‘Neskamearen ipuina’: beste ezinbesteko distopia bat euskaratu du Txalapartak
‘Neskamearen ipuina’: beste ezinbesteko distopia bat euskaratu du Txalapartak
Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorrian.
Eskertzekoa da Txalapartak egin duen lana, pixkanaka eta zarata handirik gabe, ingelesezko nobela distopiko garrantzitsuenak euskarara ekartzeko: 2007an argitaratu zuen George Orwellen 1984 klasikoa, Oskar Aranak itzulita; 2010ean berriz, Ray Bradburyren Fahrenheit 451, Nagore Tolosak euskaratuta; eta 2018an iragarri zuten “hiruki distopikoa” itxiko zuen argitalpena, Aldous Huxleyren Bai mundu berria berrargitaratuz –Xabier Amurizak egindako itzulpena 1971n publikatu zen lehen aldiz, baina aurkitzeko zaila zen; Fernando Reyk gaurkotu zuen testua mende berriko edizio honetarako–.
Anaia handien, liburu erreen eta gizarte perfektuen triangelu hori itxita, Tafallako argitaletxeak beste kolpe bat eman du liburu-dendako apalategian Margaret Atwooden Neskamearen ipuina argitaratuz, Zigor Garrok itzulita.
AEBetan talde erlijioso batek estatu kolpea jo eta herrialdea Gileadeko Errepublika bihurtu ondorengo gizartean murgilduko da irakurlea nobela honetan: Freden izeneko neskamea da protagonista, etxetik egunean behin atera daiteke janaria erostera, debekaturik dauka irakurtzea; eta Komantandeak haurdun utz dezan errezatzen du, izan ere, jaiotza-tasa baxuak medio, neskameen balioa euren obarioen emankortasunaren araberakoa da –eta emankorrak ez diren neskameek leku are okerragoan bukatzeko beldurra dute–. Laburbilduz, diktadura erlijioso eta patriarkal baten muinera bidaia da Atwooden nobela.
Lehen aldiz 1985ean plazaratua, idazle kanadarraren nobela honek bigarren, hirugarren eta laugarren bizitzak izan ditu komikian, zineman –1990ean egin zuten pantaila handirako egokitzapena– eta telebistan –munduko telesail arrakastatsuenetako bat bihurtu da 2017an Hulu plataforman estreinatu zenetik–, eta esan liteke ikuspegi feministadun literatura distopikoa mainstream bihurtzea lortu duela.
Nobelak euskarara itzultzea zenbaki gorrietan bukatzen den apustua izaten da maiz hemengo argitaletxeentzat, baina agian honelako apustu batek balio dezake irakurle askok euskarazko itzulpenekin izaten duten abiapuntuko errezeloa gainditzeko: telesaila martxan dagoen bitartean argitaratu da, istorio indartsua eta gaur-gaurkoa kontatzen du; eta, gauza jakina da, “liburua gehiago gustatu zitzaidan” esan ahal izateko, liburua irakurri behar da.