Manba beltzaren hozkadak ETBri

Manba beltzaren hozkadak ETBri –

Manba beltzaren hozkadak ETBriZalaparta handia sortu du @mambanegra2014 txiolariak berriki ETBz jakinarazitakoak: itxialdian, apirilean, ETB1 “TRECE” kate eskuindarraren azpitik gelditu da audientzietan. Hona hemen idatzi dituen beste zenbait, euskaraturik:

-“ETB1ek maldan behera segitzen du apirilean: audientziaren % 1,2. Dezima bat galdu du kirolen zuzeneko emankizunik ez izateagatik, eta, Euskadin [EAE izanen dela uste izatekoa da] TRECE katearen (%1,6) azpitik gelditzen da. (…) 2020an, osotara, audientziaren %25 galdu du 2019. urtearen aldean.

Apirilean ETB1en aurretik gelditu ziren beste kate batzuk (begi-bistakoez gain), honako hauek dira: Mega, Energy, Divinity, FDF, Atreseries, DMAX eta Paramount.

-Begi-bistakoa da ezen euskarazko telebista 37 urtez izan ondoren (kasik Frankoren diktadurak iraun zuena), audientziaren %1,2 izatea erabateko porrota dela; ez zaio mezulariari egotzi behar, baizik eta abandonuari eta txalupa gidatzen dutenen kudeaketa kaskarrari.

Sorpresa: ETB1 ikusteko ez da euskaraz jakin beharrik. ETB1en audientziarik handienak, hilabetearen bukaeran sharea salbatzen dutenak, edozeinek ikusteko modukoak dira: kirolak.

-Orobat, ez da euskaraz jakin beharrik igande eta jaiegunetan meza ikusteko (hit handia), ezta Adinberri ere (itxialdiko ustekabe atsegina), ezta Oholtzan ere (berdin zait mariatxiak, Los 5 bilbainos nahiz Iruñean Kantuz).

ETB1en programazio-parrila desastre hutsa da. Ez dago pentsatua TB generalista gisa. Petatxuka egiten da. “Parrila” ardazten EZ duten saioak estreinatzen dira; ez dute ardazten, baina lana eta dirua ematen diete produktoreei (beti berberei). Batzuk ongi ateratzen dira eta beste batzuk ez…

Asmakizuna ongi ateratzen denean (esaterako Herri Txiki…) gelditu egiten da (…). Kontua da gaizki ateratzen denean. Gaizki ateratzen denean, kendu egiten da, edo “parrilan” betiko gelditzen. Ez dago tartekorik. Ezta hobetzeko prozesurik ere.

Kentzen bada, produktoreak beste enkargu bat jasoko du. Betiko gelditzen bada (Ahoz aho, %0,0ko audientzien adibide ezin hobea) inor ez da harritzen. Eta horregatik ez dago hobetzeko prozesurik. Zertarako estutu burua baldin lana ziurtaturik baduzu?

Ez dago fikziorik, dirua joaten delako EITBren egitura pagatzeko eta, zatirik handiena, ETB2ren programaziorako. Horregatik ez dago fikziorik. Eta dagoen apurra betikoentzat da. Ez dago ideia-berrikuntzarik.

ETB1, 37! urteren ondoren, punturik apalenean dago, euskaldun kopurua handiena denean. (…). ETB2 da EAJren apustu politiko hutsa, euskarazko ETBrekin eskura ez zituen hautesleengana iristeko. ETB2 existitzen den bitartean, ETBk ez ditu astean 100.000 euro gastatuko El Conquis euskaraz egiteko, edo astean 40.000 euro euskarazko En Jake bat egiteko ETB1erako (…)”.

Eta, hau ez du Manba Beltzak esaten, baina nik bai: pozik ez bazaude, sinatu hau, mesedez (!):

Aldaketa beharra. ETB esnatu!

Manba beltzaren hozkadak ETBri

23 pentsamendu “Manba beltzaren hozkadak ETBri”-ri buruz

  • Ados. ETB1en inbertsitzen den dirua/arreta eskasa da.
    Baina zenbat programa dezente uzten ditu jendean albora, besterik gabe ETB1 delako (hots, telebista euskaraz ikusteaz paso egiten duelako)?

