Birusak, distopiak eta mundu berriak
‘Birusak, distopiak eta mundu berriak’ –
Jakin Jardunaldia 2020
‘Birusak, distopiak eta mundu berriak’
- COVID-19 gaitzaren ostean etorkizuna irudikatzeko ditugun usteak eta tresnak aztertuko ditu aurtengo Jakin Jardunaldiak.
- 2020ko uztailaren 16an egingo da Usurbilen, UEU, Jakin eta Usurbilgo Udalaren elkarlanari esker.
- Segurtasun neurriengatik lekua mugatuko da. Izena emateko epea zabalik dago.
Badugu zer aztertu, zer ikasi, zer aldatu. COVID-19ak agerian utzi ditu gure gizartearen gaitzak, eta horiei erreparatuko die Birusak, distopiak eta mundu berriak Jakin Jardunaldiak, etorkizunera begirako hausnarketan.
Horretarako, zortzi aditu eta aritu elkartuko ditugu Usurbilen 2020ko uztailaren 16an: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko ditugu, denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko.
.
Orain da hausnartzeko unea
“COVID-19ak izua zabaldu du, eta izua errealitate distopikoaz erditu eta distopiak ‘normaltasun berria’ ekarriko omen du”, azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. “Bitarte horretan, sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira: eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gain- ustiaketa, bizitzaren prekarizazioa. Eta horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat”. Horregatik, “zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia”.
Elkarrekin hausnartzea inoiz baino beharrezkoagoa zaigu, beraz. Horregatik, bizi dugun egoerak baldintzatuko gaituela jakitun, aurten ere jardunaldia antolatzea erabaki dugu. Eta horregatik ere, Usurbilgo Udalaren, UEUren eta Jakinen artean antolatutako jardunaldi honek aparteko balioa du, elkarlanaren emaitza delako. Ezin marko egokiagorik gai honi heltzeko.
Aurreko edizioetako arrakastak ere horretara bultzatu gaitu, gainera. Izan ere, iazko ‘Maitasuna politikoa da’ jardunaldiaren aho zapore gozoaren ondoren dator seigarren Jakin Jardunaldia.
.
Egun bakarrera, lekuak mugatuta
Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera ekarri dugu jardunaldia: uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu beharrean izan gara, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izanen dute parte.
Izena emateko epea zabalik dago UEUren udako ikastaroen atalean. Hemen.