Musika errebeldea Euskal Herria errebeldean?

Musika errebeldea Euskal Herria errebeldean? –

Bistan da garaiak aldatuz doazela, eta gu ere bai, haiekin batera, eta jakina, inor ez dago errealitate horretatik kanpo. Bilakaera, eraldaketa, nire ustez, behar-beharrezko prozesua da. Gure bizitzaren parte da, eta esanen nuke, halaber, gure izateari berez dagokiola. Obsesio erlatibistetan erori gabe, garai hauetan hain ohikoa dena bestalde, iruditzen zait oso ariketa sanoa dela berrikustea, maiz samar gainera, gure uste sakonenak.

Bizitzako alderdi guztietan eboluzionatzeko -pertsonal, sozial eta politikoan- bai axalekoak deritzogun horietan, bai sakonagotzat ditugunetan -hots, mundua ikusteko eta bertan egoteko moduarekin zuzenean lotuak dauden horiek-, ausardia handia behar da. Miresten ditut obsesionatu gabe baina etengabe pentsatzeko eta birpentsatzeko gai diren haiek, ikuspegi pertsonal nahiz kolektibo batetik. Kritika eta autokritika antidoto ezin hobea dira inertziei aurre egiteko; zeinak, askotan, gure bizitzak zuzentzen dituztenek bultzatzen baitituzte, zer izan, pentsatu eta egin behar duguna edo zer ez esanez.

Errazagoa da ezaguna zaigun horrek ematen digun segurtasunari heltzea, ezezaguna den egoera baten ziurgabetasunari aurre egitea baino. Confort guneek pisu handia dute, izugarria.

Musika taldeak ere ez daude eboluzio prozesu horretatik kanpo. Euskal Herrian asko dira antzeko prozesuak jasan izan dituztenak, emaitza hobeagoarekin edo okerragoarekin. Horietako batzuek arrastoa utzi dute belaunaldi askoren imajinario kolektiboan eta ezarritako ordenaren aurrean jarrera transgresore eta inkonformista izan dute, bai behintzat beren letretan. Haiek ere aldatu dira.

Musika errebeldea Euskal Herria errebeldean?
Argazkia: Libertinus.

Ukaezina da musika talde horiek izan duten eta duten eragin politiko eta soziala. Arazorik gabe alderatu ditzakegu, beren erreferentzialtasuna dela eta, lider erlijiosoekin. Haiek, ordea, Jainko bat goretsi behar izan gabe, lider espiritual bihurtzen dira. Are nabarmenagoa da hori pertsona eta talde “politizatuez” ari bagara; hots, harremana osatzen dute musika talde “politizatuak” eta publiko “politizatuak eta politizagarriak”, zeina gogotsu dagoen joera hegemonikoak esaten ez duena entzuteko, eta, horrenbestez, izugarri influentziagarria dena, salbu eta pertsonak espiritu kritiko handia ez badu.

Botere harreman argi bat da beraz. Publikoak naturaltasun osoz onartzen badu beraien erreferenteek abesten dituzten kantetan kritikatzen duten hori egitea, subordinazio harreman bat onartzen ari da. Hortik jainkotzera pauso bat dago, eta jainkotzetik kontzertu batetan jotzeko “pantera rosak” baldintza bezala paratzera beste bat.

Hausnarketa hau egiten dut berria ez den baina azken aldian zalaparta handia sortzen ari den fenomenoaren harira. Euskal Herrian erreferente izan diren musika taldeen “agur” bira amaiezinez ari naiz. Azkenak, Berri Txarrak eta La Polla Records taldeenak.

Ez noa baloratzera zergatik egiten dituzten talde horiek gisa horretako kontzertuak. Baina harridura eragiten dit ikusteak nola transgresoretzat identifikatutako bi musika talde horiek beren kontzertuak iragartzen dituzten beren jarraitzaileengan premia bizia sortuz, azken kontzertuak direlako aitzakian, bai eta jarrera konpultsibo bat ere, sarrerarik gabe geratzeko beldurrez eta bukatuko den produktua kontsumitu beharraren beharraz. “Black Friday” delakoaren kutsua hartzen diot nik, jendea modako zentro komertzialen ateetan metaturik, bulkaka, azken iPhone modeloa lortzeko. Kontsumo eredu kapitalista erreproduzitzeak transgresoretik gutxi du, edo batere ez. Bistan da “fan-boy” fenomeno akritikoa ez dela Operación Triunforena bakarrik.

Kontua ez da pertsona edo talde baten ibilbide guztia epaitzea gertakari baten bueltan, nahiz eta hagitz esanguratsua den. Ez dakit haiek aldatu diren edo ni aldatu naizen, baina iraganeko pertsonalitatea gurtzetik erabakiak hartzera iragan naiz eta gertakariak epaitzera esaten denaren eta egiten denaren arteko koherentziaren arabera. Animatuko nuke jende guztia hori bera egitera. Izan daiteke itxurazko punky bat izatearen eta ez izatearen arteko aldea.

Musika errebeldea Euskal Herria errebeldean?

2 pentsamendu “Musika errebeldea Euskal Herria errebeldean?”-ri buruz

  • Barka.Baina La Polla hori ez da euskal musika talde bat. Espainiar talde bat da, Kitto.

  • Eta behar da gero! Berri Txarrak eta la polla elkarren ondoan jartzeak, horrerk soilik, hik badakik zer den ” el capazico de las ostias”? Ez diat uste, baina jakin izatera, badakik zer datorkian.