Adiskidetzea
Adiskidetzea –
Nerea Ibarzabal Salegik Argia aldizkarian.
Aurki kenduko dituzte zuhaitz koniko erraldoiak, faroletako kable kiribilduak, Zorionak opa dizkiguten eraikinetik eraikinerako letra argitsuak. Gabonetako argiak izotzezko estalaktitak bezala urtzen dira urtarrileko eguzkitan, baretasunez eta isilpean. Laster Karmenak. Eta esan nezakeen “eskerrak amaitu diren Gabonak”, koinatu astunak, betekadak, irentsitako berbak, sentitutako nagia, genero roletan sakontzen duten familia nuklear aspergarriak. Esan nezakeen, esan eta kantatu izan dudan bezala abendu osoan. Baina Grintxa ere aspertu egiten da Grintx izaten, eta batez ere, aspertu egiten da bere senideak baino argiagoa, koherenteagoa, militanteagoa, modernoagoa –azken finean, hobea– dela aldarrikatzeaz.
Ohartu naizelako familiaren jarrerekin kritikoa izatea eta familia bera gutxiestea nahastu ditudala azken urteotan, eta uste dut ez naizela bakarra. Eta klasismo usaina hartu diot neure buruari kroketa eta langostino buruekin egindako lubakien atzetik nire senideak epaitu izan ditudan bitartean, nik, lehengusuekin batera, goi-mailako ikasketak dituen familiako lehenengo belaunaldiko kide naizen honek.
Ohartu naiz familiaren jarrerekin kritikoa izatea eta familia bera gutxiestea nahastu ditudala azken urteotan, eta uste dut ez naizela bakarra
Baliteke bati euskal kultura batere ez interesatzea, eta besteak Antena3-ko albistegiak ikusi eta sinestea, edota beste hori kristau praktikantea izatea, eta bere ondokoa oraindik dibortziatu ez izana bizitza perfektuaren irudia ez hausteagatik, eta, zelan ez, hangoak mutikoari baloia eta neskatoari panpina erosi dizkio zurean ere. Ados, zuk ez zenuke horrela egingo, kontra zaude. Baina harago begiratzen hasi, eta bata gai da aurrekontu mugatu batekin hogeirentzako janaria kozinatzeko inork ez bezala, eta baliteke feminismoa eta klase kontzientzia zuk baino barneratuago izatea zentzu askotan, eta ondokoak harritzen zaitu kontatzen dizunean gaztetan zelan ihes egin zuen etxetik, edo besteak zertzuk pasatu zituen alkoholaren zulotik irteteko, eta hangoak haurrei behar duten arreta eskaintzen die eta beraiekin jolasean ematen du egun osoa, baloiarekin eta panpinarekin, baina beraiekin.
Ez dut egin nahi familia batasunaren eta kritikotasunik ezaren aldeko apologiarik. Familia munduaren lagin txiki bat da mahai baten bueltan, eta noski zapaltzailea dena zentzu askotan, eta tradizionala gehienetan. Baina nekatu egin naiz estereotipoak kritikatzeaz, eta kritikatzen baditut, jakin nahi dut nondik begiratzen diedan, eta zein balio goratzen eta gutxiesten ditudan oharkabean.