Euskararen ordezkapen naturalizatua

Euskararen ordezkapen naturalizatua –

Euskararen ordezkapen naturalizatuaBadut lagun bat, “eznazionalista” erabat, apirilaren 14 guztietan Espainiako Errepublikaren bandera esekitzen duena balkoitik bai ala bai. Egunetan izan ohi du zintzilik, natural-natural bere “errepublikazaletasuna” azpimarratzeko edo. Behin baino gehiagotan proposatu dit neuk ere berdin joka dezadan… baina ez Espainiako, eta ez Frantziako Errepublikaren banderarik ez noala esekitzera erantzuten diodanean haserretu egiten zait, ez baitakit zergatik.

Ezagutzen ditut, naturaltasun osoz, gaztelaniaz bizi diren politikari txit abertzaleak, egun seinalatuetako “euskaltzale sutsuak”, eta tarteka txapa paparrean jartzeko prest daudenak, hori bai.

Baditut nagusiki gazteleraz bizi diren lagun eta ezagun “kontraboterezale” zintzo askoak, kontraesan mardul horretaz jabetzen ez direnak.

Are gehiago, ezagutzen ditut euskalgintzako edota irakaskuntzako profesionalak, ez bat eta ez bi, herri ekimenekoak, herri-administrazioetakoak, ikastetxe publikoetakoak eta pribatuetakoak asko, eta batzuk ikastoletakoak eta euskaltegietakoak ere bai, lanetik irten orduko erdarari ekiten diotenak “naturaltasun” osoz. Bitxiak dira “naturaltasunaren” bideak, oso sarri menpekotasunaren autopistekin gurutzatzen diren horiek…

Badira gaztelaniaz edota ingelesez ere kantatzen hasi diren euskal musikariak, “natural” ateratzen baitzaie. Ez dut kritikatzen, baina ez dut ezagutzen euskaraz kantatzea “natural” ateratzen zaion erdal musikaririk, bertokoa izanagatik ere.
Erdaratik euskararako jauzia ez baita hain “naturala”. Izan ere, ahalegin handia eskatzen baitu euskaraz jardutea ia goitik behera (bortxaz) erdaldundutako gizarte honetan.

Eta badira EAEn hedabide publikoak eta pribatuak, bezero guztiak batzuek (ETB1, Euskadi irratia), eta jarraitzaile gehienak besteek (ETB2, Radio Euskadi, Onda vasca, Noticias taldea, Gara…) euskaldunak dituzten arren, erdal sortzaileei, euskal sortzaileei baino (askoz) leku handiagoa egiten dietenak, edo zuzen-zuzen bezero euskaldunak erdaraz elikatzen dituztenak, natural??

Bestalde, eguneroko zereginei erreparatzen badiegu, odisea bihurtzen da euskararen aztarnarik topatzea. Ez dut ezagutzen liburu-dendarik (ezta liburutegirik ere), euskarazko ekoizpenari lehentasuna ematen dionik. Areago, euskarazko sorkuntzari leku duina ematen diotenak oso-oso gutxi dira. Eta janaridenda (txiki) bakarra ezagutzen dut, Arbizun dago, saltzen dituen produktuen izenak euskaraz (ere) badituena, “gure” Eroskin ere gertatzen EZ den bezala. Naturala ote?

Jokabide “naturalak” bide dira horiek guztiak, gure herrietako zintzilikarioetan urteak eta urteak daramatzaten Espainiako edo Frantziako banderak, edo guardiazibilak eta CRSak “naturalizatu” ditugun (dizkiguten) bezala. Menpekotasuna oso egoera “natural” edo ohikoa baita, izan.

