Ikuskizunetako teknikariek Jaurlaritza eta Estatuaren laguntzak engainuak direla salatzen dugu
Ikuskizunetako teknikariek Jaurlaritza eta Estatuaren laguntzak engainuak direla salatzen dugu –
EAEko ikuskizunetako 200 teknikari autonomo inguruk sinatzen dugu agiri hau, kasik %100-ak. Erakundeen erabateko utzikeria salatzeko eta agerian jartzeko antolatu gara. Diru-laguntzak eskuratzea galarazten zaigu zalantzaz beteriko etorkizun beltz baten aurrean.
Pandemia honek gremio guztiak eragin ditu, ondorio handiak ekarriz eta aurrerantzean, izaten jarraituko ditu, bakoitzean bere berezitasunekin. Ikuskizunetako teknikariak izan ginen lehenak lana eteten eta eszenara itzultzen azkenak izango gara. Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen jarduera-kantitatearen mende gaude; haien plantillak errendimendu betean daudenean, orduan itzuliko gara agertokira.Baina nola biziraun ordura arte? Zer nolako laguntza jasoko dugu larrialdi egoera amaitzean, diru-sarrerarik gabe gure egoerak larrialdizkoa izaten jarraitzen badu?
Ikusten eta entzuten ez bazaigu ere, teknikariak foku eta bozgorailuen atzean dauden langile prekarioak gara; asteburu eta gauetan 16 orduko lanaldi amaigabeak betetzen ditugunak, hain zuzen ere. Hitzarmen kolektiborik ez izatearen ondorioz, sektorearen prekarizazioa pairatzen dugunak gara. Urtean BEZ-a eta PFEZ-az gain, gutxienez 3400€ ko autonomoen kuota ordaindu behar dugunak. Neguan bizirauteko udan lan egiten dugunak gara. Musikagintzaren proletarioak. Ez gara ekintzaile amorratuak; beharrizan hutsagatik autonomo izan behar garenak baino ez.
Euskal Autonomia Erkidegoko zein Estatuko erakundeen aldetik abandonatuta eta engainatuta sentitzen garela salatu nahi dugu. Babesa sentitzeko eta informazio zuzena jasotzeko beharra dugu. Are gehiago Zeke Emanuelek, OMEko zuzendari nagusiaren aholkulariak, botatako baieztapenaren aurrean: “gauza hauek (kultura ikuskizunak)normaltasunera itzultzen azkenak izango dira. Errealistak izanik, 2021eko udazkenaz ari gara”. Horrelako baieztapenak ez dira batere itxaropentsuak, babes eta konponbide ezaren aurrean.
Krisi honen ondorioak arintzeko, udalek zein beste administrazio batzuek kulturarako jada onartutako diru-partidak arlo horretara bideratzen jarraitzea eskatzen dugu.
Gure isiltasuna ez da erosten datorren astelehenean, hilak 11, Eusko Jaurlaritzak kulturari emango dion laguntza barregarriarekin. Laguntza hori, 2,5 milioikoa, ez da bateragarria izango mundu guztiak eskatu zuen Espainako Gobernuak aurretik ateratakoarekin (LGSren oso azpitik). Beraz, bateraezina delako edo txikia delako, pertsona gutxik eskuratu ahal izango dute, beti ere denbora mugatuan, azpikeriz jositako dirulaguntza hori.
Estatuko gobernuak kultura-sektoreari laguntzeko BOEn 2020ko maiatzaren 5ean argitaratu zuen azken laguntzak ere ez digu irtenbiderik eskaintzen, artisten erregimenean alta emanda egotea eskatzen baitu.Hori horrela, oinarriak aldatzeko eskatzen dugu; alde batetik laguntza hauetakoren bat lortzeko aukera izateko eta bestetik, “normaltasunera” itzuli arte, laguntza horiek luza daitezen.
Behingoz, foku horri buelta eman gu ikusten uzteko, bozgorailua jartzeko, nahasketa-mahaira joan eta ahotsik gabeko ahotsaren bolumena igotzeko unea heldu da. Ozen eta argi “Eta gurekin zer?” esateko unea da.