[Euskal Gaizkileak] Berdabioko atea
[Euskal Gaizkileak] Berdabioko atea –
Gure herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute, urte luzeetan zehar. Hasier Etxeberriak, horretaz jabetuta, artikulu serie bat hasi zuen duela ez asko. Orain podcast bihurtu ditugu, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean. Kapitulu bakoitzean krimen bat, gaizkile bat, ezagutuko duzu, eta berau gordetzen duen abestia.
Gaur entzungo duzuna lehen pieza da, Mikel Laboak ezagun egin zuen ‘Goizuetan’ abestiaren atzean ezkutatzen den krimena kontatzen duena. Berdabio lapurraren eta Trabuko traidorearen artekoa, alegia. Hemendik aurrera ostegunero podcast berri bat zabalduko dugu. Serieak zortzi kapitulu izango ditu. Harpidetu eta entzun zure audio plataforman! Etzan. Itzaldu argiak. Igo bolumena, sakatu play… eta gozatu.
Emaitza hau lortzeko lan itzela egin behar izan du jende askok, eta bereziki azpimarratu nahi genituzke Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta IN Estudioetako Iñigo Etxarrik egindakoa. Gure eskerrik beroenak ere Joseba Irazoki musikari eta lagunari, sortu duen kanta ederrarengatik.
…
Spotify Apple Podcast Stitcher Google Podcast Ivoox
Itzelezko lana! Haur nintzela hain gustura aditzen nituen audio-ipuinak (Enkarni Genuaren “Erreka Mari” eta Disney-ren “Mulan”) oroitarazi dizkit zuon lanak. Musika, ahotsak… zorionak bene-benetan!
P. S. Behin baino gehiagotan hausnartu izan dut haurrei zuzenduriko euskarazko audio-ipuinek izango luketen harrera eta eraginaz. Nahiak ez al dit egia estaliko…