Natural-natural ari gara gure hizkuntzaren eta gure herriaren hilobiaren eraikuntzan laguntzen, Espainiak eta Frantziak inposatu dizkiguten hizkuntzekin eta bestelako tresnekin gero eta erosoago, balizko “hautu librearen”, eta azken urteotan abertzaleen artean ere hain boladan dagoen “aniztasuna” delakoaren izenean, edo aitzakian, edo gutxiagotasun-konplexupean.
Horretaz jakitun izan behar genuke hautua egin ahal izateko, sikiera: “natural” (erdaldundu) ala euskaraz bizi. Bataren ala bestearen aldeko hautuak libretik ez baitu ezer, eta baldintzatutik asko.

Euskararen ordezkapen naturalizatua

Oinezkoa

27 pentsamendu “Euskararen ordezkapen naturalizatua”-ri buruz

  • Euskararen ordezpaken-faktoreak zenbatzean, ez ahaztu euskaldunok euskararen barnean natural-natural txertatzen ari garen beldarra ere aipatzea.
    Normala omen denaren benedikazioarekin, ez dugu inolako arazorik erdal lexikoaz, esapideez eta joskeraz baliatzeko teorian euskaraz dihardugunean ere, natural baino naturalago ahoratzen baitzaizkigu alboetako inperioak etenik gabe txertatzen ari zaizkigun birusak. Laster asko “mailegu”naturaltzat hartu beharko ditugun hizkuntz birusak.
    Zertarako, adibidez, gure 300 hitzeko lexikoa aberastu edo hizkuntza zertxobait zaindu, euskañolez dioguna (“laostia tio, etorri da mi prima de Donosti, eta no tejode, esan dit que pasamañana eman behar diogula lo que le debemos”) edonork ulertzen badu?
    Esandakoa ez da maila makrokoa, badakit, baina erresistentziarako dugun azken minigotorlekua ere ahultzen ari gara horrela.

  • Beste batean gogoratzeko utzi daitezke euskaldunok hizkuntza nazionala eta aldagai etnikolinguistikoak bereizteko dugun ezintasun mentalaren faktorea eta horrek ordezkapen prozesuan natural-natural dakartzan ondorio praktikoak.

  • Bai, aipatutako horiek ere, pairatzen dugun ordezkapen prozesu bizi baina isildu horren zantzu nabarmenak dira, zalantza barik.

  • Benat Castorene 2020-03-21 17:11

    Meredith mesedez, azken gogoeta hau zatikatzen ahal bazinu bizpahiru esaldi sinpleagotan, eskertuko zintuzket

  • Ez nuen gaia esplizituegi egin nahi Beñat, ongi baitakigu denok nolakoa izan daitekeen jarraian aterako den iskanbila. Eta ez zen hori printzipioz JJk planteatu duena.
    Dena dela, hau esan nahi nuen funtsean: inoiz seriotan baloratu beharko dugula hizkuntza estandarrarekiko eguneroko praktikan erakusten dugun gutxiespena, eta bigarrrenik, zenbaterainoko balioa ematen dion etxetik euskaldun denak bere txokotxoko mintzamen “naturalari”.
    Komenigarria litzaiguke hori guztia objektiboki neurtua eta baloratua izatea.
    Lehenbailehen gainera, nabarmena baita norainoko kaltea egiten duen gero eta gehiago diren euskaldun berriengan eredu estandarra onesten ez duen hizkuntz jarrera antinazional hedatu batek.

  • Benat Castorene 2020-03-21 18:03

    Jonjo beti konstatapen bera egiten dugu, bainan gero ta gehiago iduritzen zait leku berean itzulika ari garela.. Beldur naiz horrela segituko garela desagertzeraino. Gure hausnarketa sakondu behar ginuke orai arte egiten dugun baino gehiago.
    Adibidez .lehenik bizi garen estruktura politikari arreta eman behar zaio, horrek determinatzen bau euskaraern problema parte haundi batean. Halaere ez gara horretan gelditu behar ezbaita erabat gure esku estruktura aldatzea eta anartean ez gara pasibo egon behar.
    Gero aztertu behar da euskararen atxikimenduak kontzientzia politikarekin duen erlazioa.
    Izan ere, zer pentsa aipatzen ditutzun abertzale horietaz? edo zer pentsa politikaren beldur diren euskaltzaleetaz?
    Ez dugu hemen eginen bainan euskaraz sakon pentsatzen eta analisatzen ikasi behar ginuke, nik hasteko.
    .

