Zergatik egin dugu urritzera euskaldunok historia hurbilean?
Zergatik egin dugu urritzera euskaldunok historia hurbilean? –
Aurreko baten gure hizkuntzak nolatan iraun duen gaur arte arakatzen enplegatu nintzen, Nafarroako erresumaren XIV-XV-XVI-XVII. mendeetako egoera linguistikoaz Peio J. Monteanoren El iceberg navarro eta La lengua invisible-ren lanei segika; gaurkoan, aldiz, J.M. Jimeno Jurio handia gidari dudala (Navarra, Gipuzkoa y el Euskera. Siglo XVIII Pamiela. 1998), zergatik egin dugun urritzera euskaldunok Nafarroan eta Gipuzkoan, eta hemen agertuko diren arrazoiak estrapolaturik, egin beharreko aldaketak eginda, kasik euskararen lurralde guztian.
Hobeki ulertzeko ohar historiko batzuk ez dira alferrikakoak izango. Nafarroa, Gaztelak konkistaturik (1512-1521), Gipuzkoarekin batera administrazio barruti bakarra eratzera etorri zen, Espainiako erregeak izendaturiko erregeorde eta kapitain jeneral beraren agindupean, eta 1567tik aurrera Nafarroako Erresumaren zati handiena eta halaber Gipuzkoaren zati handiena eklesiastikoki Iruñeko gotzainaren mendean geratu ziren. Errepara dezagun ondotik, zer paper jokatu zuten Nafarroako botere zibilek, hots, erregeordearen erresumako funtzionarioek, auzietan lekukotzak eta informazioak jasotzen zituztenek (“receptores” gaztelaniaz), eta era berean maisuek gaztelaniaren hedatze eta euskararen murriztean -arras ezaguna-, eta halaber, eliza katolikoak jokatu zuen paper anbiguoa; batetik, botere zibilari jarraika, gotzainak buru zirela, maiz funtzionario eklesiastiko erdaldunak bidaliz leku euskaldunetara, eta bestetik, sermoietan eta konfesioetan eta deboziozko liburuetan ere -Larramendi, Mendiburu, Kardaberaz, J. Lizarraga Elkanokoa (idatziak, hil ondoan argitaratuak)-, euskara atxikiz hein eta garai jakin bateraino, gaztelaniaz ez zekiten euskaldunak katekizatzeko xedez.
Hasteko, hona kronologian mugarri garrantzizkoa, errege ilustratu baten etorrera -Jainkoaren pareko-: “Con la llegada de Carlos III de Castilla y VI de Navarra en 1759, se inició en todos los dominios hispanos una política de reforma de la enseñanza, con exaltación, implantación e imposición sistemática del castellano, como lengua oficial del Imperio. Para el Despotismo ilustrado el objetivo fue idéntico en todas partes: que todos los súbditos hablaran una misma lengua. Cualquier medio tendente a lograrlo sería válido” (63or.).
Zein neurri hartu zituen, bada, Carlos III.a despota ilustratuak? Euskarazko liburuak inprimatzea debekatu zuen (Kardaberaz. San Inazioren bizitza 1766. Hernaniarraren beste lauzpabost ere bai). Gaztelaniaren eta gaztelaniazko derrigorrezko irakaskuntza agindu zuen (Real Cédula de Aranjuez, 1768); merkatariei liburuak hizkuntza “nazionalean” idazteko betebeharra ezarri zien (1772); katalanez idatzitako liburuak argitaratzeko debekua eman zuen (1773), eta gaztelaniaren hedatze eta erresumako gainerako hizkuntza “erregionalen” debekuaren testuinguru horretan, eta urte-bitarte horietan, botere zibilari dagokionez, Nafarroako erresumako auzitegietan lekukotasunak eta informazioak jasotzen zituzten funtzionario erdaldunek Vidaurre abizeneko funtzionario euskaldunari Etxauriko bailaran esku hartzeko eskubidea ostu nahi izan ziotenean -Iruñetik dozena bat kilometrora dago Etxauriko bailara, orduan gehienik euskaldun elebakarrez populatua-, hiru errege eskribauek erdaldunen aldeko txostena egin zuten, gaztelania azken urteetan asko zabaldu zelako gezurrean oinarriturik, eta orduraino bi txanda egon ohi ziren bezala; bata, euskaldunentzat, eta bestea, erdaldunentzat, harrezkero txanda bakar bihurtu zen, euskaldunen kalterako.
