Iñigo Sainz de la Maza, bidelaria: “Euskaraz mintzatzeak bakartasun sentimenduari aurre egiten laguntzen dit“
Iñigo Sainz de la Maza, bidelaria: “Euskaraz mintzatzeak bakartasun sentimenduari aurre egiten laguntzen dit” –
Iñigo Sainz de la Maza Getxon jaio zen 1991. urtean; baina une honetan, Mexikon bizi da. “Euskaraz mintzatzeak bakartasun sentimenduari aurre egiten laguntzen dit. Hain zuzen ere, euskaraz berba egiten dudanean, nire herria gertuago sentitzen dut”, azaldu du Iñigok.
Berak euskaltegi batean eman zuen izena, eta gehiago praktikatu nahi zuenez, Mintzaneten parte hartzea erabaki zuen. Ideia “oso ona” dela iruditzen zaio. “Erabiltzeko oso erraza eta sinplea da, eta edozein tokitik egin dezakezu. Oso erosoa da”. Bere bidelaguna Basauriko emakume bat da, eta astero hitz egiten dute, nahiz eta ez izan ordutegi finkorik. “Hasieratik oso jatorra eta lagungarria izan da niretzat. Bidelagun hobea lortzea zaila izango da” azaldu du getxoztarrak.
Zentzu horretan, bere ustez, Mintzaneti esker ideiak “hobeto” antolatzen dituela iruditzen zaio. “Hainbeste gai desberdinen inguruan aritzen zarenean, ideiak ordena egoki batekin adierazteak bere garrantzia dauka”, esan du.
Honengatik guztiagatik Mintzaneteko taldeari eskerrak eman nahi izan dizkio Iñigok: “Bai antolatzaileei, bai bidelagunei. Zuen ahaleginari esker, euskara praktikatzeko aukera daukat, eta nire euskara maila hobetzen ari naiz. Bitxia da, baina Mintzanetek lortu du nik Mexikon euskaraz hitz egitea eta hori eskertzekoa da”.