Joker

Joker –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Sukaldean nengoen, gosari legea, Ortuzar jaunari zerga iraultzailearen kontua entzun nionean; laranja bat jaten ari nintzen. Ez dizuet zehatz-mehatz deskribatuko botatako barre algarak nolako eragina izan zuen une horretan bertan ahoan nituen laranja zatietan, eta zenbat denbora eman behar nuen geroago mahaia garbitu arte.

Hurrengo barre algara, guztiz kontrolik gabekoa, bota nuen Ayuso Madrileko presidente andreari Ogasun “ministro etarra” horrena entzun nionean; barre algara handiagoa izan zen handik gutxira Luistxo Fernandezek twitterren “batasuno” gaztelaniazko neologismoaren analogiaz “ministro ogasuno” espaidea proposatu zuenean.

Joker

Barrea ez da beharbada erantzunik zuzenena izango, zeren zerga iraultzailea eta ustelkeria berdintzea azak babarrunen ordez hartzea baita (izango du Ortuzar jaunak argudio funtsezkoagorik zerga iraultzailearen aurka) eta jadanik ez dagoen ETA batek ministro bat, Ogasuna kontrolatzeko, gainera, jarriko duela hurrengo gobernu espainiarrean pentsatzeak bat burutik oso sano ez dagoela baino ezin du adierazi.

Hala eta guztiz ere, aurreko ergelkeriek, eta egunero entzuten eta irakurtzen ditugunek, ez dute inolako eraginik izango: ez da inor lotsatuko, ez du inork barkamena eskatuko, ez zaio inori bururatuko esandakoa zuzendu behar duela. Eta ergelkerien tamaina handituko da: Casadok Sánchezen gobernuaren kontra prestatu dituen argudioetan ETA lehen lerroan dago, hurrengo balizko gobernuak ETAren agenda bere egingo duela zabalduko baitute popularrek. ETAren komodina edo jokerra ateratzea gero eta arruntagoa da. Jokerra. Barre algarak botatzea edo nahigabe handiz negar egitea, nik ez dakit zer egin. ETArena Biblian datozen madarikazio horiek bezalakoa dela dirudi: zuen seme-alabek ordainduko dituzte zuen bekatuak, eta zuen seme-alaben seme-alabek eta horien seme-alabek zazpigarren belaunaldira arte. Nahikoa da.

Batzuek ez dute ETArik behar nahi dutena egin ahal izateko edo zuritzeko; ETAren mamu hitsarekin nahikoa zaie. Gure barre algarek azaleratuko al dute noizbait maskara izugarri horren atzean dagoena? Badago beste modurik?

Joker

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.