Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoa

Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoa –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.
Badira liburuak azpimarratzen dituzunak lasai irakurtzen dituzun bitartean. Eta badira liburuak presaka irakurri beharrekoak. Hauetako bat izan da «Bilbao en Mauthausen», Etxahun Galparsorok Marcelino Bilbao osabari buruz idatzitakoa.

Agian ez da liburuaren arabera izaten. Agian norbera da irakurketa mota bat edo bestea behar dituena. Batek daki. Dena den, seguru nago hurrengo batean boligrafoa eskuan bueltatuko naizela.

«Bilbao en Mauthausen» liburuaren berri Alberto Moyanok Etxahun Galparsoro egileari eginiko elkarrizketa baten bidez izan nuen. Iban Zalduak ere txiokatu zuen aldeko beste mezu bat. Bietaz fidatu egiten naiz normalean eta horregatik erosi eta irakurri dut azkar samar.

Lanak, zorionez, izan du oihartzuna komunikabideetan eta amaieran jarriko ditut lotura gehiago. Hona hemen Urtzi Urkizuk Ahoz aho telebista saioan Galparsorori eginiko elkarrizketa.

Abandonatutako haurra izan zen Marcelino Bilbao, baina Alonsotegiko erreka batean topatu zuen familiarekin koskortu zen (20 seme-alaba izan zituen bera aurkitu zuen andreak). 1920an jaioa, 16 urte zituen Guda Zibila piztu zenean eta bertan borrokan aritu zen, CNTko anarkistekin. Katalunian bukatu zen bere gerra 1939ko otsailean eta Frantzia aldera egin zuen eskapo (Bartzelona erori ondoren, garai hartan 500.000 lagunek egin bezala). Hainbat kontzentrazio esparrutan egon ondoren, behartu egin zuten Frantziaren alde borrokatzeko II. Mundu Gerran Maginot lerroan, baina 1940ko ekainean atxilotu zuten alemaniarrek.

Estrasburgon bolada bat pasa ondoren, trenez eraman zuten 1940ko abenduan Mauthausen-era, 800dik gora presorekin batera. 1944an mugitu zuten 100 kilometro inguru dagoen Ebensee herrian zegoen kontzentrazio esparru satelitera. 1945eko maiatzean askatu zuten eremua estatu batuarrek eta onik atera zen bertatik. Onik ateratzea bada 45 kilo eskasekin aske geratzea.

Etxahun Galparsorok dioenaren arabera, 200.000 lagun pasa ziren Mauthausen-etik eta erdia, 100.000, hil egin zituzten. Ebensee askatu zutenean, bertan 18.000 preso zeuden (beraz, satelitea bai, baina txikia ez).

14 urte zituela hasi omen zen Galparsoro osabaren kontuak entzuten. 18rekin hartu zuen grabagailua eta, Moyanok dioenaren arabera, hamabost urtez ibili da artxiboetatik barrena paperak arakatuz lan eder hau burutzeko.

Marcelino berak 1960ko hamarkadan idatzitakoak oinarri hartuta izango duzu nazien esku pasatakoaren berri, Galparsoro historialariak emandako esplikazioak eta testuingurua bidelagun. Bi hari horiek ondo baino hobeto uztartzen dira kontakizunak aurrera egin ahal izateko.

Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoaApenas omen dago ezer idatzia Euskal Herrian honi buruz, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Gustatuko litzaidake lan hau euskaraz ikusi ahal izatea. Bitartean gaztelaniaz irakurri beharko duzue.

Barkatuko didazue atrebentzia, baina ia abentura liburu baten moduan irakurri dut Bilbaoren testigantza. Izan ere, zenbat gauza gainditu behar izan zituen gizon honek kartzelaldi hartan. Berak eta, noski, inguruan zituenak ere.

Amaia Ereñagak egindako elkarrizketa honetan, Etxahun Galparsorok dio hiru osaba pasa direla kontzentrazio eremuetatik barrena. Bakoitzak jarrera diferentea izan zuen egonaldi hari aurre egiteko garaian.

Jean Rochers-ek ez zuen ezer kontatu handik irten ondoren.

Markinan jaio eta Irunen koskortutako Jose Maria Agirre Salaberria ere isilik egon zen urte luzez, baina bizitzaren bukaera aldera ohartu ei zen hura kontatu beharra zegoela. Marcelinorekin batera Mauthausen-en (4553 presoa) egondakoa, lagun handiak izan ziren, baita koinatu ere, Bilbao Mercedes Agirrerekin ezkondu baitzen.

Amaitzeko, Marcelino Bilbaok hasieratik izan omen zuen argi Mauthausen eta Ebenseeko heriotza eremuetan bizitutako esperientzia behin eta berriro kontatzea. Beharra ere bazuela dio Galparsorok.

2014an zendu zen gure protagonista, 94 urteak harrapatu ondoren.

Gauza bakarra gehituko dut: liburuan inor gutxi salbatzen da. Are gutxiago erakundeak, Eusko Jaurlaritza barne, garai hartakoa eta gaur egungoa.

Elkarrizketa gehiago: Uxue Gutierrezekin Berrian, Manu Etxezorturekin Faktorian, Eldiario.es-en Juan Miguel Baquerorekin, Roge Blancorekin Radio Euskadin

Marcelino Bilbao, Mauthausen-eko 4628 presoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.