  • Edo gure hizkuntz jarrera txokozaleak euskaldun berriei transmititzen dien mezuaz ohartzen gara (“euskaldun naturala”, pedigreeko euskaldun zabarra baino ez da) eta jokabideak aldatzen ditugu, edo laster ikusiko dugu gure txalupa husturik.
    Eta azkena litzateke hizkuntza estandarra ikastera eta erabiltzera ausartu diren euskaldunak txalupa etsiturik abandonatzen ikustea.

  • Hausnarketa horretarako ez da falta gurean autore eta obra interesgarririk
    Besteren artean, bada hemen inoiz aipatua izan den egile bat, euskaldun guztiok, zaharrok eta zabarrok batik bat, irakurri beharko genukeena: J.M. Odriozola.
    Haren “NORA GOAZ EUSKALDUNTASUN HONEKIN?” liburua osorik irakurtzea merezi badu ere, komenigarria litzateke gutxienez “Euskalduntasun etnikotik euskalduntasun nazionalera” atalari heltzea derrigorrrezko berrogeialdi hau baliatuta.

  • Benat Castorene 2020-03-21 18:18

    Meredith,eskerrik asko, bai merezi zuela esplizitatzea.
    Besteek estandarraz hitz egiten ez dutelarik, ulertzeko lana asko konplikatzen dit komunikazioaren kalitatearen kaltetan.eta hau justu gogoetaren sakontasuna eta eraginkortasuna bilatu behar dugularik.
    Kultura hizkuntza baten sorrera da jokoan. .

  • Benat Castorene 2020-03-21 19:04

    Egia duzu Meredith, komentario tipi bat egin nuen Zuzeuen:
    https://zuzeu.eus/kultura/jm-odriozolaren-nora-goaz-euskalduntasun-honekin-liburuaz/
    Orroitzen banaiz, erreportxu tipi tipi bat egina nion kontzentzia etnikoaren aldetik, ezin baidugu agiantzatu erbat desager dadien

  • Irakurria bai, Beñat, baina nork egina zen ez nuen gogoratzen.

  • Gabon, Beñat
    Uste dut agintariak, alderdiak, eta beste antolamendu batzuk (sindikatuak, enpresarioak, kirol taldeak…) interpelatzeko garaia dela. Euskara euskalgintzaren esku uzteko (kontrolatzen zuten neurrian) joera izan du ezker abertzaleak, eta subentzioen emaria erabili izan du EAJk, euskalgintza kontrolatzeko, egun oso neurri handian lortu duelarik.
    Baina euskararen eta euskaldunon oraina eta geroa ez dira euskalgintzaren ardura, alderdiena eta beste eragile batzuena baizik, euskalgintza oinarrizko eta ezinbesteko tresna izan arren.
    Ustez euskaltzaleak diren eragile abertzaleei ekimena exijitu behar diegu lehenik eta behin, egiten dutena neurtu eta egiten ez dutena salatu, beste alor batzuetan egiten den bezala.

  • Arazo nagusietako bat da, nire ustez, ez dagoela euskaltzale (alegia, euskara maite duen edo euskara lehentasun duen) masa kritiko nahikorik. Eta utzi alde batera kanpoko eraginen garrantzia (izan badutenak, noski).
    Dozenaka familia ezagutzen ditut Ahobizi/Belarriluze txaparekin ibilitakoak, gero etxean umeei gaztelaniaz egiten uzten dietenak eta hala erantzuten dietenak. Zenbat etxetan, leku pribatu batean, jartzen zaie urte eskasetako haurrei ETB3 kanala Clan edo Boeing edo antzekoak jarri beharrean. Ni harrituta geratu nintzen Doraemon, Sinchan edo antzekoak erdaraz ikusten zituzten umeen kopuruarekin, ustez familia euskaldunekoak izanda.