    Ildo horretatik, bada beste datu esanguratsu bat:
    ETB3 ikusten dutenen kopurua Clan edo Boeing ikusten dutenenaren erdia da. Hemengo ume ia denek euskaraz (modu pasiboan behintzat) kontsumitzeko gauza dira.
    Eta ETB3ren parrilla EZ DA inondik ere adibidez Boeingena baino eskasagoa.

    Zer pasatzen da orduan? Zenbat familiatan ikusten dute ETB3 ume “euskaldunek” lehentasun gisa?

    ETBren arduradunek badute errua, jakina. Baina gure gizartean gauza asko daude birpentsatzeko eta buelta emateko. Soluzioa ez baita goitik etorriko.

  • Testu honekin ados nago, baina sinatzeko testuan esaten diren gauza batzuekin inondik inora ere ez, guztiz aurka baizik, eta hala azaldu diot… ez dakit nori, kanpainako arduardun bati edo batzuei…. Hori baita bestea: ez dakit nondik datorren, nora doan eta zertarako den sinadira bilketa hori.

  • Bai… Euskara eredu desegokiarena-eta… Hanka sartzea izan da halakoak sartzea, baina hala ere sinatu dut. Etor dadila aldaketa nonbaitetik!

  • “Merlí”-ren euskara eredua “zurrunegia” bada eta horregatik huts egin baldin badu audientzia kopuruetan, hiruko erregela eginez: gauza bera esan daiteke “Berria” egunkariari, “Argia” aldizkariari, Euskadi Irratiari edo “Zeu Zeu”-ri buruz ere? Eta euskal literaturari buruz? Horregatik irakurtzen da hain gutxi euskal literatura? Ez ba, ez da horregatik, baizik eta euskaldunok, oro har, ikaragarri analfabetoak garelako geure hizkuntzan, eta batzuetan are harrotu ere egin gaitu analfabetismo horrek. Eta analfabetismo horren konponketa ezin da ikastolen-eskolen esku utzi (mende erdiz utzi den bezala, ikastolen eta eskola askoren meritu handiz, bide batez esanda), eta lan handia egin beharko luke ETB1ek horretan, hain zuzen ere “MerlÍ” eta antzeko bikoizketa ugari eginez, ahozko euskara batuan, jakina. Zer da erregistro zurruna? Zer egin behar da? Bikoiztale bakoitzak bere heriko euskaran bikoiztu behar ote du ba? Ez dut ulertu zati hori. Ni konbentzituta nago euskarara bikozitutako fizkioak “baselina-efektu” bikaina egingo lukeela euskaldunok euskaraz gehiago irakurtzeko, hala prentsa idatzia nola euskarazko literatura eta are euskarara itzulitako mundu osoko literatura ere (itzulpen bikainak ez dira falta horratik!; zurrunegiak ote dira horiek ere?). Horregatik, ezin onartuzkoa iruditzen zait “Merll´” jartzea ETB1ren ajeen adibide eta eredu moduan, beste milaka adibide daudenean egunero, denok ondo dakigunez. Eta badaezpada ere: ni ez naiz bikoiztailea, ez dut zerikusirik “Merlí”-rekin eta ETBrekin ere ezer gutxi. Guztiz bestelakoak dira nire kezkak eta motibazioak, ez profesionalak edo gremialak.

  • Guztiz ados.

  • Inork Merliz gozatzeko trabatzat hartzen badu bertan erabilitako euskara, euskararekin berarekin du arazoa (goian esaten den bezala), eta ez seriean erabilitakoarekin. Eta nekez esan dezake Doraemon edo Dragoi Bolako euskara errazagoak edo gozagarriagoak direnik. Merlin “ostialako” eta horrelako jergako elementu pare bat jarri zituzten, eta kitto.

    Eta hain zuzen, garai bateko haurren euskarazko marrazkiak eredutzat jartzen dituztenei berriro ere egiten diet galdera. Zergatik ikusten da ETB3 baino bi aldiz gehiago Boing euskal etxeetan?

    ETBk egin(go) ditu bere pekatuak. Eta batzuk oso larriak. Baina muineko arazoa beste leku batean dagoela esango nuke.

