Euskal ikasleek euskaraz ez

Euskal ikasleek euskaraz ez –

Batzuetan euskara orbanez josita nahiz herrenka dabilen izakitzat dut. Badira, aldiz, euskara pauso ausart eta sendoko begitantzen zaidan egunak. Gure hizkuntzak gogo txarretik astinduak jasota, hor diharduelako, hala-hola bada ere. Beraz, antza, aldakorra du ikuspegia nire talaiako itsu-leihoak, bereziki, franko, nire aldarteak ekarritako lainoaren arabera. Eta lepoa egingo nuke zuetako askok ere euskararen inguruko ikuspegi aldakor hori ezagun duzuela zuon dorreetatik. Baina badago hizkuntzari egun berdotz eta lainotsuenetan ere ikusteko gai natzaion zerbait: makulutzat duen D ereduko hezkuntza, hura gabe ez litzatekeelako inondik inora ere zutik ibiliko.

Eta, gogora ezazue, horixe da nire talaiako ikuspegitik, eta lanbroa tarteko, nik euskarari ikusten diodan heldulekua: zer esanik ez, irakaslea naiz, eta euskal hezkuntza aitortzen diot egungo euskarari bizi-aseguru. Baina ez zaitez larritu nirekin bat ez bazatoz, beste zenbait auzokidek honako makulu hauek ikusten dizkiotelako: lege-estatusarena, euskarazko komunikabideena, hizkuntzarekiko jarrerarena baita familia-transmisioarena ere. Eta ez zaitzala ardura euskara makuluz jositako olagarrotzat baduzu: lehen aipatu bezala, bakoitzaren talaiatik euskara ezberdin.

Eta nolakoa da aipatutako D ereduko hezkuntza-makulua? Lehenik, beharrezkoa oso. Galzori argian legokeelako gure hizkuntza, dudarik ez, hura gabe. Azken batean, hari zor diogu egungo gazteek euskaraz ikastea. Aipatutako horren lekuko da 2036 urterako 24 urtetik beherakoek gazteria euskaldun osoaren % 83,4k osatuko duten datua, Euskal Estatistika Erakundeak aurreikusitakoa. Baina ez pentsa nik hautatutako makulu horrek ere euskararen sasoi ona bermatzen duenik: askok diote egurra denborak hanpatu nahiz estutua duela.

Euskal ikasleek euskaraz ezMakuluaren osasun txarraren adibide, hainbatek D eredua zalantzan jarri izan dute bertako ikasleek euskara erabiltzea ez duelako lortzen. Eta egia da: eskuarki, ikasle euskaldunek ez dute ezta ikastetxean ere euskaraz egiten haien artean. Are gehiago, niri gaztelania hutsean zuzendu izan zait ikasle andana.

Baina arras argi dut, nire talaiatik, goizeko behe-laino itxiena izanda ere, arrakala lazgarriagotzat dudala, adibidez, Euskadiko Eskola Kontseiluko “Euskadiko Eskola-hezkuntza. 2015/2017” txostenaren arabera, EAEko ikastetxe pribatuen %52,8 A nahiz B ereduetakoak izatea. Koka ezazue, bidenabar, nahi izatekotan, datu horren barnean, azken asteotan hainbestetan entzundako kristau eskola, eta atera itzazue ondorioak zuon dorreetatik. 

Gainera, ez genioke murgiltze-ereduari egotzi beharko, oro har, ikasleen arteko euskara-erabilera ez lortzea: gure euskalduntze-makuluan pitzadura asko seinala ditzakegu —eta horien inguruan arituko naiz besteren batean, testu propioa merezi baitute—, baina ez hori. Argi dut: ez diezaiogun aise seinalagarria den egur-puxketari beharrezkoak ez dituen kolperik eman. Zaila baita euskararen oasiek bakarrik konpontzea hizkuntzaren arazo nagusia eremu erdaldunetako basamortuetan. Gure murgilketa ereduko ikasleek gaztelaniaz egitearen errua ez baita, inola ere, soilik hezkuntzarena berarena. D ereduko hezkuntza euskararen makulu baita, eta ez hagaxka magiko.

 

Euskara ikasi / Aprender euskera

8 pentsamendu “Euskal ikasleek euskaraz ez”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2019-11-21 14:00

    Aupa Xabier, hi bezalako ainitz behar diagu.

