Zenbateko handi da YouTube?

YouTubeYouTubek sei urte bete ditu maiatzean eta jada ez da hasierako proiektutxo txikia. Ez. Hastapenetatik, haziz eta haziz joan da maldan behera doan elurrezko bola baten gisara eta, orain sareko munstrorik handienetako bat da; zentzu onean, noski. Ezetz jakin zein den bere tamaina?

Minuturo 48 ordu bideo igotzen dira webgunera; hau da, bi egun oso osorik! Hamar egunetan zehar YouTubera igotako bideo guztiak ikusi nahi bagenitu, bizitza osoa eman beharko genuke (lo egiteko eta jateko atsedenik hartu gabe). Pentsa: 60 egunetan YouTubera igotako edukiak AEBetako hiru telebista kate garrantzitsuenek beren 60 urtetako historian zehar produzitutako eduki kopurua baino handiago da.

Erabiltzaileek 3.000 milioi orrialde bistaratzen dituzte egunero. Hilero 490 milioi erabiltzaile bakar sartzen dira webgunean eta 2.900 milioi ordu (325.000 urte!) ematen dituzte YouTuben.

YouTube bisitatzen duten erabiltzaileen %70 AEBetatik kanpo bizi da; ez da harritzekoa beraz 46 hizkuntzetara itzulita egotea. Zerbitzua oraindik ez dago euskaraz, baina hazten hari den moduan, ez da harritzekoa hemendik gutxira YouTuben euskaraz nabigatzeko aukera izatea.

Hiru Bitxikeria

1. YouTube bideo-hitzordu gune gisa sortu zen hasieran; baina azkenean, sortzaileek bide hori urratzeari uko egin zioten.

2. Hasieran, utube.com konpainiak (Universal Tube & Rollform Equipment) YouTube salatu egin zuen beren webgunera erabiltzaile kopuru ikaragarria sartzen hasi baitzen. Izan ere, erabiltzaile horiek fonetikoki idazten zuten hitza (ingelesez you = u). Azkenean, salaketa ezerezean gelditu zen eta YouTuberen handitzearenĀ  ondorioz, utube.comek izena aldatu egin behar izan zuen utubeonline.comera arazoari aurre egiteko.

3. YouTubera igotako lehen bideoan sortzaileetako bat ikus dezakegu San Diegoko (Kalifornia) zooan elefanteen tronpa luzeari buruz iruzkin bat egiten.

UDAZKEN KOLOREAK