Iruñeko udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izana salatu du Hekimenek

Iruñeko udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izana salatu nahi dugu –

Iruñeko udal gobernuak euskarazko hedabideek bete ezin duten baldintza ezarri du bere publizitate lizitazioan eta horrela publizitate instituzionala esleitzea helburu duen esparru-akordio berritik at utzi ditu. Hedabideei publizitate instituzionalaren banaketan parte hartu ahal izateko gutxienez audientzia osoaren %10arengana iristea eskatu zaie eta horrek, gaur gaurkoz, euskarazko hedabideen kasuan, beren audientzia potentzial osoarengana iritsi beharra suposatzen du, izan ere, Iruñean euskal hiztunak biztanleria osoaren %10,5 dira.

Baldintzetan inolako hizkuntza irizpiderik ez jasotzeak agerian uzten du Iruñeko Udal gobernuak ez duela bertako euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko inolako asmorik eta, era berean, argi erakusten du erabat arrotz zaiola euskarazko hedabideek euskararen normalizazio prozesuan betetzen duten funtzio garrantzitsua.

Hizkuntza irizpiderik ez jartzea, hedabide guztiei gutxieneko audientzia maila berdina eskatzea edota balorazioan audientziaren gaiari puntu guztien %75 eskaintzea, guztiak ere euskarazko hedabideak lizitaziotik at uzteko trikimailuak izan direla pentsarazten digute.

Izan ere, neurri horiei esker, Enrique Maia buru duen udal gobernuak 600.000 euro banatuko ditu aurten 6 hedabidetan udal publizitatea txertatzearen truke, baina diru-multzo horretatik euro bakar bat ere ez da euskarazko hedabideetara bideratuko.

Era berean eta bukatzeko, kezka agertu nahi dugu urte hasieran Nafarroako Gobernuak 2020 urteko ikus-entzunezko ekoizpena laguntzeko argitaratu duen dirulaguntza deialdian egin diren aldaketengatik. Kasu honetan ere ez da hizkuntza irizpiderik ezartzen eta tipologietan edota diru-poltsetan egin diren aldaketek ez dute euskarazko hedabideentzat gauza onik iragartzen.

 

Iruñeko udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izana salatu nahi dugu

Iruñeko udalak euskarazko hedabideak publizitate instituzionalik gabe utzi izana salatu nahi dugu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.