Agur

Agur –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Zelan zauden galdetzea ateratzen zait, baina ez dizut galdetuko. Imajinatzen dut ez zaudela zure onenean, ez dira hilabete errazak izan, eta, amaieratik hurbil egon arren, zaila egingo zaizula orain artekoa ahaztea. Egunero akordatu naiz zutaz. Batzuetan erraietatik maite izan zaitut eta, bestetan, barru-barrutik gorroto. Gehien behar nuenean kendu didazu arnasa, eta inoiz zugandik esperoko ez nituenak egin dizkidazu gutxien espero nuenean. Nire esku zeudenak ere inoren esku utzi dituzu eta babesgabe sentitu naiz.

AgurHasieran pentsatu nuen denbora behar zenuela, bolada txar bat baino ez zela. Laster ohartu nintzen ezetz. Gauzak aldatu egiten direla ulertu nuen, baina asko kostatu zait hori onartzea. Itsu-itsuan hasi nuen bidea zurekin, eta laster hasi ziren gauzak korapilatzen. Zuk ez zenidan kontrakorik agindu, baina nik orain artean legez jarraituko genuela espero nuen. Esango didazu une txarrez soilik akordatzen naizela, eta arrazoi duzu. Izan ditugu momentu onak ere; hori ere egia da.

Elkar ulertzen hastekoak ginenean, bazoaz, ez zara bueltatuko. Egia esan barru-barruan pozez agurtuko zaitut. Hamabi hilabete izan dira, egun bakar bat ere ahaztu gabe. Urte hasieran ez nuen imajinatu ere egingo nola amaituko genuen. Etxe barruko egun itoetan balkoietan kondenatu gintuzun esperantzara. Elkarrengandik distantziatu nahi ez genuen arren, derrigorrezko distantzia soziala ezarri zenigun. Ezagutzen genuen munduaren hauskortasuna ukiarazi zenigun.

Sudur zuloak inbaditu dizkiguzu eztarria urratzeraino. Bizitzeko behar dugun izotzak urtzen jarraitu du. Interneten biziarazi gintuzun. Inor ez da ilegala edo black lives matter lako lemak beharrezko izan dira beste urtebetez. Zabortegiko luiziak agerian utzi du estali nahi izan dena. Egoerak muturrera eraman gintuenean, berriz ere, kulturaren garrantzia muturren aurrean jarri zenigun. Matxismoak eraildako emakumeen berri zenbakiz eman digute, lan istripuz edo koronabirusez hildakoekin egin duten bezala. Zenbatu ezin diren galerak izan dituzte gure inguruetako negozio txikiek. Unibertsitate bizitza eta parranda utopiara kondenatu dituzu. Mundua alda genezakeela pentsarazi zenigun.

Munduak gu alda gintzakeela bagenekien, eta zuk berretsi. Politikarien esanei adi egon gara, balkoietako polizien mutazioei begira. Zure zulo beltzen erakarpen indarraren kontra, lagunak ikusi ditut maitemintzen, maitearekin elkartzeko plan burutsuenak diseinatzen. Geure buruak eta ingurukoenak nekatu arte aritu gara egin daitekeenaz, egin beharko litzatekeenaz, uste genuenaz, pentsatzea nahi genukeenaz, ezer ez jakiteaz, iritzia aldatzeaz… Bizikleta estatiko bat izan zara. Pedalei gogor eragin diegun arren, zuk ez duzu aurrera egin, baina guk aurrera egin dugu ahal izan dugun moduan.

Erakutsi diguzu geratzeak eta bakartzeak dakarren bakeaz gozatzen eta konturatu gara zenbat behar dugun elkar. Agur, lagun. Agur, 2020. Ezin esan etorri bezala zoazenik. Guk gurpil txiki batzuk jarriko dizkiogu bizikleta estatikoari, izango da nork bultzatu.

Agur

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.