  • Bilboaldeko ikastola batean ikasi nuen. Han, duela 25 urte pasa, haur guztiek esainolez egiten zuten, bi frikik izan ezik. Beraz, ez dut uste egoerak okerrera egin duenik ingurune erdaldunetan. Beste kontu bat da herri euskaldunen egoera, baina ez dakit horien berri.

    Bestalde, ikasleak honela banatzen dira EAEn ikastetxe motaren arabera:

    – publikoa: % 50,8
    – itundua: % 48,4
    – pribatua: % 0,8

    [iturria: http://actualidaddocente.cece.es/a-fondo/el-coste-publico-de-la-concertada-datos-oficiales-puros-y-duros/%5D

    Hor daukagu beraz gazteen laurden bat, gutxienez, euskaraz moldatuko ez dena nagusitan.

  • Xabier Madorran 2019-11-21 19:18

    Mila esker, Joseba!

  • Benat Castorene 2019-11-21 21:58

    Xabier ezdakit irakurri duzun JM Odriozolaren «Nora goaz Euskalduntasun honekin?» liburua.
    Nabarmen da ezin dela falta guzia eman Dereduaren gainean.
    Gaitza orokorragoa eta sakonagoa da. Hortik dator D ereduak ikasleen arteko euskara-erabilera ez lortzea.

  • Xabier Madorran 2019-11-21 22:37

    Hepa beñat! Ez dut irakurri, ez. Baina badut irakurria zure liburu horren inguruko Zuzeuko artikulua, eta zeharo ados nago bertan diozunarekin. Mila esker; liburua nire irakurzerrendan apuntatuta, ba!

  • Mikel Basabe Kortabarria 2019-11-22 11:00

    Epa, Xabier: interesgarria diozuna, benetan.
    Nik ekarpen txiki bi egin gura nituzke: lehenengoa, lanbide heziketa. Azken bost urteetako matrikulazio-datuak hartuta, D ereduak atzera egin du lanbide heziketan, hala erdi mailako zikloetan nola goi mailakoetan. B ereduak, berriz, gora egin du. Arazoak? Hainbat. Esaterako, D ereduko zikloen eskaintzak ez duela aurrera egiten. Esaterako, matrikulazio-garaian D ereduko zikloak eskaini bai, baina gero ez direla osatzen (eta, ondorioz, ikasleak B eta A ereduetara eroaten direla). Esaterako, 4/2018ko legearen 27. artikuluko 3. puntua, zeinean, zeharka bada ere, zonifikatu egiten baita lanbide heziketaren eskaintza, eta onartu egiten baita ikaslearen eskubidea barik, administrazioaren erabakia dela zein eredutan ikasiko duen lanbide heziketako ikasle euskaldunak.
    Bigarren arazoa, D eredua bera kolokan dagoela. Hezkuntza Sailak agindu digu Hezkuntza Legearen proiektua berehala igorriko diola Legebiltzarrari. Proiektu horretan ereduak ‘gainditzeko’ proposamena egiten bada, 3L sustatuta ikastetxe guztietarako, eta 3L hori Hezkuntza Sailak berak 2011n argitaraturiko ‘Hezkuntza-marko hirueledunaren esperimentazio-prozesua. Dokumentu markoa’ izeneko agirian jasotakoarekin bat diseinatzen bada, 3L eredu berrian euskarak, onenean ere, ikasgaien %60 izango lituzke. Alegia, gaur egungo B eredutik gertuago, D eredutik baino. Onenean diot, ikastetxearen erabakia izango baita zenbat ikasgai emango den euskaraz: %20 gutxienez, %60 gehienez.

  • Xabier Madorran 2019-11-23 11:04

    Kaixo, Mikel! Ekarpen ona lanbide heziketari buruzkoa! Esango nuke unibertsitateko gradu askok euskaraz aurre egiten dutela ikasleen motibazio instrumentala tarteko: C1 agiria lortzea —lehendakari-ohi bati zor ironikotan…—. Baina lanbide heziketan ez dago halakorik, gainera, ikasle horiek gerora izango dituzten lanak ez direlako, oro har, euskararekin lotutakoak izango.
    Eta hezkuntza-ereduen inguruko proiektu hori entzuna nuen, baina ez nekien norain izan zitekeen aplikagarri; mila esker!