Aginduriko eskolaratzearen aurrean, ikastetxera joan beharrik gabe tele-lanean jarraitzea exijitzen dugu
Aginduriko eskolaratzearen aurrean, ikastetxera joan beharrik gabe tele-lanean jarraitzea exijitzen dugu –
Hezkuntza Sailak aginduriko irakasle eta gainerako langile guztien eskolaratzearen aurrean, langileek ikastetxera joan beharrik gabe tele-lanean jarraitzea exijitzen diogu.
Datorren ikasturte hasierako plangintza, segurtasun neurriak, beharrezko plantila gehikuntzak zein itzulera baldintzak langileon ordezkariokin negoziatzeko galdegiten diogu
Hezkuntza Sailak maiatzak 19an publiko egin zuen jarraibidearen arabera, datorren astetik aurrera administrazio publikoko ikastetxeetako etapa guztietako irakasle, hezitzaile eta gainerako langileek aurrez aurreko eskolak emango ez diren mailetan ere, ikastetxeetara itzuli beharko lukete.
Aste honetan oso gutxi izan dira ikasketa presentzialak abian jarri dituztenak eta egin dutenek oso ikasle kopuru murritzentzat egin dute. Datozen asteetan ere, eta oro har ikasturte amaiera bitarte, dinamika bera espero da. Beraz, argi geratu da ikastetxe gehienek, Hezkuntza Sailaren irizpide arduragabeen aurrean, sindikatuon irizpideen ildotik doazen planteamenduak jarraitu dituztela. Ondorioz, Hezkuntza Sailak emandako protokolo eta osasun jarraibideen gabezia eta hutsune nabarien gainetik, hein handi batean osasuna bermatzeko segurtasun neurriak hartzea ahalbidetu da.
Hala ere, gogoratu behar dugu Hezkuntza Sailak maiatzaren 19an beste behin ere zentzu eta zehaztasun gabeko aldebakarreko erabaki berri bat hartu zuela eta honen arabera aurrez aurreko ikasketarik abian jarri ez arren, maila guztietako irakasle eta langileak ekaineko lehenengo astetik aurrera eskoletara presentzialki joateko jarraibide orokorra eman zuela. Aurrez aurreko ikasketetara joango diren ikasle zein irakasleei, maila guztietako gainerako irakasle eta langileak gehituz.
Erabaki hau berriro ere langileon ordezkariekin adostu zein partekatu gabe hartu du Hezkuntza Sailak eta erabakia gauzatzeko irizpide edo jarraibide zehatzik ezarri gabe bidali du ikastetxeetara. Gainera, azken erabaki honen zehaztasun faltaz gain, salatzekoa da osasunarentzat arrisku gehigarria suposatzen duen eta atzean inolako arrazoi pedagogikorik ez duen zentzu gabeko erabakia dela.
Horretaz gain, irizpide komunik gabe gauzatzen ari den jarraibidea da, ikuskaritzatik zonaldearen arabera irizpide ezberdinak ematen dituztelarik. Ikuskaritza Nagusiari eta Hezkuntza Sailari irizpide komun bakarra ezar dezala exijitzen diogu, langileek ikastetxera joan beharrik gabe telelanean jarraitzea.
Kontuan izan behar da langile hauek telelanean ari direla eta hala jarraitu behar dutela ikasleei arreta ematen. Ikastetxera joateko agindua eman zaie orain baina zertara zehaztu gabe, ez nola edo zenbat denboraz. Beraien lanaldi osoa ikastetxean gauzatzea bada helburua eta beraz, bertatik ematea ikasleen arreta, kontuan izan behar da ikastetxe askotan ez dagoela nahikoa gailu tekniko eta baliabide langile bakoitzak telelena ikastetxetik egin ahal izateko. Hori ez balitz helburua, zehaztu beharko litzateke zein neurritan etxetik jarraitu beharko duten telelanean,
zertara joan beharko luketen ikastetxera, nola banatuko den beraien lanaldia eta funtzioak eta abar luze bat.
Beraz, Hezkuntza sailaren azken erabaki honek, arduragabekeria eta inprobisazio erakustaldi berri batean, jada nahiko nahasia dagoen egoera oraindik eta gehiago nahastea dakar, osasun ikuspegitik izan ditzakeen ondorio larriak kontuan izan gabe.
Guzti honengatik, sindikatuok azken aldebakarreko erabaki hau atzera botatzeko galdegiten diogu Hezkuntza sailari. Adi egongo garela ikastetxeetan osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko, hala ez den kasuetan beharrezko neurri eta tresnak abian jarriz.
Datorren ikasturtera begira, Hezkuntza sailari galdegiten diogu ezinbestean langileon ordezkariokin adostu ditzala ikasturte hasierari begirako segurtasun eta osasun neurriak, hala nola ratio murrizketa egokienak, ratio horiek betetzeko beharrezko langile zein plantila handitzeak, garbitasunaren maiztasuna gehitzeak ekarri behar duen plantila gehikuntza eta lanaldien egokitzapenak besteak beste.
Hau horrela, Hezkuntza sailari exijitzen diogu datorren ikasturte hasierako plangintza langileon ordezkariokin negozitu eta adosteko bidean, sindikatuokin berehala bildu dadila, ordezkarion iritzi eta ekarpenak aintzat har ditzala eta datorren ikasturte hasiera seguru eta adostu bat ahalbideratu dezala. Bide batez, eskolara buelta elkarrekin prestatzean, aprobetxatu dezagun hezkuntza sistema hobetzeko behar diren aldaketa sakonak egiteko.
Azaleko argazkia: Alea.