    Horrelako oinarri minoritario bat izanda, goian Meredith-ek aipatzen dituen kontuak gertatzen badira, bektorearen noranzkoa argia da…

  • Benat Castorene 2020-03-22 09:33

    Milesker Jonjo zure xedea zehaztu izana ez bainuen artikuluan ikusi.
    Ez dakit estruktura politikoa, bi hitz hauek zentzu zabalean hartuta, egiazko balorazio bat egiteko kapaz den..
    Izan ere, seguraz ere egiten du bere ustez marko poltiko honetan boterearen mantentzeakin edo konkistarzearekin konpatiblea den maximoa.
    Orduan salatzea zerbait da bainan ez da nahikoa izanen.
    Animo guziontzat. .

  • En pin, bistakoa da ez dagoela euskaltzale kopuru kritiko nahikorik… oraingoz. Erakunde abertzale guztietan, eta oro har gizarteko alor guztietan, gutxiengoan gaude euskaltzale ekinzaleak, batzuetan besteetan baino nabarmenago.
    Hori ez da egoera iraulezinezko bat, edo berezkoa, edo zerutik etorritakoa.
    Pairatzen dugun egoera, unionismoaren zapalkuntzak, eskuineko abertzaleen (salbuespen bakanak salbu) utzikeriak eta ezker abertzalearen gogo nahikorik ezak (salbuespen askotxo salbu), eragindakoa da.
    Inork ez dio uzten bere hizkuntzari bere ekimenez hiltzen uzten. Kanpo-eragileek eramaten dituzte jarrera horretara norbanakoak eta herriak.
    Baina euskaltzale egonzaleak eta borondatezaleak asko dira, eta horiek ekintzaile bilakatzeko ahalegina egin behar genuke, arloz arlo.
    Hori egin ezean, aipatzen duzun “bektorearekin” batera, zulora goaz.

  • Eta hori, erraza ez, baina egingarria da. Baina horretarako, eta Beñati erantzun nahi nioke orain, ustez euskaltzaleak diren eragile abertzaleek, euskaltzale ekinzaleen presioa nabaritu behar dute. Erakunde horietan gaudenona hasteko, baina inongo erakundetako parte ez direnena ere bai.
    Lehenik antolatzen hasi beharra dugu, noski, eta uste dut bat gatozela nahi eta ahalegin horretan. Eta benetan uste dut, emaitzak emango dituela, lehenago edo beranduago.

  • Benat Castorene 2020-03-22 12:03

    Bai untsa ulertzen zaitut. Nabardura jiten da posible sinesten duzula manera batez edo bestez autoritate autonomikoa neurri erradikalak aplikatzera.
    Goian erranu dizut zergatik duda nuen.
    Aldiz gure kasurako ez dut dudarik, ez baitugu sekulan gobernu frantziarra bortxatuko nahi ez duenaren egitera.

  • Diagnostikoa argia da: desagertzen ari gara, geroz eta abiada handiagoan. Neure belarriz entzun ditut Baigorrin, Saran, Elizondon, Igeldon, Asteasun eta Lekeition herriko bertako haurrak, euskal familia peto-petoetakoak, jo eta ke erdaraz beren artean. Euskalduntasunaren gotorlekuak galtzen ari gara, eta arrisku handia dago 50 urteko epean Irlanda edo Eskoziako egoeran egoteko. Arrisku erreala.

    Honen aurrean hainbat proposamen irakurrri ditut hemen, gutxi-gehiago euskaltzale gehienak ordezkatzen dituztenak. Gehienak alderdi politikoei edo/eta euskalgintzari erreferentzia egiten. Ez dut uste zuzen gabiltzanik pentsaera horrekin.

