muturrarekin lotzearekin, kale egingo baituzu. Garaiotan nihilismoaren aurkako borroka bizian gabiltza herrialde “garatuetan” eta askok behin kristautasuna arrazoi ezberdinengatik alboratu dutela haien historia prekristauarekin harremana daukaten erritu eta sinesmenak aukeratu dituzte, ez diot problemarik ikusten. Zuk neopaganismoari leporatzen dizkiozun gehiegikeriak (eta iruzkinean atzematen denez 3garren Reich-az ari zara) edozein erlijiotakoek egin zitzaketen, kasuotan erlijioa politika forma batzuen uztarpena baino ez baita, bere estetikak ez dauka inolako zerikusirik, baizik eta bere eduki gordinak. Aipatutakoa Trumpen jarraitzaile da, kasu bakarra dugu analizatzeko, baina ironikoki neopaganismoa oro har antikapitalista eta ekologista da.
Egokia dirudit gure neopagano famatuenari propaganda pixkat egitea. Jon Mirande Jaun-poetaz ari natzaizue noski. Hemen esteka neopagano batzuk, laket izango dituzuelakoan:
https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MirandePoemak037.htm
Imanolek poema hau maisutasunez musikatu zuen:
https://www.youtube.com/watch?v=op3IqIKN4GY
“Kapitalismoaren materialismo post-industrial eta neurri gabeko kontsumo garai hauetan…”, nik zer nahi duzu esatea? Honelako argaziak “https://www.radioya.es/470871891/orgullo-sin-reivindicacion.html#” ikusten ditudanean horixe datorkit gogora: kapitalismo, materialismo, neurri gabeko kontsumismo, egoismo, erabateko hustasun materialista, konpromezu eza eta indibidualismo suntsitzailea. Gaizki ulertutako askatasun indibiduala muturrera eramanda autogorroto suntsitzailea ernetzen da eta horixe da Amaia eta bere nini generazioari gertatzen zaiona. Kapitalismoa gorroto dute kapitalismoak prometitu zietena beraien bizitzeran egi bihurtzen ez delako eta indibidualismo horretan euren gizartea suntsitzeko beharra sortzen zaie. Eta nola hobeto, umeen hezkuntzan eraginez baino. Kostako zaizu nire umeak ukitzea!
Hasierako lau koblak gustatzen zauzkit.
Laugarrenari dagokionez jada…
Zergatik ezer jakin gabe pagano kalifikatzea Delancres perbertso harek erre zituen jende inozent horiei?
Gainontzeko kobletan Mirandek erakusten du (neo?) paganismo alderako bere interesa.
(Niketz?), ez dut partekatzen gustu hura baina Amaiarenarekin deus ikusteko ez duen arrazoinerako. Izan ere , gure eta ene “existentzia historiako gizarte bateko ondorengo bezala” pentsatzeak ez nau beldurtzen, alderantziz, eta gizarte hura, sorgin eta guzi, dakidanez aspaldiko gizarte kristau errespetagarria zen. Bai, nahi dut ez beti oso katolikoa. (Agnostiko batek dixit§).
Horretaz landa, literarioa ez izanik ere, iduritzen zait Mirande poeta ona dela.
Gau on bikingoak!
Euskalduna eta katalana al dira gaur egunean etnikoak ez diren nazionalismo bakarrak? Beraz, ez dira egiazko nazionalismoak, toki askotako pertsonak Euskal Herrira eta Kataluniara etortzeko deitzeak azkenean euskal eta katalan etniak desagerraraziko ditu eta.
Emakume bezala, Amaia, galdera dabilkit: gorputz-ileak depilatu behar al ditut? Zer diosku orain feminismoak? Gizonek kendu behar dituzte zuri heteronormatibo bikingoak ez izateko eta guk ez? Duda argitu, mesedez. Ez dakit zer egin bestela. Esperoan nago.