"Biolin gehiago", Rafael Berrio in memoriam
“Biolin gehiago”, Rafael Berrio in memoriam –
Rafael Berrio donostiar musikari erraldoia herenegun zendu zela-eta, ingurukoek idatzitako bi agur dakartza salabardoak. Bat Joserra Senperena piano jotzaileak Naiz hedabidean idatzia. Bestea Mikel Iturriak Harrikadak blogean. Eta beraiekin batera, baita ZUZEUn aspaldi argitaratutako sarrera baten esteka ere, zeinetan Berrio eta Ordorikaren kantu bana parez-poare jartzen zituen Beñat Sarasolak: “Gauza txikien xarmaz”.
“Biolin gehiago, biolin gehiago!”
Gertukoa izan zuen Joserra Senperenak atzo hil zen Rafa Berrio musikaria, eta berari lerro batzuk eskaini nahi izan dizkio elkarrekin igarotako une batzuen inguruko pasadizoak guztiekin elkarbanatuz.
«Biolin gehiago, biolin gehiago!» errepikatzen zuen Rafak 1971 diskoa prestatzen ari ginela, soka moldaketak erakusten nizkion bakoitzean. Diskoa pop talde batekin egitea zen hasierako asmoa, soka laukote baten ukitu sotilak erantsita. Baina bere ahotsez eta gitarra espainiarraren laguntzaz grabatuta pasatu zizkidan kantuek aske eta zabal hegaldatzeko moduko soinekoa eskatzen zuten, Jacques Brel edo Mocedadesen orkestraziora hurbilduko gintuen zerbait. Aurreprodukzioan ez ginen horretaz ohartu, maketa amaitu eta Madrilera bidean grabatzera gindoazenean soilik jabetu ginen erabat. «Baina ze arraio duk hau?», galdetu zidan. Barrez lehertu ginen biok gero.
Sortzaile paregabea zen Rafa; ez zuen ezarritako bidetik edo rock musikari batengandik espero denetik desbideratzeko erreparorik. Are gehiago: horrexek kitzikatzen zuen. Euren gustuko taldeak etengabe aipatzeak benetakotasuna ziurtatuko diela uste duten musikari askok ez bezala, bakanak ziren Rafak aipatzen zituenak –Velvet Underground, asko jota–. Rocka zen bere ama hizkuntza, baina ez bakarra: kantu liriko espainiarra edo frantsesa, horren lekuko. Sorozabalen zarzuela bat harentzat moldatzeko plazera izan nuen, esate baterako. Rafa izan da ezagutu dudan kantugile bakarra musikaren aurretik hitzak idazten zituena. Lehenbizi «zer esan nahi dut» eta gero «nola esango dut». Horregatik daukate haren kantuek hor zehar dabiltzan beste askori falta zaien noranahikotasun hori.
Haren hitzak laudatzen dira beti –itzelak: Rafa irakurle amorratua baitzen, literaturan ikaragarri jantzia–, baina ez dira gutxiagorako ahotsa eta melodiak. Rafari buruz galdetu izan didaten guztietan aldarrikatu ditut. Hitzak, musika, ahotsa, eta horiek guztien elkar hartze miresgarria. Ez dut bera bezalako beste bat ezagutu. Markatik fuerakoa. ‘1971’, ‘Harresilanda’, ‘Diarios’, ‘Paradoja’; hitzak, musika eta ahots aparta. KANTUAK, letra larriz.
Zoragarria izan da musika eta beste guztia zurekin konpartitzea, Rafa. Adiorik ez, adiskide maitea.
Joserra Senperena
.
.
Rafa(el) Berrio (1963-2020): in memoriam
Hitzik gabe geratu naiz gaur iluntzean jakin dudanean Berrio hil dela.
Oso presente dut lehen aldiz entzun nuenetik Lieder proiekturako egileak berak egindako «In memoriam» kanta sinple bezain terriblea. Thomas Canet argazkilariarenak dira irudiak. Egitasmo horretan hiru kanta egin zituen Berriok eta hirurak daude beheko aldean.
Azkar pasatzen da denbora, baina pare bat bideotan «Lento» txakurra ageri da. Urte askotan abeslariaren lagun fidela izandakoa eta jada ez dakit duela zenbat urte hil zena.
Gari Garaialde argazkilariaren txio hau ikusi dut. Oker zebilen: 2011ko azaroan egin zion erretratua (duela zortzi urte pasatxo, beraz). Gorka Erostarbek izandako solasaldiaren ondoren argitaratutako elkarrizketa ilustratzeko erabili baitzuen Berriak.
Eduardo Ranedok ere bidali du zerbait Rock De Lux aldizkarira. Gemaren hitzak jaso ditu oharrean: «Rafa es underground hasta para morir. Ha salido del confinamiento».
Goian aipatutako lehen kantaren letra kopiatu dut. Tamalez, Rafa(el) Berrioren izena ere gehitu behar zerrendan.
Bebe in memoriam
Gasco in memoriam
Blanco in memoriam
In memoriam
Pepe in memoriam
Domi in memoriam
Seve in memoriam
In memoriam
Neira in memoriam
Chinto in memoriam
Piti in memoriam
In memoriam
Ane in memoriam
Aran in memoriam
Karen in memoriam
In memoriam
Santi in memoriam
Ataitz in memoriam
Mene in memoriam
In memoriam
Derek in memoriam
Turmix in memoriam
Poch in memoriam
In memoriam
In memoriam
In memoriam
Hainbeste letra txatxu eta kantari txepelen artean, merezi du Rafaren hitzez eta musikaren indarraz gozatzeko tartea hartzea.
Gugan bego, luzaro.
80ko hamarkadan drogaren atzaparkadagatik hainbat eta hainbat sufritzen eta beste mordoxka bat hiltzen ezagutu dugunontzat, sekulako indarra du kanta honek:
https://www.youtube.com/watch?v=FlIOqBKjps8
Gogorra, eta sakona.