    Inongo alderdi politikok ez du euskara salbatuko, ez EAJk ez EHBk. Euskaldunok gutxiegi gara, beren kalkuluetan ez du merezi agenda politikora euskalduntze politika eramateak. Folklorerako eta postureorako soilik balio die, euskaltzale itxura eman eta % gutxi horren bozkak jasotzeko, baina ekintzek salatzen dituzte, espainol/frantsesez bizi dira nagusiki.

    Euskalgintzaz zer esan, bi alderdi horien (finantzaketaren) menpeko den heinean haiek zuzendutakoa besterik ez du egiten, aurpegi garbiketa gehienbat, hizkuntzaren ardura norbanakoen esku utziz. Badakigu zer nolako mugak dituen horrek. Euskaltzale zintzoz beteta daude euskara elkarteak, baina hizkuntzari bultzada emateko ezintasuna agerikoa da.

    Herriak soilik salba lezake herria, baina horretarako aurrebaldintza zapaltzaileen, herri hau desagerrarazi nahi dutenen, markotik ateratzea da. Kolaboratzeari utzi behar diogu, erabat irentsiak izan nahi ez badugu.

    Erresistentzia garaia da

  • Erresistentzia garaia aspaldikoa da gurean. Berrantolatzeko garaia dela iruditzen zait niri. Eta egoerari bere izenetik deitzeko. Desagertzen ari gara, bai, urtzen, EAJ-PSOEk diseinatutako hizkuntza politika antzuaren ur epeletan, ezker abertzalearen despiste eta koherentzia falta lagun. Sindikatuek ere baute/badugu ardurarik horretan.
    Nik ere ez dut uste ez EAJk eta ez EHBilduk “salbatuko” gaituztenik, baina boterea kudeatzen dute, baliabideak. EAJk pilatzen ditu baliabide gehien, alde handiz, baina EHBilduk udal asko gobernatzen ditu, eta asko egin daiteke horietan, egitasmo argi bat eta borondatea izanez gero.
    Horregatik jarri behar gara horietara begira. Zor digutena eman diezaguten. Esaten dutena bete dezaten. Iruzurrik ez dezaten egin, behintzat.

  • Ekarpen interesgarria JJ eta iruzkinak ere. Hasteko eta bat Meredith delakoak dioena: “… ez dugu inolako arazorik erdal lexikoaz, esapideez eta joskeraz baliatzeko teorian euskaraz dihardugunean ere, natural baino naturalago ahoratzen baitzaizkigu alboetako inperioak etenik gabe txertatzen ari zaizkigun birusak. Laster asko “mailegu” naturaltzat hartu beharko ditugun hizkuntz birusak.”
    Aipatu nahi nuke esapideez dioena oso larria iruditzen zaidala; lexikoa kopiatzea larria baldin bada ere, erran-moldeak edo esapideak batere kontrolik gabe ari gara, beti KALKO ezin arrotzagoaz, integratzen. Ororen buru frantsesetik hartu erran-moldeak (ba doa?, puntua egin, lekuak hustu etabar luze bat) ez dituzte hego EHtarrek ulertzen, baina erran behar da ere hegotarrek guti baizik ez dutela IEHko prentsa irakurtzen edo irrati eta TB erabiltzen.
    Alderantziz espanierazko erran-moldeetako KALKOAK infinitoak dira eta edozein mediatan erabiltzen dira barra-barra. Ez da bakarra libratzen gaitz horretarik!
    Etsenplu bat emanen nuke gaur egun erabiltzen den “euskara” nolatan den espaineraren mendekoa: JARRAI hitzaren erabilera “continuar” adierazteko. “Koronabirus gehitzeak berri izaten jarraitzen du gaur ere”. Hori ez da euskara, ergatibo bat izanik ere… Hori espainiera gaizki itzulia besterik ez da. IEHtarrek ezin dute hori natural-natural ulertu. Edo guti batzuek ulertzen badute ere, seinalea da HEHko hedabideen birusa IEHa ere kutsatu duela.