  • Euskaraz bizi nahi dugunontzat ETB1 ez da erreferentea nire iritziz. Ikusten ahaleginak egin arren ez dago gauza interesgarri askorik bertan ikusteko. Kirola ikusteaz paso egiten dugunontzat ia basamortu-telebista bihurtu da. Mariatxiak eta dantza saioak hobe ez aipatzea ere.
    Anabas honetan, ohikoa da tiroak nunnahi eta noranahi botatzea nonbait jo beharra baitago. Ume euskaldun baten aita izanik, umeen hautua ETB1-3 ez izateak ez dagokigu irakurleei aztertzea, edo bai? Hiri nahiko erdaldun batean bizirik semeak oraindik ere askotxo eusten dio euskarari inguruan ikusten denarekin. Hori bai, ez da ETBri esker zoritxarrez, ezta inguruari aipatu bezala. Euskarazko Doraemoni ia ikusteari utzi dio Boing-ekoa eta antzekoak nahiago baititu. Nire uste apalean Doraemoneko bikoizketak kaskartu egin dira urte batzuetatik ona eta behin eta berriz errepikatzeak ez dio mesederik egin. Hala ere, ez dio-gu ETB1 ikusteari Herri ttiki, DBH, Euskalonskirekin eta ni orain Eztabaidarekin konformatu behar. Non daude filmeak eta bestelakoak? Aipatutakoak zenbat ordu dira aste osoko ordutegiari dagokionez? Kontuak atera…

  • Amonamantangorri 2020-05-12 03:19

    Bikoizketari buruz: euskara eredu “zurrunegia” aipatu da. Jakin al duzue euskaldun bikoiztaileak greban daudela aspaldi xamarretik? Hori bikoizketaren kalitatean nabaritu izanen da, noski.

    Bestalde, denok goraipa dezakegu Dragoi Bola euskal bikoizketa bikain, eredugarri gisa, Amuriza jauna tartean zela. Hala ere, Dragoi Bolaren abantaila izan zitekeen eszenalekua irudimenezko mundu erabat urrunean kokatua egotea. Baba Igarleak esaten duelarik, eztulka eta mukia dariola, “mafrundia” harrapatu duela, eta ondoren Bizkai aldeko egitura bat erabili, igual irents dezakegu, izan ere, pertsonaia sorgin ipotxa da, erabat mundu irrealean.

    Gogoan dut Batmanen azkenetako film bat euskaraz ikusten hasi eta, buff, latza zitzaidala euskara horrekin filmari eustea. Zaila da adibideak banaka jartzea: “Ama ospitaleratua dago”. Ez ba. Euskaraz, “Ospitalean dago/daukat” esaten da. “Ospitaleratuta dago” hori da aipatutako “euskara zurruna”.

  • Nik zinez uste dut arazoa ez dela euskara zurrunarena. Euskara esparru batzuetan arraro egiten zaigula baizik. Eta 80ko hamarkadan serie batean beltz bat euskaraz hitz egiteak sortu zuen klitxe-hausketa gogoan (uste dut Western giroko herri batekoa zela seriea), hamarkada batzuk pasa eta batzuei arraro egiten zaie berdin berdin. Ez dugu aurrera egin.

    Beno, atzera egin dugu: ze Amurizak goxatutako Dragoi Bola horiek berak orain ikusle gutxiago izango lituzke Boing-eko Bola de Dragonek baino. ETB3 Boing baino gutxiago ikustearen arazoa ez baita euskararena, ez eta eskaintzaren kalitatearena ere (inondik ere). Eta hor ere bada faktore bat euskarazko kontsumo OSOAri oztopoa jartzen diona.

    Ze, egia da, ETBren eskaintza kaka bat izan daiteke, baina programa on xamarrek ere ez dute apenas arrakastarik.

  • “Behetik”ri erantzun nahi nioke.
    “programa on xamarrek ere ez dute apenas arrakastarik” diozu. Eta hala da. Baina behin sartu, bigarren aldiz sartu… eta beti gauza txarrak ikusten badituzu (20. aldian botatzen duten pelikula, gag mutuak… iazko pilota partida…) nola nahi duzu programa on xamar hori topatzea? Egunarekin eta orduarekin egin behar duzu topo.
    Desastrearen erdira ez dugu sartu nahi izaten, beldur diogu. Hori da gertatzen den kontu bat.

  • Amonamantangorri, nik ere ez nuke “ospitaleratua dago” esango, baina susmoa dut entzuten den euskara norberaren “belarritik” % 100ean gozo sartzen ez bada, euskararekin oso azkar etsitzen dugula, eta euskararen zurruntasunari botatzen betiere errua. Eta batzuetan, batzuetan bederen, belarriak edo belarriaren sentsibilitate gehiegizkoak ere izan dezake garrantzia.

