Dunning-Kruger efektua
Dunning-Kruger efektua –
Oihan Txabarrik Alea agerkarian.
Fenomeno aski ezaguna da psikologian, barka bezate horretan jantziak direnek gaizki azaltzen badut. Zera da, funtsean: gizakiok askoz traketsagoak gara geure gaitasun propioak baloratzen, besteenak baloratzen baino. Trebetasun gutxi daukatenek uste ohi dute direna baino jakintsuago edo abilago direla, eta trebetasun handiagoa daukatenek uste ohi dute haientzat errazak diren gauzak besteentzat ere hala izan behar direla, beren benetako kapazidadea gutxietsiz. Beraz, labur esanda, zerbaitetan oso onak garela uste badugu, litekeena da hainbesterako ez izatea; eta zeharo txarrak garela pentsatzen dugunean, litekeena da hain txarrak ez izatea.
Jar dezagun fikziozko adibide bat. Demagun badaukagula agintzen ohituta dagoen alderdi politiko bat, hauteskundeak aise irabazi ohi dituena, inertziaz ia-ia, eta klientelismo sare zabal eta sakona daukana. Halako alderdi batek pentsa lezake menderaezina dela, eta egiten duena egiten duela, jarraituko duela boterean. Dunning-Kruger efektuaren biktima izango litzateke, esaterako, ingurumen-krisi batean (zer dakit nik, zabortegi luizi-sute toxiko erraldoi baten aurrean-edo) harropuzkiro jokatuko balu, herritarrei gezurrak eta egia erdiak esanez, inongo autokritikarik egin gabe, erantzukizuna ukatuko balu herritarrek kalte zuzena pairatu bitartean. Herritarrak asalda litzake orduan, eta espero ez lukeen zigorra jaso. Jakina, halako egoeran posible litzateke guztiz kontrakoa gertatzea: efektu famatu horren biktimak ez izatea agintariak, gobernuak gogotik ordainduko duela uste duten herritar asaldatuak baizik. Bai, baliteke balizko krisi horren kudeaketa instituzionala zigorgarritzat hartutakoek pairatzea isuri kognitiboa, herritarren gehiengo zabalak ez ematea beraiek besteko garrantzia. Baina ezingo genuke jakin zein litzatekeen Dunning-Krugerren biktima, zeintzuk lebilzkeen uste baino makalago, esperimentu erraldoiren bat egingo ez bagenu. Esaterako, krisia hasi eta egun gutxitara deitutako hauteskundeak. Ikusiko genuke, orduan.
Joño! Ezker Abertzalea behintzat gose dago, gose! Oraingoan bai, oraingoan hortz artean duela sentitzen du, odol gose da. Urteetako mendeku gosea oraingoan egi bihur liteke. Anai txikiak anai zaharra mendean hartuko du oraingoan, hala uste du. Matxo alfa berria izatea oraingoan seguru ikusten du. Hau gosea… “Abereen Etxaldea”-ko zerria seguru da oraingoan.