  • EAJk eta EHbilduk ez dute botere propiorik kudeatzen udaletatik, asko jota botere inperialaren azken apurrak kudeatzen dituzte, aparatu inperialaren apendize gisara, inperioak bere interesetara eginiko legeen estutasunean zedarriturik, non ezer sustantzialik egin daitekeen euskeraren alde eta, honenbestez, erderaren kalte.

    Horrek ez du esan nahi udaletxeetatik ezin daitekeenik eragin, baina esparru horiei nagusitasun estrategiko bat ematea EHbilduren bide intituzionala errepikatzea litzateke, hots, herri hau desjabetzea, bere erresistentziarako barne-sena idortzea, morroi edo artalde-masa bilakatzea, gure etorkizuna etsaiari zilarrezko plater batean oparitzea.

    Botere armaturik edo ekonomikorik ezean, erresistentzian antolatzea da euskaldunok gutxieneko boterea lortzeko dugun aukera bakarra, historia da horren testigu. Izan ere, erresistentzia egiten dute bizirauteko borondatea dutenek, subjektutasun minimo baten jabe direnek, hots, benetako herriek, eta, aldi berean, erresistentziak berak elikatzen du borondate eta subjektutasun hori herrian.

    Erresistentzian erakutsi du bere barne-boterea herri honek, euskal historiako mugarriak erresistentzia-adierazpenak izan dira. Erresistentzian agertu izan dira gure historiako pertsonairik handienak, ez ordea udaletxeen kudeaketan.

    Erresistentziarako kontzientziaz soilik eraiki ditzakegu gure instituzio, gobernu, gidaritza eta botere-gune propioak. Etsaiaren instituzioetan sakondu nahiean jarraitzen badugu, pragmatismo-zentzu hutsal batez itsurturik, ez diogu sekula artalde izateari utziko, beti egongo baigara artzaia eta zakurrek egiten dutenaren arabera jokatzen.

  • Ohartxo bat besterik ez.

    Espainol edo frantsesez Euskaraz baino hobeto hitz egiten dutenentzat Euskara da erdara (erdi-eran hitz egiten dutena).

    Eta erabat euskalduna den alderdi politiko baten beharra daukagula uste dut, bai. Euskaldunen beharrak BAKARRIK asetzen dituen alderdia. Herrietako jaietan euskaraz abesten duten taldeak bakarrik kontratatzen dituen alderdia. Aktore, eskultore edo edozein eratako artista euskaldunen lanak bakarrik erakustokietan jartzen dituen alderdia. Agerraldiak euskaraz bakarrik egiten dituena. Agiriak euskaraz bakarrik idazten dituena. Gure zazpi herrialdeen arteko kohesioaren alde sutsuki lan egiten duena. Gure Historia irakatsi/gogorarazten digun alderdia. Eta gure medioen alde bakarrik borrokatzen duena (Euskal Irratiak, Berria, etab…).

    Nazio kontzientzia sortu beharra daukagu, eta azkar gainera.

  • Eskerrik asko, Joxemiel. Interesgarria zeure iruzkina ere.
    Eta Oier, nork esan du “etsaiaren instituzioetan sakondu” behar denik?
    Gure antolamendu propioa behar dugula ez daukat zalantzarik. Hori bai, bien bitartean, uzten dizkiguten tresna apurrak zukutu beharra dugu, erresistentzia eraikitzen laguntzeko baino ez bada ere.

