Euskaraz ez dugu…
Euskaraz ez dugu… –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa egunkarian.
Ez oso aspaldian, euskara zein polita eta bitxia den erakusteko neska hark gaztelaniaz egin zituen bideoak ikusi nituenean (“en euskera no decimos”), modaz arduratzen diren jainko-jainkosen aurrean otoitzean egon nin-tzen moda hura ahalik eta azkarren pasa-tzeko, mesedez, bideo haiek euskarari kaltea baino ez ziotela ekarriko pentsatzen nuelako. Harriturik irakurri nituen baikortasunaren droga garunean ondo errotuta dutenen iritziak: bideo horiei esker asko euskarara hurbilduko zirela, euskara modu horretan aurkezteak hizkuntza atseginago bilakatzen zuela, eta ez dakit zer gehiago (zenbat konplexu!).
Jainko-jainkosak ondo portatu ziren, edo hori uste nuen behintzat, eta bideoak ahantzi nituen. Pasa den astean bat-batean mutil bat agertu zitzaidan ordenagailuan hizkuntzari buruzko ergelkeria horiek errepikatzen berriro ere, gaztelaniaz. Euskara oso polita dela “musu-truk” esaten dugulako “doan” esateko (eskerrak musuak mugatuago ditugula pandemia dela eta). Eta “bihotz” hitzak “bi hots” esan nahi duela (bide batez, zergatik “bi hots” eta ez “bi hotz”?). Ez dakit nire jainko-jainkosek eneuskeranodecimos bigarren olatu hau bizkor geldiaraziko duten, baina iruditu zait oraingoan jende gehiago atera dela plazara euskarari buruzko lelokeria horiek lelokeria galantak direla esateko eta ez besterik (baten bat Twitterren “babalore” hitzaz mintzatu zen, zen-tzurik txarrenean). Agian gaztelaniaz esan beharko ditugu, erdipurdiko etimologiak maite dituztenek ez baitiote kasu handirik egiten euskara idatziari.
Euskaldunok, nire ustez, ez dugu euskara polit, aparteko, berezi, bitxi, misteriotsu eta exotikorik behar. Egunero behar dugu, tabernariari kafea eskatzeko, dentistari mina non dugun azaltzeko edo liburuak irakurtzeko (hara!). Eta egunerokoa dena ezin da, berez, exotikoa izan; exotikoak exotiko izateari uzten dio bigarren egunean bertan. Bestaldetik, hizkuntza guztiek ezaugarri gutxi gorabehera arraroak dituzte beste mintzaira bat duten hiztunentzat. Ingelesez ez dugu igande esaten, “sunday” esaten dugu, eguzkiaren eguna, zoragarria benetan. Tentelkeriak.