Euskal -DUN herritarrak
Euskal -DUN herritarrak –
Bitxia da zeinen erlatiboa den -DUN euskal atzizkia, zeinen ondo adierazten duen erlatibotasuna berez erlatibozko forma duen atzizki honek. “Atzekoz Aurrera” hiztegira joz gero, ehunka hitz azaltzen dira DUN atzizkidun (324, hain zuzen), baina lerrootan euskalDUNtasunarekin zerikusia dutenei baino ez diet erreparatu nahi. Eta, zehazkiago, horietako batzuei baino ez, euskal herritarrok definitu eta multzokatzeko balio duten bakanei:
- EUSKALDUN: Euskaltasuna duen euskal herritarra ei da euskalduna; alegia, euskal sena, euskal nortasuna duena eta, hortaz, euskara ere baduena. Harluxet euskal hiztegi entziklopedikoak, esaterako, honakoa dio euskaldun hitzaren harira: “1. Euskaraz dakiena, euskaraz mintzatzen dena. 2. Euskal Herriko biztanlea. II euskaldun berri. Beste ama-hizkuntza bat izanik, euskara ikasi duena. II euskaldun zahar. Euskara ama-hizkuntza duen euskalduna.”
Eta, horren harira, hurrengo orrialdean, euskalDUNtasunarekin parekatzen du euskaltasuna: “euskalduna denaren nolakotasuna, euskalduna izatea.”
Horrela, “euskaldun” hitzak euskararekin zer-nolako harremana duen ikusita, pentsatzekoa da erdararekin ere beste horrenbeste gertatuko dela; alegia, euskaldunak duen beste adiera ere behar luke erdaldunak, erdarari atxikita baina. Atzera ere Harluxet hiztegi entziklopedikora jo eta honatx zer dioen:
- ERDALDUN: “adj. eta iz. Erdaraz mintzatzen dena, euskaraz ez dakiena. Maisu erdaldunak.”
Ez dio ezer, ordea, inongo biztanleez, ez eta erdaldun berriez edota zaharrez. Eta, euskaldun hitzari egin diodan jarraipen bera eginez, erdaltasuna edo erdalduntasuna ere interesatu zaizkit. Baina erdaltasun nahiz erdalduntasun hitzei legokiekeen sarrerarik ez dakar hiztegiak.
Euskaldunok, dena den, oso argi dugu zer den erdalduna izatea. Hain zuzen, euskalduna ez dena da erdalduna, eta, beraz, euskal herritar askotxo dira erdaldun; hau da, Euskal Herriko biztanle asko eta asko.
Hiztegiak hiztegi eta definizioak definizio, -DUN atzizki horrek askotariko interpretazioak ekar ditzake berekin eta, jakina, euskal herritarron artean, nork bere nahierara, bere interesen arabera, interpretatu ohi du bere burua definitzeko terminoa. Horra hor, esaterako, beste pare bat –DUN atzizkidun, aspaldion gero eta maizago entzuten direnak gure artean:
- EUSKARADUN: Harluxet hiztegiak ez dakar berba hau, baina, etimologiari erreparatuta, erraz ondoriozta daiteke “euskara duena” adierazi nahi duela. Alabaina, horrek ez du esan nahi euskaldunaren esanahi berekoa denik, adiera ezberdina baitute EUSKALek eta EUSKARAk, ezta? Gainera, jakina da, adibidez, ingelesdunak ez direla ingelesak, ez eta frantsesdunak frantsesak ere; hortaz, euskaradunek ez dute, berez, zertan euskaldun izan, nahiz eta euskaldun guztiak badiren euskaradun.
Eta, definizioak zorroztuz gero, bada azken hilotan (orain dela bi urte bezalatsu) entzun dugun beste –DUN herritar bat ere:
- EUSKARALDUN: Berau ez dakigu zehazki zer den, ez baita erraz jakiten zer biltzen duen bere baitan, zer esanahi duen. Izan ere, berriz ere etimologiari beha, EUSKAL nahiz EUSKARA dituena dela esan liteke, alegia, euskaradun euskalduna, baina, agidanez, zenbaitetan ez da ez bata ez eta bestea ere. Badakigu, ordea, bi urterik behin (orain arte, bederen) Euskaraldian parte hartzen duena dena, delarik euskaradun, delarik euskaldun, edo ez delarik ere. OHARRA: Harluxet hiztegiak “Euskaraldi” hitzik ere ez dakar.
Kontuak kontu, hainbeste euskal -DUN herritar gara Euskal Herrian, ezen ezin defini baikenezake geure burua zehatz-mehatz dagokigun terminoarekin; edo nekeza delako irudipena dut nik, behintzat. Eta definizio gaitz horren atzean, betiere, euskara dugu eragile. Ez dut uste munduan dagoenik bertako herritarrei hainbeste ñabardura atxikitzen dien hizkuntzarik. Horretan ere bakarra dugu EUSKARA, ez uste?
Tira, urte birusdun honen amaierako nire azken psikolastoa izan da hau, irakurle. Ondo buka eta hobeto hasi datorrena.