    Gaztelaniazko bikoizketan maiz gertatzen dira horrelako “zurruntasunak”, baina ez dugu belarri hain hipersensiblea eta erraz irensten ditugu (belarria diodanean, uler bedi eztarria edo nahiago baduzue “trragadera”). Edo ez ditugu lasai asko gozatzen 1940-50-60 hamarkadatan gaztelaniara bikoiztutako film klasiko asko eta asko? (Arretaz entzun dituzue itzulpenak? zientoka modismo oso artifizial eta zurrun erabiltzen dira, baina askoz errazago “tragatzen” ditugu belarritik; gaztelaniari eman diogulako zurruna izateko “baimen” horren estatusa, edo besterik gabe, gaztelaniaren erregistro gehiago sartzen zaizkigulako erraz belarritik).

    Jakina, zerbait insensibilizatzeko, gogortzeko, zailtzeko… erabili egin behar da. Eta hori ERE badela arazo azpimarratu nahi dut.

  • “A”ri erantzuna orain:
    Diozu “nola nahi duzu programa on xamar hori topatzea? Egunarekin eta orduarekin egin behar duzu topo..”

    Diot: euskarak horrenbesteko kezka sortzen badigu, izango ahal dugu programazioari aldez aurretik bistazo bat eman eta hainbeste kakaren artean on xamarra dena bilatzeko minutu pare bat hartzeko pazientzia.

  • Bestalde, tranpa batean sartzen gaituzte euskaldunok askotan.
    1.-Programa onak baina tetrikoak: “Ur handitan” Zer, euskaltzaleon bizkarrera karga gehiago? Ez al dugu aski gure dramarekin? Zergatik ez dituzte horrelakoak botatzen ETB2an eta gurera zerbait arinagoak ekartzen eta umerodunak eskaintzen?
    2.-Programa mutuak, hitz gutxiko pelikulak, karga sozial handiko eta iluneko dramak. Hauek ere guretako onak al dira? Zergatik ez dituzten ETB2n botatzen?
    3.-Eta euskaraz makal samar dakiten esatari, konbidatu eta horietaz zer esan? Euskaraz totelka, edo erdal azendutu nardargarria darabilten esatari eta aurkezle horiek? Gora botatzeko gogoa,… utzi egiten ditut nik.
    Bai, bai, “delako euskara zurrun” hori baino aurreragoko kontuak badira hor. Bizpahiru aipatu ditut nik.

  • “Behetik” pazientzia bai. Eramanpena, egonarria… denetik badudala iruditzen zait niri, baina manifestuak aipatzen duen “desastre”… Desastre guzietatik ihesi egiten dugu denok. Hala ere hamar, laurogei, …ebanjelioaren ariora ez dakit zenbat aldiz barkatu behar den, baina, bai, “Behetik” jaun-andrea, seguru naiz gehiagotan barkatzen diegula eta itzultzen garela ETB1era.
    Kontua da okerretik okerrera dabilela, putzutik putzura… eta galdera da, noiz artio? Gu ere ez gara betikoak, zahartzen ari gara, hiltzen… Ez, ia ez dut sinisten, gu gobernatzen gaituztenetan. Bestaldera pasatu dira.

  • Bai, gu ez gara betikoak ez, zahartzen ari gara, hiltzen…

    Baina kontuan izanda gure atzetik etorriko direnak direla ETB3 baino Boing gehiago ikusten duten familia “euskaldunetako” ume “euskaldunak”, esan diezazuket guztiz jai dugula.

    Total, “Ur Handitan” ez dugu nahi, ona bai baina, espainol garbian esanda, “koñazo” bat delako (ez?). Bale. Eta pelikula dramatikoak ere ez ditugu nahi. Bale.
    Beno ba, ez dakit, demagun programa arin bat…. ea… arratsaldean magazin arin bat jartzen badugu, total inork ez du ikusten (gaztelaniazkoa bai, noski, nahiz eta hobea ez izan), eta, pelikula komertzialak, ez dakit…ea… igual gogoan dut Harry Potter euskaraz jarri zutenean audientziak (hau da, gizarte euskaldunak) egin zuen erridikulua (bai badakit,gaztelaniazkoa une berean eman zuten,baina horrek ez dakit hain zuzen ez ote duen indartzen esan nahi dudana). Felix Linaresek egiten duen moduko programa bat euskaraz egingo balitz, ez dakit, Batman jarrita adibidez, ba ama ospitaleratzen dutelako ez genuke ikusiko….

