Virginia Woolf gure artean oraindik
Virginia Wolf gure artean oraindik –
Lorategira atera zara. Sendo-sendo. Lasai-lasai. Inoiz baino lasaiago. Inoiz baino sendoago. Burua tente, burua argi. Harri batzuk lurretik hartu eta poltsikoetan sartu dituzu. Harri batzuk, txikiak eta arinak; bertze batzuk, handiak eta astunak. Batzuk, ezkerreko poltsikoan; bertze batzuk, aldiz, eskuinekoan. Egoerak merezi duenez, zure beroki gustukoena jantzi duzu, gustatzen zaizulako, eroso sentitzen zarelako, patrika handiak dituelako, berarekin eskumuin beroak dituzulako.
Eguerdi eder bat atera da gaur. Polita benetan. Zure senarra goiz-goiztik bertze hiri batera joan da. Lan kontuak. Deus imajinatu gabe. Zu bitartean T.S. Elioten eskuizkribu bat irakurtzen geratu zara, bertze batzuekin batera. Ja hori egiten ohituta zaude. Beti hamaika liburuz inguratuta zabiltza, milaka ideiaz beteta, zure aitaren liburutegitik libre-libre mugitzen zinenetik, hau da, txikitatik. Zu zeu, zure bizitza, zure begirada, zure familia, zure irakurketak, zure hausnarketak izan dira zure eskola, bertzerik ez. Dena den, zure eta zure senarraren argiteletxeari esker hainbeste liburu garrantzitsu inork baino lehenago ukitu dituzu, usaindu dituzu, irakurri dituzu… a zer nolako pribilegioa zurea.
Hori, Eliotena, erdian utzi duzu. Ezin zinen kontzentratu. Berriz ahots madarikatu horiek agertu dira. Behin eta berriz. Azken boladan nabaritzen duzu berehala agertzen direla, irakurtzen hasi bezain pronto. Ezin duzu deus egin. Min ematen dizute: mina, buruan; mina bihotzean. Baina, gaur desberdina izanen da. Zuk dagoeneko badakizu etorriko dena: eztabaidak zure senar gizajo, maitagarri, errugabearekin; gero oihuak, medikuak, ospitalea. Eta bitartean ahotsak goizez, ahotsak gauez, ahotsak etengabe, gelditu gabe, deskantsu gabe. Zuk dagoeneko badakizu etorriko dena. Eta gero eta lehenago krisialdiak agertzen dira. Gero eta lehenago… Zuk orain, Virginia gajoa, ez dakizu horrek izena duela: desoreka bipolarra. Jakin bazenu, agian zeure burua hobeto ulertuko zenukeen, agian medikuek hobeto lagunduko zizuketen, agian… Baina, gaur desberdina izanen da. Bai. Gaurko egunak desberdina izan beharko du.
Zure harri politak erne ukitu dituzu azkenik. Baietz, nahikoa izanen direla, pentsatu duzula ematen du. Eta zure etxearen gibeleko errekara, Ouse izenekora, abiatu zara. Bere ertzetako bat ongi ezagutzen duzu, bazter eder bat nagusiki, hamaika pasadizoren, maitasunen eta topaketaren lekukoa da eta, lagunekin, idazleekin, intelektualekin. Baita momentu txarren babesa ere izan da.
Ja erreka sentitu zara, distantzian zure arbola gustukoena ikusi duzu eta. Aitzinerat zoaz ibilera astunarekin. Hain hurbil daukazu ertza… Ura ukitu orduko hotzikara bat sartu zaizu, baina ez dago atzerako martxarik. Pauso batzuk gehiago eta gibelean geratuko dira zure senarra, zure lagunak, zure nobelak, zure talentua, zure Vita maitea (lagun eta maitale zoragarria), zure bizitza beltzez, grisez eta kolore distiratsuez beteta, dena batera. Baita zure ahotsak, zure sufrimenduak, zure amesgaiztoak ere.
Zure gorputza dagoeneko Ouseren barrenean flotatzen ari da. Lasai, zure buruak, azkenean, bere atsedena hartu du. Zuregatik pozten naiz. Ahotsek ja ez dute zure buruan burrunba eginen. Ja ez zaituzte gehiago molestatuko. Ja libre sentituko zara betiko. Bejondeizula.
Aldiz, zure tinta betiko lehortu da. Ja ez da egonen “Orlando” gehiagorik, “Mrs. Dalloway” gehiagorik, “Hiru ginea” gehiagorik eta bertze hainbeste lan garrantzitsu gehiagorik. Eta penagarria da. Baina ez duzu negar egiten. Ia laurogei urte zure heriotzaren ondoren emakumeari, gizarteari, kapitalismoari buruzko begiradek eta hausnarketek, zure idazkiek guztiek bizirik jarraitzen dute feminismoaren laugarren olatuaren atarian. Lasai, zuk zeuk bizirik segitzen duzu emakumeen historian funtsezko pentsalari bezala.
Apropos idazi duzu abizena oker?
Mila esker garret errateagatik. Zuzenduta 🙂