Botere zibiletik eklesiastikora etorririk, 1742an, Gaspar Miranda Argáiz Calahorrako errioxarra jabetu zen Iruñeko elizbarrutiaz. 1765ean, gaixorik ohean zela, auzitegi eklesiastikoko lau informazio-hartzaile erdaldunek memorial bat igorri zioten, Jimeno Juriok dioen bezala, losintxaria forma aldetik eta arrazoi eta egitate aldetik “ez-benetakoa” (eufemismoa: “inverídico”). Hona zati esanguratsuena: “porque es bien notorio y público que en la llamada tierra Bascongada los más saben y todos entienden el castellano, especialmente en los pueblos crecidos, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros, no sólo a los niños, prohibiendoles el vascuenze, si no es a todo el pueblo”.Bada, berehala onartu zuen batere erreparorik jarri gabe gotzain gaixotuak, beste alderdi interesdunari entzun gabe, hots, funtzionario euskaldunei, eta kalteturik ateratzen ziren euskaldunei batere begirunerik izan gabe.
Azaldu zuten funtzionario erdaldunek aferak ebazteko sortutako hamar barrutitatik seitan erdaldunak aritzen zirela (“romanzados”) eta beste lauetan euskaldunak (“vascongados”). Eta, jakina, gotzain barrutiaren hirutik bi eta gehiago euskaldunen lurraldean zeudenez (“en la tierra Bascongada, que ocupa de tres partes del obispado las dos y mas”), lau horiek ez ziren gauza aferak azkar ebazteko, eta, horrenbestez, berek ere esku hartu nahi zuten euskaldunek parte hartzen zuten barruti euskaldunetan, zeren, bestela lan gutxi eginik gutxi kobratzen zuten, eta ez zeukaten aski berak eta beren familiak mantentzeko. Gainera, gorago adierazi bezala, gaztelania gero eta hedatuago zegoen euskaldunen lurralde horretan ere. Gezurretakoa zen irizpide horren arabera, euskaldun lurraldean eremu gaztelaniartua ezarri zuten, hartara han, euskaraz ez zekiten funtzionarioek lan egin zezaten. Gaixorik zen gotzainaren begirunez, hura zendu arte (1767) protestarik egon ez bazen ere, hura hildakoan, berehala heldu zitzaizkion kexak gotzain berri euskaldunari, XVI. mendez geroztik Iruñeko gotzaingora heldu zen lehen gotzain euskaldun baztandar J.L. Irigoien Dutari jaunari.
Bost funtzionario euskaldunek memorial bat igorri zuten leku euskaldunetan lan egiteko eskubidea galdeginez, eta Juan Irisarri errege-eskribau eta auzitegi eklesiastikoko prokuradoreak, delako eremu “euskaldun gaztelaniartu” horretan hogeita lau urte zeramatzanez lanean egoera oso ongi ezagutzen zuenak, funtzionario euskaldunekin bat eginez, honela azaldu zuen benetako egoera linguistikoa: “se habla por las gentes en lo general mas usual el baskuenz que el castellano, y, en prueba de esta verdad, es constante, publico y notorio que los parrocos y sus thenientes (.) predican el Santo Evangelio y explican la doctrina christiana en idioma bulgar bascongado (.) a escepcion de los sacerdotes, estudiantes, escribanos, médicos, cirujanos, boticarios, ministros de la real renta que se establecen de ronda en algunos partidos, sastres, zapateros, albéitares, herreros y arrieros o tragineros o gente nabegante, que por haver tenido sus principios en tierras romanzadas saben la lengua castellana, todos los demas comunmente son bascongados liquidos, y aun algunos de dichos oficiales, después que se han restituido a sus Paises (.) dejan a olvidar por falta de curso y egercicio lo que aprendieron de romance, y para mayor satisfaccion y seguridad de sus conciencias, regularmente se examinan en las pruebas en bascuence” (191).