    Itxi Liburuak programari esango diote, jode, gaztetxoak erakartzeko ez dela egokia kulturaren dibulgazioa… Bale… Baina Merli bezalako gauza (nire ustez) ezin aproposago bat jartzen badugu, ba inork ez du ikusten “zurruna” delako…

    ETB exkasa dela. Baietz. Zu(r)ekin nagoela horretan. Baina….

  • Amonamantangorri 2020-05-12 13:53

    “Gaztelaniazko bikoizketan maiz gertatzen dira horrelako “zurruntasunak”, baina ez dugu belarri hain hipersensiblea eta erraz irensten ditugu”.

    Erabat ados. Izan ere, gaztelania hizkuntza hegemonikoa da. Horrek esan nahi du gaztelaniaz zenbait “lizentzia” hartzen direla, euskaraz beharbada komeni ez direnak.

    Bestalde, gaztelaniak badu halako barrokismo edo korapilatzeko joera bat: tren geltokietan erdaraz aditzen den “efectuar la salida” euskaraz ez da “irteera burutu”, ABIATU baizik.

    Umiltasun osoarekin, esan behar dut neronek neure burua hiztun nahiko ontzat dudala; ahozko euskara informala eta telebistako estandar formala entzuten eta erabiltzen hazitakoa naiz. Alegia, hiztun idealik baldin bada, ni.

    Beraz, pentsatu beharko dut niri bikoizketetako euskara ez bazait erraz sartzen, beharbada arazoa ekoizpenean dagoela. Igual, e!

    “Nik zinez uste dut arazoa ez dela euskara zurrunarena”.

    ETB1ek TRECEk baino ikusle gutxiago badu, faktore anitz egonen dira, ez bakarra.

    Arazoetako bat “FIDELIZAZIO” falta izan liteke: jendeak ETB1 gutxi ikusten badu, dauden programa on eta atseginak ere gutxi ikusiko dira. ETB1en programazioa bikaina balitz ere (eta ez orain bezalakoa), euskaldun askok nahiago izango lukete erdal eskaintza.

  • Ea, gaizki azaldu badut, ez dut esan nahi izan zurruntasuna arazo ez denik (dena egin daiteke hobeto eta goxoago, jakina).
    Eta noski dela arazoa fidelizazioa, noski. Baina, fidelizazio falta, batzuetan ez da ETBrekin, euskararekin baizik (ez diot zure kasuan). Nik ere ez dut “irteera burutu”ren modukorik nahi, baina ez dakit horrelakoak omen diren gauzak gehiegi azpimarratzea ez ote den, batzuetan behintzat, aitzakia (BERRIA irakurtzea “zaila” egiten zaien euskaldun alfabetatu horien modukoa). Azken batean, euskaraz ez badut kontsumitzen euskararen arazoa (edo produktu horretako euskara landu duenarena) da, eta ez nirea. Eta, igual, norberarena ere bada maiz (askotxotan, nire ustez). Hori esan nahi dut. Besterik gabe.
    Nik umearekin lasai asko ikusi izan ditut ETB3ko gauzak, eta ez diet huts nabarmenik topatzen (umiltasunez diot ni ere ez naizela hiztun txarrenetarikoa). Are gehiago, gaztelaniazko Doraemon edo Sinosuke ikusten badut, askoz gustagarriagoak gertatzen zaizkit euskarazko bertsioak (baita ahotsen lanketa ere, bidebatez esanda). Baina gauza beraren gaztelaniazko bertsioak, Boingen adibidez, ikusiagoak dira familia euskaldunetan. Eta behin eta berriz plazaratzen dut hau, inguruko familia euskaldunekin hitz egin izan dudalako honi buruz, eta zeharo harritzen nau kontuak (harritu edo… gauzak ulertarazi).
    TRECEtv ikusten dela? Jar itzazu bertako pelikulak ETB1en (ze audientzia horrek ematen die, beste kateetan oso gutxi ikusten diren pelikula “klasiko zaharrek” eta ez El Cascabel-ek), euskara (ustez objektiboki) txukunean, eta ETB1eko audientzia Batman edo Harry Potterrena baino handiagoa izango da agian. Eta guztiz poztuko nintzateke.

