Nazioarteko hamalau adituk ‘Iruña-Veleiako auzia, zientzia eta epaia’ agiria sinatu dute

Nazioarteko hamalau adituk ‘Iruña-Veleiako auzia, zientzia eta epaia’ agiria sinatu dute –

Alea agerkaritik jasoa.

Iruña-Veleiako auzia, zientzia eta epaia agiria sinatu dute nazioarteko hainbat adituk. Gehienak benetakotasunaren aldeko txostenak egin dituzten pertsonak dira; horietako bost arkeologoak.

Nazioarteko hamalau adituk 'Iruña-Veleiako auzia, zientzia eta epaia' agiria sinatu dute

Iruña-Veleiako auzia, zientzia eta epaia

Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan egindako aurkikuntzei buruz izandako epaiketa eta oraintsu emandako epaia dela eta, gertaeren errealitatea larriki desitxuratzen duten albisteak argitaratu dira komunikabideetan.

“Eliseo Gilen kontrako zigorra bere osotasunean zantzu soiletan oinarritua izan da”

Mugaz gaindi ere iritsi da errealitatearen desitxuratze hau: zabalkunde handiko bi egunkari britaniarrek, geologo batek “afera guztia adar jotze hutsal bat besterik ez izana” onartu eta bere burua errudun aitortu duela argitaratu dute albiste faltsu batean. Kezkaz ikusten dugu nola zenbait hedabidek ez duten betetzen, dagokien legez, gizarteari egiaren gainean oinarritutako informazioa eskaintzearen betebeharra.

Epaiari dagokionean, azpimarratu egin behar da auzipetu nagusiaren aurka, hau da, indusketen zuzendari ohi Eliseo Gilen kontra frogarik ez izatea aitortzen duela, zigorra bere osotasunean zantzu soiletan oinarritua izan delarik; eta baita, Gilek zigorraren aurka helegitea aurkeztu duenez, kasu judizialak konpontzeke jarraitzen duela ere.

“Eztabaida bizi-bizirik dago egiazkotasuna argitu ezin izan duten eta kontrako iritziak dituzten adituen artean”

Epaitegi inguruko gertaera hauetaz gain, Iruña-Veleia aferak badu gizartearen gehiengoak ezagutzen ez duen alderdi bat, zientziari dagokiona justuki. Izan ere, hedabide batzuetan “faltsutze baldar” gisan aurkeztu denean, egiaz, eztabaida bizi-bizirik dago aurkikuntzen egiazkotasuna argitu ezin izan duten eta kontrako iritziak sostengatzen dituzten hainbat alorretako adituen artean.

Eta eztabaida hau izan badela epaian bertan agerian gelditu da, bertan baieztatzen baita badirela “batzuen eta besteen arteko iritzi kontrajarriak, zeinak arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia, eta abarretako zientzia esparruetatik baloratu beharko duten”, eta “piezak aztertu ahal izan dituzten adituen artean eztabaida badela”. Epaitegiak eztabaida zientifikoa izan badela onartzeak, ezereztu egiten du Arabako Foru Aldundiaren (AFA) Kultura Sailak 2008ko azaroan hedaturiko –eta egiari ezikusi eginez zenbait komunikabidek oraindik haizatzen duten– faltsutasunaren aldeko “erabateko adostasun zientifikoaren” mitoa.

Errealitatea, berriz, bestelakoa da, alor desberdinetako (arkeologia, epigrafia, hizkuntzalaritza, historia, egiptologia) hainbat adituk, txosten, artikulu zientifiko, liburu eta biltzarretan egindako aurkezpenen bidez publikoki azaldu baitituzte Iruña-Veleian egindako aurkikuntzen egiazkotasunari buruzko euren iritzi eta argudioak.

“Zientziaren esparruko gaiek aldizkari, biltzar zientifiko eta zientzia foroetan argitu behar dute, eta ez, inola ere, justizia-auzitegietan”

Eztabaida honen gainean epai judizialak ez du inolako eraginik. Lehenik, epaitegietako afera oraindik argitzeke dagoelako, eta, bigarrenik, zientziaren esparruko gaiek aldizkari, biltzar zientifiko eta antzerako zientzia foroetan argitu behar dutelako, eta ez, inola ere, justizia-auzitegietan. Izan ere, epaia honi buruz ari da, espresuki dioenean “arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia, eta abarretako zientziaren esparruei dagokie” dauden iritzi kontrajarriei buruz balorazioak egitea.

Iruña-Veleiako aztarnategian induskatutako 36 piezetan (400 baino gehiago topatu ziren) Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak (IPCE) eginiko analisiek, grafitoek oraintsu eginak izatearen zantzuak zituztela ondorioztatzera eraman zuten. Ondorio horiek bermatzeko beren adina ziurtasun osoz ezagutzen den –antzina egindako, nahiz oraintsuko– kontrolerako grafitoen gaineko inolako analisiren emaitzarik ez da aurkeztu, eta honek ateratako ondorioen egokitasuna zalantza pean uzten du. Ondorio horiek ditu oinarri epaiak.

