66 egun

66 egun –

Jone Amonarrizek Tolosaldeko Atarian.

66 egun

Ohitura bat sortu eta urteetan mantentzeko bi hilabete behar omen dira; bataz beste, 66 egun. Hala demostratu zuten Londresko University College unibertsitateko lau ikertzailek 2009an, jateko, edateko zein ariketa fisikoa egiteko jarduerei zegokien 96 boluntarioen egunerokotasunean oinarrituta. Beraz, ikerketa horren arabera, denbora tarte horretan zerbait berria egunero-egunero errepikatuz gero egoera berean, erreakzio automatiko bilakatzen da; eta, ondorioz, borondaterik edo intentziorik gabe, inertziaz azaleratzen da jarrera hori.

Izan daiteke arratsaldero ordu erdiz korri egiteko adorea izatea, iluntzeko zazpietan afaltzea edo alkohola edateari edo erretzeari uztea. Hilabete bakar batean gure neuronak ez omen dira gai jarrera berri bat asimilatzeko, eta beraz, pentsatzen dut horregatik gure Urteberriko asmo berriek ez dutela inauterietako langa ere pasatzen. Aurten asmo mota horiei begira, ez dugu aparteko oztoporik izango norbere borondatea baino, aldiz bai ohiturekin erlazio zuzena duten bestelako alor batzuetan.

Izan ere, herritarron osasuna, eskubideak eta poltsikoa astintzearekin batera, gure ohiturak sostengatzen zituen zutabea ere kolokan jarri du COVID-19aren ziurgabetasun dardarak; eta, egiaz, gure ohiturek asko edaten dute balioetatik, sozialetik eta komunitariotik. Oraindik goiz da jakiteko lehengo ohituretara itzuliko ote garen eta itzultzekotan, noiz iritsiko den egoera hori. Baina, zalantzak zalantza, etorkizunera begiratu beharrik ez da jabetzeko egungo testuinguruan badirela puntu gorri batzuk, herriak baino gehiago, eskubideak seinalatzen dituztenak. Eta gurean, nabarmena da puntu gorri horietako bat euskararena dela.

Lehen edizioak 11 egun iraun zuen; aurtengoak 15. Eta hizkuntza ohiturak errotik aldatu nahi baditugu, uneren batean 66 egun izatera iritsi beharko da ekintza sozial erraldoi hau.

Krisi egoerak azaleratu egin ditu lehendik ere existitzen ziren joera eta egoera batzuk; etxean euskararik jasotzen ez duten haur eta gazteek premiazkoak dituzte hezkuntza eta aisialdia hizkuntzarekin konektatzeko; alarma egoera baten aurrean, gaztelania edo frantsesa lehenetsi eta euskara bigarren maila batera eraman duten enpresa eta erakundeek badute erroan arrakala kezkagarri bat; eta sare sozialetan zein balkoi edo leihoetan mezuak erdaraz zabaldu dituztenek ere alboratu egin dute euskara.

Esku bete lan eta erronka dator Euskaraldia. Lehen edizioak 11 egun iraun zuen; aurtengoak 15. Eta hizkuntza ohiturak errotik aldatu nahi baditugu, uneren batean 66 egun izatera iritsi beharko da ekintza sozial erraldoi hau. Zentratu gaitezen, baina. Amesten dugun etorkizun hori berandu baino lehen heldu dadin, pauso bakoitza irmoa izan beharko da. Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz aritzeko, Euskaraldia da jomuga orain. Izena eman eta parte hartu: izenematea.euskaraldia.eus.

66 egun

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “66 egun”-ri buruz