  • “Ezagutzen ditut, naturaltasun osoz, gaztelaniaz bizi diren politikari txit abertzaleak”, diozu.
    Koronabirusak ohikotasuna erabat irauli digun garai honetan, merezi du apuntatuta uztea, EAEko lehendakariak, telebista publikoaren bitartez, gaztelaniaz hitz egin ziela euskal herritarrei, prime time, ordurik onenean ikusia eta entzuna izateko.
    Horrek esan nahi duen guztiarekin: hizkuntza nagusia, benetako hizkuntza euskal autonomi erkidegoan gaztelania dela, eta ez euskara.
    Euskaraz, klixe batzuk sartu zituen erdarazko jardunean: auzolana, eta gisakoak.
    Biharamunean, Euskadi Irratian mintzatu zen, laneko orduan, goizean, euskaraz. Beraz, entzun zezaketenak askoz gutxiago ziren garaian.
    Hizkuntzen berdintasuna predikatu baina okasio garrantzitsuan, gaztelaniaz.
    EHBildukoek bestela jokatuko zuten? Ez dakit.
    Franco hil zela, kasik berrogeita bost urte igaro dira, eta horrela gaude. Tokitan daude euskararen aldeko diskriminazio positiboak. Tokitan daude iraganean hainbeste mespretxu jasotako hizkuntzaren aldeko neurri benetan eraginkorrak.
    Hemendik berrogeita bost urtera nola ote daude euskaraz bizi nahi dutenak Euskal Herrian?, desagertzear? Martxa honetan, segur aski!

  • Arrazoi osoa, Pako. Lehendakariak (EAJk) ez ditu ezkutatzen dagoeneko bere lehentasunak. Gaztelania da horietako bat. Euskaldunak artatzeko Egibar ateratzen dute plazara, edota Aitor Esteban nohizbehinka. Ohiko jardunerako, espainiera. Garai bateko “cómodos en España” gaur arte jorratu eta jorratu aritu zaizkigu, PP eta PSOEko bozka mordoa jasotzeraino.
    EH Bilduk zer egingo zuen? Ikuskizun. Iriartek beharbada euskarari lehentasuna eman (hori pentsatu nahi dut). Otegirekin askoz zalantza gehiago dauzkat. Askotan egiten digu kale.
    Euskaltzaleok zer egin behar dugu? Aukera ezberdinak daude:
    Bat. Dirulaguntzen egonkortasunaren aitzakian / beldurrez, bertan goxo jardun, protesta tabernatara eta kafemakinetara mugatu, eta ugazabari (EAJri) aurpegi gozoa jarri.
    Bi. Norkbere txokotik jardun, bakarlanean, misiolaritzan kasik. Aukera antzua iruditzen zait niri.
    Eta hiru. Antolatu eta ekin. EAJri, EH Bilduri, eta bestelako erakunde abertzaleei kontuak eskatu. Alderdi eta bestelako erakunde unionistei hortzak erakutsi. Euskalgintzan eragiten saiatu…

  • Martin Kittori irakurri diot honakoa, eta ados nago. ETB2 da ETB1en etsairik handiena (Gara edo Noticias taldeko kazetak, Berriaren etsai diren bezala)…
    “Euskal Telebista euskarazko telebista izateko jaio zen 1982an. 1986an, aldiz, ETB2 sortu zuten gaztelaniaz emititzeko, EITBko Administrazio Kontseiluaren oniritzirik gabe, alegaltasunean, eta hura izan da euskarazko telebistaren etsairik handiena”.

  • JJk planteatutakoaren aurrean, militante politiko gisa ezagunegia ez den hizkuntzalari ospetsu batek bere mundurako egin zuen proposamena ekar liteke foro honetara, zertxobait egokiturik bada ere:

    1. Nabarmena da euskal erakunde politiko eta kulturalen gaitasun eza euskaldunoi dagozkigun funtsezko arazoei erantzuteko (ordezkatze egoera, hizkuntza, kultura, historia, errelatoa, etorkizuna…).

    2. Nahitaezkoa da Herri honen biziraupena ziurtatzeko premia bizia azpimarratzen duen eta hartarako behar liratekeen neurri zorrotzak zehaztuko lituzkeen programa bat.

    3. Programa politiko berri hori, orain arteko dinamika autoederresleekin hausten duen erakunde berri batek baino ez luke aurrera aterako.