  • Oraintxe bertan ea zer ar diren botatzen Espainiako eta Euskak Herriko telebisteta?
    Tve1a: mercado central. Tele sail bat
    Tve2a: mississipi salvaje
    Antena 3: tele sail bat
    Cuatro: Todo es mentira,
    Tv5: salvame naranja
    Sexta: zapeando
    Etb1: 1998ko Donostiako klasika Txirrindularitza
    Etb2: Yo sé más que tú
    Denetan ari dira zerbait botatzen, orain ekoitzitakoa, etb1ean ezik
    Etb1ean zer botako eta orain 22 urteko karrera ziklista bat. Zerbait botatzearren. Betegarri, pantailan zerbait botatzen ari direla esateko
    Hau lotsagarria ez bada… eguna joan, eguna etorri, horrela ordaintzen digute ematen dugun boza! Irri egiten digu PNVk eta zer ari da Ezker Abertzalea? Deus ez!!!!

  • Behetik:
    Dena dela, Behetik jaun-andreak dioenaz, etb1 ez dela problema bakarra, ados.
    Adibidez, ziklismoko esatari bikainak kritikatzen ere ikusi dut gazte bat baino gehiago, gehiegi hitz egiten omen dute.
    Baina gazte gehienei ez die horrek atzerazten, Usabiagaren etorri eder eta joriak baizik: ulertzen ez edo ongi ulertzen ez, hau da familietan, karrikan edo eskolan ikasten duten euskara maila oso apala dela edo dakitena ez dela euskara, euskañola baizik.
    Hori analizatzen luze joko genuke. Bai, Behetik, arazoa ez dela Etb1 badakigu, baina Arazoaren parte bat dela bai eta gaurko gaia Etb da. Eta horretan ari gara. Beste batean etxeetako arazoa izanen da, beste batean…

  • A,
    bai eta ez. Hain zuzen hori da nire iritziaren muinetako bat: ezin dela ETBri (edo euskarazko beste produktu bati) egiten zaion kritika ondo aztertu kritikagilearen nondik-norakoari arreta jarri gabe. Eta adibide paregabea jarri didazu, Usabiagarena.

    Eta reposizioa dagoela beste kate batzuetan Todo es Mentira edo (euskadin hain ikusia den) Salvameren orduan. Ez dagoela bertan ekoitzitako ezer ETB1en. Badakizu orain gutxi arte zer zegoen ordu horretan ETB1en? Ahoz Aho magazina. Arratsaldea arin pasatzeko programa duina. Badakizu zenbat ikusle zituen?

  • Hara, A:

    https://www.eitb.eus/eu/telebista/osoa/7230537/berben-lapikoa-ilaski-serranoren-elkarrizketak-kultur-sortzaileei/

    “Berben Lapikoa”, Ilaski Serranoren elkarrizketak sortzaile eta kultur eragileei

    EiTB

    Maiatzaren 18an jarriko da abian, eta denetariko sortzaileak, kultur arloko lagunak, euskara ekintzaileak, kirolariak, zientzia dibulgatzaileak eta abar izango ditu solaskide.

    Hor duzu, A, arratsaldean zapping egitean topatuko duzu, ETB1en ere, ekoizpen bat. Eta Ahoz Aho bezala % 0,0ko audientzia baldin badu, seguru asko programa eskasa delako izango da. Eta serio diot, beharbada horregatik izango da. Baina, beharbada, beste zerbaitegatik ere bai.

  • Alpargatero 2020-05-28 15:04

    Nahita ere ezin da okerrago egin; propio eginda ere ezinezkoa litzateke ikusleak uxatzeko efikazia hori gainditu. Bejondeiela ETBren kudeatzaileei, ederki ari dira-eta!

  • Nik ez dut ulertzen zertan ari den ETB kudeatzen dutenak.
    Audientziagatik kendu dutela
    “Ahoz aho”? Ez dut sinisten.
    Benetan, kultur maila zabaltzeko helburua badu
    Gobernu honek, horrela entzun dut Euskaraldia garaian, zer gauza hobea inbertitzea horrelako programa batean, ezta.
    Nik euskaldunen artean
    eta euskaltegietan oso
    erabilgarria zela entzun diet.