Zer egin zuen Iruñeko gotzain euskaldun baztandarrak?, euskaldun funtzionarioen alde? Hark Calahorrakoak ez bezala, alde biei galdegin zien informazioa -gorago ez dugu esan Gipuzkoako Diputazioa ere kexatu zela, bere eremuko euskaldunei erdaldunak bidaltzeagatik-, eta azkenean halako erabaki salomonikoa hartu zuen, Jimeno Juriok honela epaitzen zuena: “Fue una solución política, con la que intentó contentar a las dos partes, pero realmente favoreció a una de ellas, perjudicando a la población de habla vasca” (76). Gure hitzekin esanda, baztandarra euskalduna baino lehenago gotzain espainiarra izan zen.
Bazen XVIII. mendearen azkenera, beraz, Nafarroaren iparraldera eta Gipuzkoaren gehienean esan dezagun, eremu euskaldun eztabaidaezin bat; bazen Nafarroaren hegoaldera eremu gaztelaniartu eztabaidaezin bat, eta bazen Nafarroaren erdialdean eta Gipuzkoako herri hazi batzuetan eremu elebidunagoa, errege funtzionario eta funtzionario eklesiastiko euskaldun eta erdaldunek “lana” lortzeko borrokatzen zutena, eta borroka hartan erdaldunek abantaila zuten agintari zibil eta eklesiastikoak alde zituztelako.
Administrazio zibil eta eklesiastikoaren eragin erdalduntzailetik aipa dezagun albait laburren, erdarazko irakaskuntzaren eragina. Oso gauza jakina da, baina aipatu beharra dago. XVIII. mendearen azkenaldera hasi zen irakaskuntza zabaltzen, eta horrekin batean burdinazko eraztunaren erabilera makurra. Ezaguna da. Horren eragina alimalekoa.
Ez nuke konklusiora iritsi nahi, Hondarribian gertaturiko egitate bat kontatu gabe, oso esanguratsua izaki. Mugatik hurbil egoki -euskal ikuspegitik sasimuga-, XVI. mendetik soldadu garnizio espainiar bat egoten zen, Espainiako Filipe II.aren garaitik ugaritua. Euskaraz ez zekiten soldadu eta bereziki ofizialen begirunez, erabaki zuten agintari zibil eta eklesiastikoek Hondarribian goizeko meza nagusia erdaraz ematea, eta euskaldunentzat arratsaldean predikatzea euskaraz. Garizuma garaian berdintsu. Urte luzez iraun zuen praktika horrek.
Izenburuan jarritako galderari erantzuten jarrita, botere zibila eta eklesiastikoa elkarri eskua emanda -Espainiako erregeren Nafarroako erregeordea, eta Iruñeko gotzaina- aritu ziren kontzienteki, aginte kasik absolutuaren inposizioz, bereziki Carlos III.aren erregetzatik aurrera, Euskal Herrian euskaldunak urritzeko eta gaztelaniadunak ugaltzeko politikak aplikatzen, eta hizkuntzen artean “nazional” eta “erregional”-en arteko bereizkuntza egiten, hari prestigioa emanez eta honi kenduz, eta horren eraginez, eta horri erantsirik gerra karlisten ondoriozko foruen galera -autonomia politikoa alegia-, eta 1936ko gerraren eragin kaltegarri alimalekoa, etorri gara honaino. Ez da lekua botere autonomikoek egoera hori leuntzeko egindako politikaren balioespena egiteko.
* Irudiak erredakzioak jarriak