“Agerikoa da, grafitoen azterketa fisikoei dagokienean ere, adituen txosten eta testigantzetan badirela desadostasunak”

Ez da gure asmoa, inondik inora ere, aurreko hau ezkutatzea. Analisi horien ondorioak izan dira aztarnategiko zuzendari ohia grafitoak “bere kabuz ala hirugarrenen baten bidez” egin izanagatik zigortzera eraman dutenak. Ezin esan gabe utzi, halere, akusazioaren eta defentsaren perituek, eta baita IPCEak berak ere, epaitegiaren esku utzitako analisi fisikoei buruzko beste hiru txostenetan ez dela grafitoen faltsutasunik ondorioztatu. Beraz, agerikoa da, azterketa fisikoei dagokienean ere, adituen txosten eta testigantzetan badirela desadostasunak.

Iruña-Veleian aurkitutako piezen adinari buruzko desadostasunik ez dago, ordea. Nazioartean izen handia duten bi arkeologok balioztatu dituzten datazio estratigrafikoen bidez azaldu da beren erromatar garaiko jatorria, eta hori inork ere ez du ezbaian jarri, epaian bertan onartu delarik.

“Iruña-Veleian aurkitutako piezen adinari buruzko desadostasunik ez dago”

Grafitoen adinaren eta datazio estratigrafiko horien arteko bateraezintasuna adierazten duten azterketa linguistiko, epigrafiko eta fisikoen argudioak zalantzan jarri dituzte grafitoak erromatar garaiarekin bateragarri direla uste duten hainbat adituk. Gu eztabaida horri irtenbidea emateko bide bakarra zientzia eremutik etorriko denaren ustekoak gara.

Uste hori dela eta, AFAri, piezen zaintzaren ardura duen horri, eskatzen diogu: auzibidean ez dauden aleak (auzibidea faltsutzat jotako 36 piezetara mugatzen baita) utz diezazkion zientzia komunitateari eskuragai, berauek dituzten grafitoen antzinatasuna ezagutzeko behar diren azterketak egin, ondorioak atera eta publikatu daitezen.

Arabako Arkeologia Museoan garbitu gabe gordeta dauden piezak, prozesua bere osotasunean bideo bidez jasotzen den bitartean garbitzeko eskakizuna ere luzatzen diogu; eta baita kontrolerako indusketak egitea ere, “ezohiko” grafitoak azaldu zireneko guneen ondoan arkeologia talde independente baten eskutik, modu honetan, antzerako aurkikuntzarik gertatzen den egiaztatzeko.

“Aldundiari eskatzen diogu auzibidean ez dauden aleak utz diezazkion zientzia komunitateari eskuragai”

Iruña-Veleiako grafitoek, erromatar garaikoak balira (inork ez du garai horretakoak ez direnaren behin betiko frogarik ezagutarazi), aitzin-euskararen, latinak erromantzeetara izandako garapenaren, eta hasierako kristautasunaren ezagutza garrantzitsua eskainiko lukete. Beraz, berauen antzinatasunari dagokion eztabaida argitzeak, hala nola haien ikerketa zientifikoa egiteak eta publikatzeak, geure ondare historiko eta kulturalarentzako berealdiko garrantzia izan lezake.

.

Sinatzaileak: Antonio Rodriguez Colmenero, Katedratiko Emeritua Antzinako Historian Santiago de Compostelako Unibertsitatean; Edward C. Harris, MBE, PHD, FSA, Bermudetako Museo Nazionalaren Zuzendari Exekutiboa, Sortzaile Emeritua; Xabier Gorrotxategi Nieto, Arkeologian Doktorea; Luis Silgo, Historian Doktorea Arkeologia espezialitatean; Noe Villaverde Vega, Arkeologian Doktorea aipamen europarrez; Mikel Albisu, Geologia Zientzietan Lizentziatua; Maria Pilar Alonso, Hizkuntza eta Komunikazioan Doktorea; Juan Martin Elexpuru, Euskal Filologian Doktorea; Roslyn Frank, Iowa (AEB) Unibertsitateko Irakasle Emeritua; Ulrike Fritz, Egiptologoa Tübingen-go (Alemania) Eberhard Karls Universitätean; Alicia Satue, Filologia Klasikoan Lizentziatua; Miguel Thomson, Zientzilari Titularra Ikerketa Erakunde Publikoetan; Koenraad Van den Driessche, Geologian Doktorea, Geokimikan espezializatua; Patxi Zabaleta, abokatua eta idazlea, Euskaltzaindiko kide.

Nazioarteko hamalau adituk Nazioarteko hamalau adituk

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.